Kale ilun batetik gizon misteriotsu bat ageri da, noraezean. Acab kapitaina da, Moby Dick baleak bere hanka kendu zionetik berarekin obsesionatuta bizi dena. Beti haserre dagoela badirudi ere, animaliei dien lilura erabatekoa da. Beregandik oso gertu, Ismael, istorio honetako protagonista, bere bizitzako abenturarik ederrenaren atzetik abiatuko dena: baleak gertutik ikustera. Bi pertsonaia hauekin batera, zetazeoak eta itsasoa maite dituen Kikeg arpoilari ausart eta indartsua ageri zaigu oholtzan.
“Hemendik aurrera gehiago jakin nahi duena hurbil bedi antzokira!”, dio Eriz Alberdik (Bilbo, 1979). Berarekin batera, Aritza Rodriguez eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreek osa-tzen dute Moby Dick antzezlanaren aktore-taldea. Orotara, beraz, hiru pertsonaia; baina, beraiekin batera, berebiziko garrantzia duen musika ere protagonista dugu oholtzan: Fran Lasuenen lanaren fruitu diren doinuak. Eta emaitza, Gorakada an-tzerki taldearen eskutik datorren familia osoarentzako ikuskizun eder eta berezia dugu, erritmo bizi eta umore dosi handiak dakartzana.
BALIABIDE GUTXIREKIN Modu “berezian” taularatu da obra hau, Alberdiren esanetan. Eszenografiari eta atrezzoari dagokionez, adibidez, oso errekurtso gutxi darabiltzate, baina erabilitakoak “ezberdinak eta bereziak” dira. Jantziak, esaterako, denak marinelen estilokoak dira. Elementu gutxirekin, baina irudimen handiarekin eta antzerki-joko ugarirekin sorturiko obra dugu Moby Dick. Publikoak “begien aurrean ikusten ez duen zerbait irudimenaren bitartez irudikatzea” izan da Gorakadaren xedea sei urtetik gorako umeei zuzenduriko ikuskizun honetan. Dena den, Alberdiren hitzetan, “obra honetan publikoak ez du parte-hartze aktibo bat”. Kasu honetan, “publikoaren zeregina, eseri eta kontatu behar diegun istorioarekin gozatzea da. Ez gehiago eta ez gutxiago”, argitu du.
Horrez gain, Herman Melville idazlearen eleberriaren “handitasuna” islatzen saiatu direla azaldu dute lan-taldekoek. Literaturako artelan hau oso-osorik taularatzea “ezinezkoa” den arren, bi hilabete egon dira jo eta ke lanean, obra taularatu aurretik. “Dramaturgiaren aldetik, Julio Salbatierraren egokitzapenarekin hasi ginen lanean -dio Alberdik-, baina edozein lan prozesutan gertatzen zaigun bezala, modu kolektiboan landu genuen ikuskizuna azkenean”. Jose Carlos Garciaren zuzendaritzapean eta gainontzeko lankideekin elkarlanean, obraren sorkuntza prozesua “interesgarria eta nahiko erraza” izan dela dio Alberdik. Momentu kritikoren bat ere izan zutela aitortu du aktore bilbotarrak, baina “umorea eta giro ona ez ditugu sekula galdu, eta hori beti da eskertzekoa”, azpimarratu du.
Gorakada konpainiaren azken ikuskizunak laudorio ugari eta kritika onak erdietsi ditu urrian estreinatu zenetik, eta lan taldea pozik dago. “Asko disfrutatzen dut beti antzerkia egiten, eta Moby Dick-en kasuan are gehiago ari naiz goza-tzen, opari bat izaten ari delako”, aitortu du Alberdik. “Gainera, emanaldi asko egin ditugu eta jendearen erantzuna oso ona izaten ari da. Antzerkiaren magia eta momentuan sortzen den feedback hori, Moby Dick-en kasuan, oso positiboa eta potentea izaten ari da”, gaineratu du aktoreak. Besteak beste, Azpeitiko XXXIII. Euskal Antzerki Topaketetan Ikuslearen Saria irabazi du piezak.
Euskal Herrian badituzte zenbait emanaldi iragarrita datozen asteetarako. Otsailaren 20an, Irungo Amaia Antzokian izango da ikusgai antzezlana; otsailaren 27an, Eibarko Coliseoan, eta, martxoaren 5ean, Mungiako Olalde Aretoan izango da zita. Gure mugetatik at ere ibiliko dira Gorakadako kideak aurki. Hil honetan bertan, adibidez, Xixongo Umeentzako Antzerki Arteen Europar Azokan (FETEN) dute hitzordua. Jovellanos antzokian izango da hori, hilaren 24 eta 25ean. Alberdiren aburuz, “erakusleiho aparta” izango da hau taldearentzat, espainiar Estatuko eta Europako haur eta gazte antzerki topaketa garran-tzitsuenetakoa baita honakoa. Aurtengoa, gainera, jaialdiaren 25. edizioa izango da, eta urteurren berezi horretan parte hartzeak ere “puntu berezi bat” ematen diola gaineratu du Alberdik.