Kultura eta tradizio ugaritako ordezkariak hartu zituen Kanada ekialdeko Eskozia Berria probintziak urrian, istorio eta kantuen transmisioaz gogoeta egiteko eta elkartrukea bultzatzeko. Jon Maia zumaiarra euskararen eta, bereziki, bertsolari-tzaren berri ematera joan zen. Hiru ekitalditan parte hartu zuen eta gainerako partaideak aho zabalik utzi zituen, gehienek ez baitzekiten Euskal Herrian bertsolaritza hain bizi dagoenik.

Cape Breton uharteko unibertsitateak antolatu zuen nazioarteko topaketa. Lehenago ere Kanada aldean ibilia denez gero, Maiak baditu han ezagun batzuk, eta haien bidez iritsi zitzaion gonbidapena: “Stephen Augustine mik-mak nazioko buruzagiak Cape Bretoneko unibertsitatean egiten du lan eta hark bazuen bertsolaritzaren berri, nik kontatutako euskal balea-arrantzaleen istorioak entzunak baititu”, azaldu du Maiak. Hain zuzen ere, mik-mak indigenek harreman sakona izan zuten beren lurretara iritsi ziren euskal arrantzaleekin, XVI. eta XVII. mendeetan.

Antolatzaileek egitarau bete-betea prestatu zuten eta Jon Maiari hiru ekitalditan parte hartzea egokitu zitzaion. “Esperientzia polita izan zen, bai elkar ezagutzeko eta baita gurea ezagutzera emateko ere”, gogoratu du zumaiarrak. Sydney hiriko liburutegian ipuin kontalari aritu zen lehendabizi. “Euskal baleazaleen istorioak kontatu nizkien hango haurrei, neuk idatzitako ipuin batean oinarrituta”. Umeek jarritako gaiekin bertsotan ari-tzeko tartea ere izan zuen, “itzultzailearekin egin genuen saioa eta hizkuntzarekin egindako jolasa ezin ulertuta gelditu ziren, baina bertsoaren funtsa zein den igarri zutela uste dut”. Euskal baleazaleek Kanadako kostaldean izandako bizipenak kontatzea aberasgarria izan zela deritzo Maiak, “gehienek ez baitute ezagutzen beren lurraldearen historiaren zati den hori”.

DENAK HARRITUTA Asier Altunaren Bertsolari filma aurkeztu zuen Maiak ondoren. 2011n arrakasta handiz estreinatu zen Euskal Herrian eta, lau urte geroago, Kanadan ere eman zuen zeresana. “Filma ikusi eta jendea harrituta gelditu zen, gehienek ez zekiten ezertxo ere euskaldunei buruz”, dio Maiak. Bertsolaritzaren nondik norakoak azaltzen ditu dokumentalak, “ez zuten espero Europan jarduera tradizional batek halako eragin soziala izan zezakeenik”. Filmaren kopia andana eskatu zizkioten Maiari, interes bizia eragin baitzuen Eskozia Berriko topaketetan batutako adituen artean.

Kantugintza tradizionalari eta inprobisazioari buruzko emanaldi batean ere parte hartu zuen Maiak, Kanadara egindako bidaia biribiltzeko. “Quebec-eko abeslari batekin eta New Yorkeko juduen komunitateko emakume batekin batera aritu nintzen”, oroitu du zumaiarrak. Berriro ere, entzuleak ahoa bete hortz utzi zituen. “Han bildutako guztien artean, benetan inprobisatzen zuen bakarra neu nintzen, beste guztiek iraganeko koplak errepikatzen zituzten”. Antolatzaileek “sorpresa handia” hartu zuten, “beraiek ere ez zuten espero euskal bertsolaritza hain gauza berezia zenik”. Izan ere, Maiak kontatzen duenez, Cape Breton unibertsitatearen topaketetan elkartutako artista eta adituek oso modu akademikoan lantzen dute gaia, inprobisazioa iraganeko kontua balitz legez, “ia objektu arkeologikoa da beraientzat”. Hartara, ezuste gozoa izan zen, gaur egun oraindik, Euskal Herrian inprobisazioa jarduera bizi-bizia dela jakitea.

Gure ondarearen berri emateaz gainera, ikasteko aukera ere izan zuen Jon Maiak Kanadako egonaldian. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak badaramatza zenbait urte atzerriko beste tradizio batzuekin elkartrukerako bidea lantzen eta, Maiarentzat ere, han aurkitutakoa ez zen erabat berria izan. Hala ere, “konpartitutako esperien-tziak” nabarmendu ditu. “Ikusten duzu mundu osoan dagoela jendea, ahozko literaturaren bueltan mugitzen dena”, dio, “azken finean, ondo dago ikustea gure tradizioa munduarekin konektatuta dagoela, ez garela irla bat”.