Itsasoa? “Biderik gabeko bidea.” Horrelaxe definitu zuen Pierre de Lancrek, Tableau de l’inconstance des mauvais anges et démons (1612) tamalez gogoangarrian. Definizio horrekin ur eremu itzel handi hori kristauarentzat perilez betea dela ulertarazi nahi zuen, baiki, Lapurdin XVI. mendean sarraskia eragin zuen hark. Bide zehatzik ez den lekuan nork berea egin lezakeelako perilez betea hain zuzen.
Sarraski Nagusian batetik Alemania eta Austriar-Hungariar Inperioa eta, bestetik, Frantzia eta beronen aliatuak Europa Mendebaldeko erreketan berdinketa teknikoara iritsi zirelarik, balantzak alde batera ala bestera egin itsasoan erabaki zitekeen. Ez zen ideia oso berria Europako gerren historia luzean lehorrean erabaki ezin zena uretan erabakitzen ahalegintzea. Eta ez zen azken aldia ere izango. Bigarren Mundu Gerran Alemaniak berriro ekingo baitzion Lehenengo hartan hartutako bideari. Urpekontzien bidezko gudari, alegia.
Urpekontzia isila da, ez du uhararik sor- tzen eta ez du biderik behar itsasoan, berak egiten baitu berea. Ustez behintzat. Eta egia esan, halaxe ziren XX. mendeko hastapenetan. Urpekontziak ez dira XX. mendekoak, ostera. Haatik, mende horrexetan, eta hain zuzen ere Sarraski Nagusian, hartu zuen abiada horien erabilerak. Biderik gabeko bide hartan, ostera, minak ziren Lancreren definizioarekin guztiz bat zetozenak. Urpean baina urazaletik ez oso tarte handian nabigatuz egiten dute bidea minek. Eta min handiak eragin ditzakete.
“Hilaren zazpian heldu ginen Ushant deri-tzon Frantziako uhartera, frantziar gudon-tzi handi batek gelditu ginduenean gure agiriak eta abar ikusteko. Berak adierazi euskun egun hartan lehenago ingeles gudontzi handi bat joan zela alemaniarrek ipiniriko mina bat jota: hirurehun baino gehiago ito ziren. Goian begoz errukarriok.”
Hitzok 1914ko irailaren 11 eta 13a bitartean idatziak dira, Middlesbrough-en, eta Euzkadi egunkariak argitaratuak. Sina-tzailea J.A. Bilbao Batxi da. 1913 eta 1916 bitartean egunkari horretan emandako artikuluen bilduma den Hau mundu arrano hau! (Susa, 1997) liburutik hartu dugu. Zergatik 1916ra arteko artikuluak bilduman? Itsasoan biderik gabe zebiltzan mina haietako bati galdetu beharko. Bizkaiko Arratzuko seme Batxi hornikari, hots, maiordomo zebilen, Bayo izeneko ontzia horietako batek jo baitzuen. 1887an jaioa, Jesusa Zabalarekin ezkondua eta hiru alabaren aita, idazle izateko jaioa zen Juan Bautista Bilbao Elgezabal. Horren lekuko, idatzirik utzi zizkigun kronikak.
Batxiren kroniketan eta Sarraskiari dagokionez, garaiaz eta garaiko giroaz hausnar egiteko bada gai franko. Britaina Handiko portu-hirietan bizi den giro aberkoiaz idazten du, esaterako. Dotore eta airos idatzi ere. Cardiff-en geldialdiak egiten dituenean eta. Beti aldarte onez. Itxuraz! Hartan itsastarrek erraietan garraitzen zuten izu-laborria ere agertzen da. Tarteka. Ez baitzen igartzen gaitza zer gerta zitekeen.
“Agur abertzaleak -dio halako batean-. Arrisku handietan gabiltza itsastarrok, ba ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina batek jota. Otoi eizue ba Ama Birjinari itsasoan gabiltzan gizon txiroen aldez”.
Ama Birjinak ez zuen haien aldez egin. Zelan? Ezin! Hau mundu arrano hau! apailatu duten Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik sarrerakoan diotena ekarri behar da hona, itsasoan bidea zerk egiten zuen, eta zeren truke, hobetoxeago uler dezagun:
“Nabierek mozkin gaitzak egin zituzten neutraltasun plantan batarekin eta bestearekin trafikatuz, Ingalaterrarekin bereziki. Ingalaterra, kontuan har dezagun, beligerantea zen. Fleten prezioak oso gora egin zuen, arriskua estakuru. Cardiffera eginiko itsasketa bakarrean amortizatzen zen ontzia 1915-16 urteetan. Bat-ek, Uriarte-k, Vascongada-k, Bilbaina-k, Nervion-ek, Sota-k... irabazi itzelak izan zituzten. Printzipioekiko eta pertsonenganako urrikirik gabeko merkataritza honen ondorioz Bizkaiko itsasetxeen 59 ontzi galdu ziren, 100 marineletik gora ito (?) Sota y Aznar konpainiak %6ko mozkinak zeuzkan 1910ean; %112koak 1916an. Ramon de la Sotak Knight Commander of the British Empire titulua hartu zuen, Britainia Handiko gobernuak emana.”
Biderik gabeko bidean hil zirenen arteko beste bat, Batxi. 1916ko urtarrilaren 16an egin zen. Haren heriotzari bekaitzez begiratu ahal ziezaioketen, agian, Herioa Isila ezagutu zutenek.