Labetik atera berria, jada kalean da Pop pilulak fanzinearen bigarren alea, euskaraz idatzitako pop-kulturari buruzko argitalpena. Hasierako helburuei eutsiz, atzerrian izan diren kultur adierazpen herrikoi eta garaikideei begira dago egitasmoa, eta, bere baitan, batez ere, musika, literatura eta zineari buruzko hausnarketak, informazioak, iritziak eta irudiak topa daitezke, betiere XX. mendean Mendebaldeko gizarteetan gertatu zen pop eztandaren galbahetik pasata.

Euskal unibertsoak ere badu bere lekutxoa fanzine honen orrialdeetan. "Fanzinearen jomuga Euskal Herritik kanpo dagoen pop-kultura da, baina, euskaraz idatzita izanik, Euskal Herriko pop-kontuak ere txertatzen dira, ezinbestez", azaldu du Julen Azpitarte argitalpenaren zuzendariak.

Horrela, ale berri honetan, Free Cinema zine-eskola eta Val Lewton ekoizlea, Sonic Youth rock taldea, 1972. urtean Euskal Herrian egon zen William S. Fischer produktorea edota William S. Burroughs idazle estatubatuarrarekin batera, Jotakie euskal taldea eta Herri Gogoa diskoetxeak 70eko hamarkadan argitaratutako Akelarre Sorta disko-sailari buruzko artikuluak ere irakurri ahal izango dira.

Kolaboratzaile berriak Iazko abenduan kaleratutako lehenengo aleak izandako harrera ona ikusita, bigarren bat kaleratzeari ekin zion Azpitartek. Horrela, handietara jo dute, eta, berrikuntzen artean, XX. mendeko abangoardiei buruzko gehigarria osatu dute, baita 20 orrialde gehiago gehitu ere. Halaber, kolaboratzaile berriak daude, gehienak kulturgintzaren arloan aski ezagunak: Iñigo Bidetxea, Anton Iturbe, David C. Feck, Mikel Lizarralde, Fermin Etxegoien, Danele Sarriugarte, Juanra Madariaga, Michiko Kamba, Goizalde Landabaso, Ugarte Yurre, Xabier Sagardia eta Koldo Almandoz. Baita Julen Azpitarte bera ere. "Egitasmoa erabat autokudeatua da, eta, nik zuzendu arren, lagun askoren esfortzuarekin eginda dago", onartu du proiektu honen bultzatzaileak.

Hortaz, kolaboratzaileen esker oneko lanarekin osatzen da fanzinea, gehienetan adiskidetasuna tarteko. Kolaboratzaileek askatasun osoa daukate gaiak aukeratzeko, noizbehinka Azpitartek editore lana egiten badu ere. "Ildo editoriala neuk zehazten dut, baina kolaboratzaileen proposamenetatik abiatuta; dena dela, gehienetan iradokizunak onartzen ditut", argitu du.

Pop-kulturan diseinuak garrantzi handia izan du beti, eta horrela da fanzine honetan ere bai, Iñaki Landaren eskutik. Zuri-beltzean argitaratzea erabaki zuten, haien ustez, "kolore horien uztarketa edukiekin egoki ezkontzen zelako". Edonola ere, Pop pilulak irakurtzeko argitalpena dela argi utzi nahi du zuzendariak. "Fanzinea edukiz beteta dator, letra asko dago, irudiek ere garrantzi handia duten arren", azpimarratu du.

Funtsean, fanzinea zaleen grina da, paperean islatuta, eta hori ondo daki Azpitartek. Izan ere, jatorrian, berak irakurri nahi zuen aldizkaria sortzearekin lotuta dago egitasmo hau. Fanzineak gurean aspaldi izandako indarra ia galduta egoteak ez zuen kazetaria geldiarazi. Alta, sarearen berehalakotasunaren aurrean, paperak duen xarma aldarrikatzen du. "Fanzineak denbora behar du; egiteko, jendearen esfor-tzua batzeko, eskuratzeko, eta, jakina, irakurtzeko. Finean, sarea norbanakoarekin lotzen dut nik gehiago; fanzine bat, berriz, talde-lanarekin", arrazoitu du.

Halere, fanzineek izandako ospe hori galdu egin dutela onartu du Azpitartek; prozesu horretan sareak izan duen eragina azpimarratuz. "Euskarri merkea da, zabalkunde handikoa... Egun, fisikotasunak pisua galdu du, euskarria baztertu da, gizabanakoak helduleku fisikoak derrigorrean behar dituen arren", gogorarazi du.

Aurkezpenak Bilbon eta Bakion Pop Pilulak fanzinearen bigarren alea Bilbon eta Bakion aurkeztuko da, ekainaren 6an eta 7an, hurrenez hurren. Sare sozialen eta euskal hedabideen bitartez fanzinearen berri emateaz gain, jendearekin mintzatzea eta ondo pasatzea bultzatuko da aurrez aurreko ekitaldi informal hauetan.