Iñigo Aranbarri, Kennedy presidentea hil zuten urtean jaio zen, irailaren 20an, Sofia Lorenek 29 urte bete eta frankistek Azkoitia mendean hartu izanaren 27. urteurrena ospatu zuten egun berean. Gerra garaiko ezbeharrek bizi-bizirik zirauten azkoitiarren gogoan, baina garaileek suntsiketaren komenentziazko kontaketa antolatua ezarri zieten gerra eta itxaropena galdu zituztenei. Ingurumari horretan, historia ofizialarekiko mesfidantza eta geure artean indarrean dauden beste mesfidantza asko sendotuz joan ziren. Teknologia distiratsurik gabeko garai hartan, Iñigo Aranbarri joko eta hitzen artean koxkortuz joan zen, 60ko eta 70eko hamarkadetako neska-mutil gehienen antzera. Gerora, hitzen arteko erresuma horretan aurkitu du, euskara irakasle eta idazle gisa, helduaroko egonleku eta begiratokia. Literatura biradera baten modukoa da Iñigo Aranbarriren eskuetan, eta ondo koipeztatua duen irudimenezko tramankulu horri esker, Azkoitiko Zalduntxoen liberalismoa eta globalizazioaren barrabaskeria ekonomikoa parekatzen dizkigun eleberria plazaratu berri du: Apirila (Susa).
Eldarnio batez baliatuta, Azkoitiko Zalduntxoen begitarterik ilunena erakutsi diguzu, gaur egungo langabetu baten begiradaz...
Apirila ekonomia-legeen dolareak txikitutako gizon baten istorioa da, Esteban Alberdirena, eta bere inguruarena. Gertatzen dena da gaur egungo gizona kolpe baten ondorioz eldarnioan erortzen dela, bi mende eta erdi aurreragoko amets batean, XVIII. mendeko matxinada betean itzartzen da, eta han ere Esteban Alberdi da, eta gosea dago herrian, eta Azkoitiko Zalduntxoak dira herri xehearen kontrako errepresioaren ardura dutenak?
Seguraski euskaldun askok ez dakite nor-tzuk izan ziren Azkoitiko Zalduntxoak, eta nolako eragina izan zuten geure artean Ilustrazioaren jakintzazaletasuna txertatzeko ahaleginean.
Hor ezer gutxi egin dezake idazleak gutxieneko kontestualizaziotik harago. Egungo logika neoliberal basatiaren antzeko egoera behar nuelako sartu ditut korapilo horretan pertsonaiak, liberalismoaren sorreran. Gertatzen dena da Euskal Ilustrazioaren B aldea ager-tzen zaigula hor, alderdi ilunena, eta hor ez da jakinzaletasunik, boterea erakutsi beharra baino, larderia, herri gosetuak irainduta sentitzen den oligarkia bat, mendeku hartu nahi duena pasarazitako laidoagatik. Ez dago zertan harritu. Logikoa da.
Historia ebatsi dioten herria da geurea?
Hemen galdera da zergatik Euskal Ilustrazioaren kontakizuna transmititu zaigunean bazter utzi den 1766ko matxinada. Azkoitiko Zalduntxoen irudi idealizatua eman zaigu, inori mesede egiten ez diona. Ostu digute historia, baina ez Madrildik edo Parisetik. Hemen bertan ebatsi digute, etxean. Nahita.
Senitartekoen arteko ezinikusiak dira konpontzen zailenak...
Kontua da hemen nekez ikusten dela senitarkoen arteko ezinikusirik, ez orduan eta ez orain. Klaseen arteko talka bat da, lur jabe handien eta herri xehearen artekoa. Maiorazgoek edonon zituzten lurrak; goseak harrapatutakoek, berriz, lantzen edo zapaltzen zutena ere ez zuten eurena. Bestalde, 1766ko apirilean Azkoitian piztu zen matxinada ez zen gertaera apartekoa izan. Europa guztian ageri dira, ekonomia ereduak dira alda-tzen ari direnak, gosearen matxinadak bezala dira ezagunak.
Historia ofizialaren egileei ez zaie gehiegi gustatzen garaituen oroimena?
Baldinbaitere. Bide bazterretako hobiena ez da asmakizun frankista bat. Metafora ia perfektua da.
Baina hildakoek badakite itxaroten, ez dute presarik mendekua hartzeko?
Bai bizidunen artean nork lagundu badute? Gainera, hil eta gero, zenbat irauten dute bada bizirik? Bi belaunaldi? Bi eta erdi? Askotan hori ere ez.
Historia ofizialaren faltsukeriaren aurrean, herri oroimenaren balioa aldarrikatu izan duzu.Kezka bat dago horren atzean. Hala ematen zaigunean, memoria ez bezala, historia ez ote den daten eta datuen zabortegi handi bat, ezgauza pertsonei bizitzen laguntzeko.
Baina oroimena bera ere ez al da iraganaren errekreazio subjektibo bat?
Dudarik gabe. Horregatik idazten dut. Literatura, esan nahi dut. Ikerketara dedikatzera, historialari negargarria nintzateke. Literatura da seguru asko tresna egokiena errekreazio subjektibo horiek batzeko, eurekin jolas egiteko, zurrunkeriarik gabe, libreago aritzeko? eta era berean historia-eskuliburu batean bezain zintzo jarduteko.
Oroimenak iragana oraina baino hobea izan zela iradokitzen digu sarri. Hori al da oroimenaren arriskua?
Ez nuke hobea hitza erabiliko. Iraganak beta izan duelako dator zamatuago, bai datuz, bai errekreazioz, bai ahanzturaz, bai sentimenduz? Beharbada ezinbestekoa da iragana norberaren neurrira ekartzea bizitzen segitu ahal izateko.
Euskaldunongan oro har, eta bereziki gazteengan, geure herriaren iraganarekiko jakinmina dagoela uste al duzu?
Edozein kulturatan, edozein gizartetan, ez dut zalantza izpirik pertsonak tiraka sentitzen duela iragana. Denok dakigu ez garela hutsetik sortuak. Horren kudeaketa soziala da alda-tzen, moldatzen edo manipulatzen dena, garaien arabera.
"Iragana kontrolatzen duenak etorkizuna kontrolatzen du", Orwellen hitzetan. Zer etorkizun daukagu euskaldunok?
Santi Leonék azaldu zuen hau zoragarri Euskal Herri imajinario baten alde lanean. Izenburuak dena dio.
Beraz, ez duzu sinesten Sisiforen madarikazioan; edo ez duzu uste euskaldunok madarikazio horren pean bizi garenik...Ez da madarikazio kontua, inondik ere. Kasu honetan, zer da errepikatzen dena?
Neurri batean orduko sistema ekonomikoa da, eta haren logika, orain bizi dugun egoeraren antz ikaragarria hartzen duena, hortik Esteban Alberdiren ametsa. Liberalismo primitiboa zen orduan, neoliberalismo eboluzionatua orain. Izatekotan, biktimak dira bietan parekoak. Eta harri horrek berdin harrapatu du azpian euskalduna zein erdalduna. Anton Gillen da, eta Gillen, Anton.
Iragana bezain garrantzitsua dira zuretzat hitzak, hitzei itsatsitako konnotazioak eta hitzen arteko hutsunetan iradokitzen diren sentimenduak? Horretan ere besteren menpeko gara euskaldunok?
Hitzen bidez azaltzen dugu garena. Hitzen bidez ahalegintzen gara geure tokia topatzen munduan. Eta horretan, berebiziko garrantzia du hitzen aukeraketak. Nahiko lan badugu bestela ere, pozoituta datozkigunekin txorakeriatan ibiltzeko. Ederra da sinestea badela hi-tzen eta hutsuneen arteko joko hori, konnotazioz, esperientzia komunez, iradokizunez eta askatasunez interpretatzeko gunez betea.
Historiagintzan, kulturgin-tzan, literaturgintzan? 'think global, act local'? Mundua leku guztietan dago, Atxagak dioen bezala?
Erabiltzen ditugun zenbakiak arabiarrak dira, eta gure hitzak mailegu etengabeen ondorio. Georgian senidetzat gaituzte, arameoz hitz egiten omen zuen gizon bati izan zaion fedeagatik joan da jendea gerrara, trikitixako soinu-txikia Italiatik heldu zitzaigun, urrea eta zilarra Bolivian ostu genuen, janzten ditugun arropak Bangladesheko esklabuek egiten dizkigute, eta gure haurren jostailuak Txinatik datoz? eta hemen bizi gara geure hizkuntza menostu honetan, ikusi nahi ez gaituzten auzo gorilatuen artean. Bai, euskaldunok munduan pareko asko dugu.
Amaitzeko, zein da hurrengo liburuan urratu nahi zenukeen tabua edo argitu nahi zenukeen iraganeko argiluna?
Paisaia. Badut hainbat apunte euskal literatura eta paisaiaren arteko harremanaz. Hasi nahi nuke horiek atontzen, garatzen, sarrera berriak egiten. Bada hor indarrak batuz gero egin nahi nukeen lan polit bat.