Sekula ez gara talde masibo bat izan, gure irismena dena da, eta zentzu horretan gure diskoek ez daukate beste talde batzuek daukaten oihartzuna. Baina nik uste, taldeak gutxika lortu duela ikusle kopuru bat; beharbada, ez oso handia, baina badauka jarraitzaile kopuru bat atzetik". Argi bezain umil kokatu du Imanol Ubedak (Tolosa, 1973), Bide Ertzean musika taldeko gitarra jole eta abeslariak, Tolosako taldea esparru musikalean.

Taldea jaio zenetik 15 urtera, 77 (Gaztelupeko Hotsak) izeneko bederatzigarren diskoarekin heldu dira tolosarrak. Hamabi abesti berri eta Garbiñe Ubedak eta Koldo Izagirrek egindako bi kontakizun biltzen ditu azken lan horrek, eta Non dira lanean egin bezala, memoria historikoari keinu bat eginda bueltatu da Bide Ertzean. "Gu jakin-minetik abiatu gara. Bizi ditugun urte hauek garrantzitsuak dira, baina 1977 inguruko trantsizio urte haiek ere oso garrantzitsuak izan ziren. Guk lau urte genituen, eta garai hori hobeto ezagutu eta ulertu nahi genuen. Oso bidaia aberatsa izan da zentzu horretan, eta bidaia hori egin nahi duenarentzat disko honetan norabide posible batzuk aurkeztu ditugu kantu eta literaturaren bitartez. Guk iradokizuna egin, eta amu horren bitartez norbaiti interesa pizten bazaio, gure helburua beteta geratuko da", dio Ubedak.

Urteak joan eta urteak etorri diren era berean, lana ere mardul egin dute diskorik disko eta kontzerturik kon-tzertu talde tolosarreko kideek, baina gaur arteko bidean, azken hamabost urteak, oro har, urte atseginak izan direla nabarmendu du abeslariak: "Disko bakoitza ikasgai bat izan da. Gainera, musika bada Euskal Herria ezagutzeko beste modu bat, hainbat lagun ezagutu ditugu; beraz, bai musikalki, baina baita arlo pertsonalean ere, esperientzia ederra eta aberasgarria izan dira urte horiek guztiak".

"Gustuko lana da musikan aritzea", eta egun plazer handiz aritzen diren arren, beti ez dute hain argi izan heldu diren lekura helduko zirenik. "Gure lehen diskoa bost kantuz osatuta dago, eta guk kantu gehiago bagenituen, baina ez genuen ziurtasun handirik. Nik Deabruak Teilatuetan taldean gitarra jo besterik ez nuen egiten, baina hirukote bezala ekiterakoan, eta ni lehen aldiz kantari aritzean, zalan-tza asko genituen. Horregatik Bide Ertzean lehen diskoaren argitalpenaz hizketan hasi ginenean, bost kantu egitea adostu genuen, ondoren oholtzan nola moldatzen ginen eta nolako harrera genuen ikusteko". Eta bete-betean asmatu zuten; harrera ikaragarri ona izan zutela dio Ubedak, eta, era berean, zuzenean uste baino erosoago sentitu zirela.

Imanol Ubedak argi dauka Fran Iturbe gitarran, Joserra Senperena teklatuetan, Karlos Arancegui baterian, Joni Ubeda gitarra apalean eta bera kantuan zein gitarran direla Bide Ertzean osatzen dutenak. Hala ere, Aranceguik eta Ubeda anaiek osatu zuten lehen disko hartako hirukoa da 77 lanean bueltatu dena. Imanol Ubedaren arabera, bi etapa daude taldearen historian: taldearen izen bera duen lehen diskotik Non dira diskora artekoa, eta disko horretatik gaur arte. "2006tik hona sendotu egin da boskotea, bai zuzenekoetan, bai estudioko lanetan. Baina, aurreko bira, Don Inorrez diskoarena, bukatu eta bi hilabetera hirukote bezala entsea-tzen hasi ginen, eta kantu berriek bazuten oinarri-oinarrian hirukote modura funtzionatzen zuen zerbait. Orduan ariketa musikal gisa planteatu genuen hiruron artean grabatzea, inolako osagarri eta apaingarririk gabe. Eta, hala, elkarrekin batera zuzenean joz egin dugu grabaketa".

Hirukote modura hasi zirenean, kantautore kutsu bat bazutela uste du Ubedak: "Hau da, nik nire gitarra akustikoarekin lauzpabost poema musikatu ondoren, Joni Ubedak eta Karlos Aranceguik akonpainamendu lanak egiten zituzten". Baina, lasterrera, Labrit eta Fran Iturbe sartu ziren, eta kantautore ukitu horretatik pop talde estandar batera pasa ziren, eta Zure minari litzateke eraldaketa horren isla. Baina taldeak beste kezka artistiko eta gustu musikal batzuk ere bazituela dio tolosarrak, eta Grisa izan zen horren lekuko. "Ez genuen estilo bateratu bat nahi, taldeari kolorea eman nahi genion, horrela, Grisa izan daiteke gure disko rockeroena. Karlos Aranceguik Mikel Erentxunekin jo-tzen zuen sasoi hartan, eta Joserra Senperena ezagutu zuen. Senperenak hammond teklatua eta pianoa jotzen ditu, eta Grisa prestatzen hasi ginenean ikusi genuen pianoak beste testura eta kolore bat emango ziola lanari". Horrela sartu zen Joserra Senperena taldera. "Ondoren, Maite out prestatzen hasi ginenean, pianoaren eta organoaren beharra ikusi genuen kanta batzuetan, eta Senperena kolaboratzaile moduan etorri bazen ere, gustatu egin zitzaigun, eta emanaldi batzuetara etortzen hasi zen", Esan Bare diskoan bosgarren taldekide gisa finkatu zen arte. Baina boskotea Non dira lanean sendotu zen Ubedaren arabera: "Hor hasi zen taldearen aro oparoena. 2006tik hona, boskote sendo bat finkatu dugula uste dut".

Beraz, musika tresnak konbinatzeko ez du inolako arazorik izan musika taldeak. "Guk aurreiritzi gutxi dugu, eta abestiak haize sekzioa, teklatua, aho-soinua edo dena delako musika-tresna eska-tzen badu, ez daukagu sartzeko beldurrik. Beti egon gara musikalki gauza berrietara zabalik, eta hori ere bada talde bizia izan garenaren seinale, ez gara egoskortu formazio itxi batera".

Guztiaren gainetik, pop taldea Pop musikak badauka etiketa jakin baten zama beregan, letra erromantikoz eta barnerakoiz betetzen omen dira beti pop kantak, inolako konpromiso mezurik barik. "Bada, Non dira diskoan 36ko gerraz jardun genuen eta 77-n trantsizioaz, eta azken disko horrek rock kutsu handiagoa izan dezakeen arren, gu pop talde bat gara!", aldarrikatu du Ubedak. "Gaiei dagokienez, gure etxean 36ko gerrak eragin zuzena eduki zuen, eta guri ere eragin digu, eta 1977an osaba galdu genuen. Halabeharrez, guk bizitakoa biltzen dute gure kantek, horrek eragin du gure letretan". Baina, etiketa guztietatik aske, Ubedaren ustez, ez omen daude estilo onak eta txarrak, kanta onak eta kanta txarrak baino. "Pop musikak baditu baldintza batzuk, eta guk ez ditugu bete-tzen. Guk kantuak egiten ditugu, eta ez dugu letren gaietan erreparatzen. Duintasunez eta zentzuz egin nahi dugu lan. Memoria historikoa oinarri duten bi lan ditugu, baina beste zazpi disko ere baditugu eta denetarik lantzen da beraietan".

Letrarik letra "Batzuek uste dute poesiak musikatzen dituen taldea garela, baina gure bokazioa beti izan da letrak sortzea". 77 diskoko letra gehienak Ubedak berak egin ditu, batez ere, gaiaren hurbiltasunagatik. Hala ere, garbi utzi du: "Izatekotan kantugilea naiz. Poesiak beste klabe batzuk ditu". Haatik, sarri musikatu izan dituzte hainbat poetaren olerkiak: "Zure minari izeneko diskoa Jose Luis Otamendiren poemez osaturik dago. Gorazarre egin nahi genion nolabait, besteak beste, gure eragin handienetako bat izan delako". Baina Otamendiz gainera, sarritan jo izan dute Koldo Izagirre, Iñigo Aranbarri, Gotzon Barandiaran, Jon Benito? bezalako letragizonengana.

Mezuak modu zuzen eta gordinean bota baino, subkontzientean eragingo duten letrak nahiago dituzte Bide Ertzeanekoek: "77 diskoan, Uzturpe 1970 kanta Ibarrako ikastolari buruzkoa da. Egin zitezkeen letrak ikastola goratuz, adibidez, baina guk detaileei erreparatu nahi izaten diegu, gure amak, osabak? lan handia egin zuten ikastola sortzeko, lokala bilatu, aulkiak, mahaiak? eta detaile horiek letretan islatuta, dena geratzen da esanda, "gora zu!" eta "biba zuek!" esan beharrik gabe. Pasadizo txiki horiek gauza asko esplika-tzen dituzte".

Bestalde, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeari leial zaio Bide Ertzean, beren bederatzi diskoak zigilu horrekin atera baititu. "Taldea martxan jarri bazen, neurri batean Ubane Uzin eta Jose Felix Azkarate Xarra diskoetxeko kideei esker izan zen. Guk emanaldi batzuk eginda geneuzkan, baina gauzak ez genituen oso argi, eta beraiek eman ziguten lehen grabazioa egiteko aukera, eta harrezkero horrela egin ditugu guztiak. Geroztik gauzak asko aldatu dira, eta musika arloan garai aldrebesak badira ere, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen gertutasuna sumatu dugu beti".

Letraz letra eta doinuz doinu, euskal musikaren esparruan talde beteranoetakoa dugu Bide Er-tzean. Pop musika oinarri, baina rockari edo estilo lasaiagoko kantei ere ateak itxi gabe, mezu gozo zein mingots, bare zein aldarriz beterikoak eskainita, ez du bide ertzean gelditu, eta atzera melankoniaz begira jartzeko asmorik talde gipuzkoarrak, poema baten barruan kabitzen den aberria bisitatzen hasiko delako laster, Lekunberri, Bilbo, Arrasate, Donostia? izanik bidaia horretako geralekuetako batzuk.