egiazko primizia bat dastatu dut egunotan: Xabier Letek 1999an Errenterian, Kilometroak zela-eta eman zuen kontzertua, bere azken kantaldia izango zena, udazken honetan aterako da plazara CD bikoitz modura, inoiz grabatu gabeko dozena erdi kanta barne dituela, eta kanten sarreretako hitzalditxoak ere bai.

Leteren grabazio hori entzunez etorri zait ideia burura, baina ez noa Oiartzungo kantariari buruz hitz egitera, abiapuntu modura ez bada. Letek Jacques Brel-en sei kanta eskaintzen ditu kantaldiaren bigarren partean, etorkizunean egiteko asmoa zuen disko monografikoaren aurrekari moduan; eta sei horien artean izarra, belgikarraren kanta ezagunena, Ne me quitte pas, Ez nazazu utzi.

Kanta horren garrantzia sekulakoa dela iruditzen zait, artearen maila gainditu eta Mendebaldeko gizon-emakumeen harremanak baldintzatzerainokoa. Kanta noizbait entzun duenak ulertuko du zer esan nahi dudan; are hobeto, sarean dauden kanta horren interpretazioetakoren bat ikusten duenak; izan ere, gizona malko batean ageri da, negar eta negar, intziri eta erreguka bere maiteari: ez nazazu utzi, ez nazazu utzi...

1950eko hamarkadan gaude. Mundu zahar bat ari da amaitzen eta berri bat sortzen, eta aldaketok, bizimoduan bezainbat ari dira gertatzen balioetan, jarreretan, sentimenduetan. Eta artea da horren aitzindari: batetik, aldaketaren jaso-tzaile bihurtu zelako; bestetik, berrikuntzen zabaltzaile eta bozgorailu. Zineman oso nabarmena da hori, eta are gehiago musikan.

Ez nadin adarretan galdu: Ne me quitte pas dugu gaia. Zertan datza honen berritasuna? Lehenago ere izango ziren jarrera hori hartu zuten gizonezkoak, noski, eta literaturan aurretik jasota egongo zen halakoen berri; hala ere, esango nuke Brel-en kanta hori dela lehenengoa ez bada lehenengoetakoa modu masibo batean zabaltzen gizaseme bat horrela jokatzen: emakumearen aurrean negarti eta malko-jario, mesedez eta arren erregutuz ez dezala utzi, era guztietako promesak eginez, emakumearen bihotza samurtu eta beratuko delakoan.

Aldaketa hori, printzipioz, ontzat jo behar genuke, eta hala hartu dugula frogatuko lukete kantaren zabalkundeak eta arrakastak. Hau da, gizonezkoak beti izan du boterea eta larderia, eta gupidarik ez aginte-makila horrekin parekoa egurtzeko ere, behar izanez gero. Emakumeari erregutzeraino iritsi bada, seinale emakume horrek eskuratu duela ordurako alde egiteko edo gizona bere ondotik botatzeko ahala.

Horrekin batera, beste alde positibo bat: gizonezkooi beti leporatu izan zaigu geure samurtasuna zikiratu egin dugula, geure alderdi afektiboa irendu eta blokeatu, eta gabezia hori denon kalterako dela; horren aldean, Brel-ek erakusten du gizonok ere izan gaitezkeela samurrak eta goxoak, geure sentimenduak inhibiziorik gabe azaltzeko gauza, lotsatzen gaituztenak barne: bakardadearen beldurra, babesaren beharra.

Hala ere, makur pentsatzen jarrita, hau guztia matxismoaren azken martingala dela esan liteke. Alegia: garai batean gizonezkoak bere alde zituen indar fisikoa, baliabide ekonomikoak, tradizioaren eta ideologiaren babesa... Emakumeari, historikoki, bihozberatzearen tresna geratzen zitzaion. Gaur egun gauzak asko aldatu dira, egia da, baina gizonak segitzen du izaten indartsuago, dirudunago, eta bere aldekoak ditu hainbat sare eta harreman. Bada, horrez gainera, emakumeak bere bizimodua egin nahi duenean, gizonak xantaia emozionalaren arma ere eskura baldin badu, ez dakit ba, nor izango den samurtasun honen onuradun.