Irudimena ezagutza baino garrantzitsuagoa dela diote, irudimena mugagabea baita eta hegoak eskaintzen baitituelako. Eta Gazte Sortzaileak lehiaketaren azken edizioaren irabazle diren gazte sortzaile hauek primeran dakite hori. Irudimen nahikoa izan dute beren proiektuen bidez euskara hainbat kultur proiektutatik bultzatzeko. Amaia Bono, Irati Antia eta Sara Berasalucek eta Yone Estivarizek osatutako taldea izan dira bide honi jarraitu dioten azkenak, 2022ko deialdiari esker.

Hala, hiru proiektuek proiektu berezi bihurtzen dituzte eta kultura eta euskara modu garrantzitsuan bultzatzeko gai dira, biak eskutik helduta. Horixe da, hain zuzen ere, deialdi horien helburuetako bat: Gazteen artean euskarazko jarduera sortzailea bultzatzea.

Amaia Bonok jarraipena emango dio Belarriprest ekimenari. Nire lehen sortzelan euskaraz izeneko proiektuaren bitartez. Sortzaile gasteiztarrak euskaldun berri gisa duen esperientziatik abiatzen da proposatutako lana, eta, antzerkia, performancea eta poesia uztartuz, hizkuntzaren eta ikaskuntza-prozesuaren azterketa egitea proposatzen du, identitatea, akatsa, kultura edo biografia bezalako gaietatik abiatuta. Hau da, bere lana ikaskuntza prozesua da: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografía… Hori guztia euskaldun berrien kontakizunetik, eta hizkuntzaren analisiatik. “Euskalduna naiz, hori badakit, nire nortasuna euskalduna da, etxetik urrun bizi ondoren are argiago daukat, distantzian errazagoa da zure etxea zein den identifikatzen jakitea, baina ez dakit euskaraz ondo hitz egiten… Askotan arte eszenikoen bidez ulertzen dut mundua. Zer gertatuko litzateke euskara mundu honetan sartuko banu? Azkenean ikas dezaket? Sorkuntza-prozesu honen bidez, hizkuntza honen zirrikituak ulertu nahi ditut, Belarri Prest guztiekin eta euskara modu batera edo bestera gertu izan duen pertsona ororekin partekatu, eta gure kontakizun subjektibotik egin, euskaraz dakigun jendeak betidanik entzun ditzan euskaraz bizitzeko ditugun zailtasun guztiak, gure gramatika-akats arruntenak, nola ahoskatzen dugun, euskalkiak nola ulertzen ditugun eta zer ahalegin eskatzen digun ulertarazten saiatzeko”, azaldu du Bonok. Lan hau garatzea, aurkikuntzaz betetako prozesua izan dela esan du, maila pertsonalean baita profesionalean ere eta “ziurrenik esanguratsuena Idoia Zabaletarekin lan egitea izan da. Bera izan da nire mentorea proiektu honetan, potentzia bakoitza ikusteko eta ustiatzeko gaitasuna handia du, talde handi bat egin dugu”.

Amaiak kontatzen duenez, proiektu hau garatzerakoan xede argia izan du: tabu itxura duen egoera bat mahai gainean jartzea. “Euskal Herrian hiru pertsona mota daude, euskaldunak, erdaldunak eta gero gu gaude, hainbeste akats ditugun pertsonak. Normalean ez gaude espazio publikoan, hala ere, barnetegiak, euskaltegiak eta hizkuntza eskolak jendez beteta daude, gure lekua aldarrikatu behar dugu euskal kulturaren barruan, ikasten ari garenok ere kulturaren parte garelako”, aldarrikatzen du. Griña horretatik jaio da Belarri Prest. Nire lehenengo sortzelan, Euskaraz hain zuzen ere.

Berasaluce eta Estivarizen kasuan, biek jarraipena emango diote Ohiko Lekuak ekimenari, eta ekimen horretan, argazkiaren bidez, gordetzen dituzten familia-espazioen eta memoriaren inguruko bidaia bat planteatzen dute. Haien irudiak ematen dituzte, baina udan deialdi publiko bat egingo dute beren argazkiak aurkeztu nahi dituen pertsona orok parte har dezan. Hala, Ohiko lekuak bi begirada, bi leku eta bi memoria lotzen dituen argazki- proiektua da, espazioarekin eta bertan bizi diren izakiekin sortzen diren harreman intimoen bidez. “Bizi izandakoaren eta ahaztutakoaren eremuan, oroitzapenak agertzen diren iruditeria bat eraikitzen da; autobiografiak lotzen dituen memoriaren bidea marrazten duen mapa bat bailitzan. Irudiak familia-espazioen ingurukoak dira, erabat desberdinak eta, hala ere, aztoragarriki antzekoak. Begirada eutsia, bizitza osoko oroitzapenak dituena”, azaldu eta gaineratzen dute: Toki bera, leku desberdina kontzeptua planteatzen da, edozein erretinatan erregistratutako oroitzapenari lotu lekiokeena. Leku horiek gure oroimenean daude, bai egiten diren argazkietan irudikatzen diren moduan, bai nukleo beretik eraikitako iruditeriaren sorkuntzan”. Gogoeta horren ondoren sortu da Ohiko lekuak, Sara Berasaluce eta Yone Estivariz argazkilarien arteko topaketa, subkontzientean murgiltzeko dituzten erritualak partekatzen dituztelarik primarioaren bila. Proiektu honek bi zati ditu: Jatorria (Bi argazki-begirada elkartzea, espazio familiarren inguruan lan bat egiteko eta leku horiei lotutako oroitzapenak argazki- artxibo gehienetan ezagutzeko modukoak direla adierazteko, irudien bidez partekatutako sentimendu baten parte izanik, bestak beste) eta bilakaera (“abestiak espazio batera, haurtzaroko une batera, familia- bilera edo ospakizunetara eramaten gaituen ekitaldi bat da, eta, kasu honetan, euskal testuinguruan sortzen eta eraikitzen den proiektu bat denez, euskarazko abestietara daramatzagu”).

Azken proiektu irabazlea Irati Antiarena da. Antiari dagokionez, Julián de Zulueta ekintzaile, politiko eta Arabako lehen markesaren pertsonan oinarritzen da bere proiektua. Haren proposamena haren inguruan garatzen da. Gazte Sortzaileak 2022 deialdirako jaio berri den proiektu honek, esklabutzaren auzia landuko du Julian de Zulueta Amondo pertsonaiarenganako hurreratze baten bidez eta esperientzia murgiltzaile digital bat izango da horren emaitza. Webgune eta instalazio baten bidez garatuko da transmedia narrazioa. Bi euskarriak elkarloturik egongo dira narrazio berdinaren parte izanik; baina narrazioa, ordea, ez da lineala izango eta euskarriak guztiz independenteak izango dira. Betiere, euskarri guztien oinarri eta argumentua berdina izango da, Julian de Zulueta y Amondo pertsonaiaren bizitzaren bidez esklabotzaren inguruan hausnartzea. “Ibilbide honetan zehar esklabuen inguruan mintzatuko gara gehien bat, eta esklabuen begiradatik adieraziko ditugu bizipen desberdinak. Mezu poetiko eta murgiltzaile bat izango da ikusleak jasoko duena, eta hura hunkituko duena”, aipatzen du. “Proiektu honen xedea gizartean memoria historikoa sustatzean datza. Esklabutzaren inguruan sakondu eta ikuslearengan eragitea bilatuko da proiektuan zehar. Izan ere, “esklabutzak badu zerikusia Arabaren historiarekin eta horretaz ohartu eta ohartaraztea garrantzizko eginkizun bat da”.