Zientzia herritarrengana hurbiltzea, eta, era berean, zinema Arabako –eta Euskadiko– biztanle guztiengana eramatea. Helburu xume baina handinahi horrekin, gaur hasiko da Zinema eta Zientzia Zikloaren edizio berri bat. Hala, Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioak zientziaren maitasuna erreibindikatu nahi du ostegun honetatik aurrera eta martxoaren amaiera arte proiektatuko diren hamar filmeren bitartez. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten zikloaren seigarren edizioak, kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa transmititzeko helburu irmoarekin jarraituko du. Proiekzioak, aurkezpenak eta solasaldiak ziklo honen DNA dira, zinemaren eta zientziaren defentsa arrazoitu eta sendoaren bidez mamitzen dena, eta izen handiko emakume eta gizon zien-tzialarien presentzia nabarmenarekin.

Lerro hauekin batera, Ricardo Díez Muiño . | ARGAZKIAK: PAULA ARBIDE

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariarekin ospatu zen atzo aurkezpen-ekitaldia. Haiekin batera, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorra eta Ricardo Díez Muiño Donostia International Physics Centerreko zuzendaria ere izan ziren, besteak beste. Edizio berri hori Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan zentratuko da berriro, eta Gasteizek zinemaren eta zientziaren jaia ospa-tzen duen bigarren aldia izango da, iaz lehen aldiz hiria programazio horren parte izan baitzen. Hain zuzen ere, gaur, arratsaldeko zazpietan, Artium museoan, zientzia eta zinema herritar guztiengana hurbiltzeko lehen filma jarriko da, biek kulturan duten garrantzia ulertzeko, ikuspegi sinpleago eta dinamikoago batetik. Izan ere, Donostia International Physics Centerekin (DIPC) eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin elkarlanean, Euskadiko Filmategiak jarraitu nahi du kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzen eta, horretarako, nazioartean ospea duen zientzialari batek hitz egingo du emanaldi bakoitzean. Artium Museoa (Gasteiz), Tabakalera (Donostia), UPV/EHUko Bizkaia Aretoa-Sala Mitxelena (Bilbo), Cines Golem (Iruñea) eta Le Sélect zinemak (Donibane Lohitzune) izango diran ziklo honetako proiekzioen egoitzak. Programazio honen helburu nagusia zientzia publiko orokorrarengana eramatea da, eta zientziak maila desberdinak dituela baina maila batean edo bestean guztiak maila horretara hurbil daitezkeela ulertzea. “Batzuetan, zientziak nolabaiteko beldurra edo arbuioa sortzen du herritarrengan, oso gai konplexua dela uste dugulako. Baina garrantzitsua da herritarrek zientziaz jakitea, edozein mailatan dela ere, eta, horregatik, zientzia herritarrengana hurbildu nahi dugu, zinema herritar guztiengana hurbildu nahi dugun bezala”, azaldu zuen Ricardo Díez Muiñok egunkari honetan. Bere ustez, “dirudiena baino gai sinpleagoa da, modu egokian nola planteatu jakin besterik ez da egin behar”, erantsi zuen.

Ildo horretatik jarraituz, bere esanetan, zientzia eta zinema gaur egungo kulturaren“funtsezko bi osagai dira”. “Zinemaren eta zientziaren arteko elkarizketa ikuspegi askotatik egiten da, eta gu haietariko batean zentratuko gara: begirada ezberdin, original bat emango diegu, zientziatik, film handi batzuei, eta, era berean, bildu eta aztertuko dugu nola begiratzen dion zinemak gertaera zientifikoari. Zientzialariak zinemara eramaten ditugu eta zientziara gerturatzen ditugu zinemazaleak. Bost urte hauetan zikloak izan duen ospeak eta arrakastak, hala ikus-en-tzuleen kopuruaren aldetik nola beste erakunde batzuek parte hartzeko izan duten interesaren aldetik neurtua, egindako apustua berretsi digu eta lagundu digu, berriz ere, oso egitarau erakargarria prestatzen”, azpimarratu zuen.

Film desberdinak

Bestalde, eskolentzako goizeko ekitaldiak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, non Fire of love (Sara Dosa, 2022) proiektatuko baita, euskaraz azpititulatuta eta Janire Prudenciok (Granadako Unibertsitatea) eta Asier Hilariok (Euskal Kostaldeko UNESCO, Geoparkea, IUGS) aurkeztuta. Sarrerak web-orrietan eta Tabakalerako, Artium Museoko eta Arte Ederren Bilboko Museoko leihatiletan (emanaldiak Bizkaia Aretora aldatuko dira museoa eraberritze lanetan dagoelako) erosi ahal izango dira, eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinemetako lehiatiletan ere bai. Txartel bakoitzaren prezioa 3,50etik 6 eurora bitartekoa da. Programazioa gaur hasiko da El nombre de la rosa (Jean-Jacques Annaud, 1986) pelikularekin. Pelikularen aurkezlea Ricardo Díez Muiño bera izango da. Pelikulan, XIV. mendean kokatzen da. Monje frantziskotar bat eta bere ikastuna abade-etxe batera joango dira, mutil gazte baten heriotza misteriotsua ikertzera eta argitzera. Beren egonaldian, hilketa bat izan dela susmatuko dute. Beldurrak abade-etxe osoa hartuko du hildako gehiago agertu ahala, eta monjeak egia aurkitzen saiatuko dira.

Datorren ostegunean, hilak 26, Cuando el destino nos alcance (Richard Fleischer, 1973) jarriko dute, Marta Olazabal-ek aurkeztuko du. Guztira hamar film eskainiko dituzte Araban: Urtarrilaren 12an, El nombre de la rosa, 26an Cuando el destino nos alcance, Otsailaren 2an La herencia del viento, hilaren 9an Madame Curie, hilabete horren 16an ¿Teléfono rojo? Volamos hacia Moscú, 23an Fire of Love, martxoaren 2an Philadelphia, 9an Drácula de Bram Stoker, 16an Una mente maravillosa, eta azkena, Marrazoa.