Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin jolasten du bere proiektuan. Jon Ander Urresti bermeotarrak, Eucalyptus lanari esker Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka irabazi du. Atzo aurkeztu zuten beka garrantzitsu honen irabazlea, 15.000 euroko diru-laguntza izango duena proiektua aurrera eramateko. Epaimahaiak nabarmendu zuenez, “egileak eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu gogoeta berean gure jendearteak kolpatzen dituen kezka sozialak eta erronkak”.

Urrestik azaldu zuenez, antzezlan berri honen helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea izango da: “Zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hau bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko da, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean”. Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, hau da, hurrengo urteko Azokararte.

Epaimahaiaren hitzetan, “proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude”. Horixe da, beraz, proiektuaren ezaugarri nagusietako bat, eukaliptoak aitzakiatzat hartuta, gizarteko eta egungo gaiak nola jorratzen dituen. Epaimahaitik azaldu zutenez, “funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak”.

Epaihamaia honako kideek osatu dute: Oier Guillan aktorea, Leire Vargas idazlea, Jon Maya dantzaria, Arantza Arrazola Durangoko San Agustin Kulturguneko zuzendaria, Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzailea eta Gerediaga elkarteko Asun Elorriaga idazkari lanetan. Proiektu honek “Jon Ander Urrestik sortzaile gisa izan dezakeen bilakaeran pausu bat gehiago izan daitekeela iruditu zaigu, ahots eszeniko propio baten bila”, aipatu zuten.

Antzezlan berri honen protagonista, beraz, eukaliptoak izango dira: “Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako”, azaldu zuen Urrestik. Aktore bermeotarrak aipatu zuenez, “periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin”. l