Azken urteetan komiki japoniarrak gorakada nabarmena izan du nazioartean, baita gure inguruko merkatuetan ere. Joera horretaz jabetuta, Harriet argitaletxe gipuzkoarrak Kabe zigilua sortu du manga gurera ekartzeko helburuarekin. Gregorio Muro eta Koro Muro editoreek euren publikazio-agendaren berri eman zuten atzo, Koldo Mitxelena Kulturunean eskainitako prentsaurrekoan. Koro Murok zenbait datu argigarri eman zituen: 2021. urtean espainiar Estatuan 1.033 manga komiki argitaratu omen ziren –azken 20 urteetan 12.000 titulu baino gehiago izan dira–; Estatu frantziarrean, aldiz, bikoi-tza baino gehiago: 2.204. Jatorri japoniarreko zenbat komiki argitaratu ziren euskaraz? Zero. Eta 2022an? Harrietek Tomomi Usuiren Cube Arts-en lehen liburukia –hiru izango dira– kaleratu duen arte, batere ez. “Bistakoa zen beharrari erantzun nahi izan diogu”, esan zuten editoreek.
Cube Arts Tokion bizi den Iker Alvarez iruindarrak itzuli du euskarara zuzenean japonieratik. Shonen generoko lana da, alegia, gaztetxo eta nerabeentzat zuzendutako akziozko istorio bat kontatzen du: Takuto batxilergoko ikaslea da, eta halako batean bideo-joko baterako beta-testerra izateko aukera iritsiko zaio. “Euskal Herriko gazte eta nerabe asko mangazale porrokatuak dira eta orain arte ez zuten aukerarik euskaraz irakurtzeko; hemendik aurrera aukera hori eskura izango dute”, azpimarratu zuten editoreek. 2023ko otsailera begira, Cube Arts-en beste bi liburukiak kaleratuko ditu Harrietek. Gainera, beste bost manga euskaratzeko tratuetan ere ba omen dabiltza: Heroines game, Change the world, Dinosan, Girls last tour eta And otaku called god.