Izurri betean sortu ziren istorio horiek. Gasteiztarren emozioetatik eta irudimenetik sortu ziren, euskararen erabilera balioesteko, baita pandemia garaian ere. Eta orain istorio horiek liburu batean elkartuko dira. Geu elkarteak hamaika istorio eta hamaika ametsekin, leihotik arnas egin ipuinen collage-a liburua aurkeztuko du asteazken honetan, Twitter sare sozialean egindako lehiaketaren mikroipuinekin.
Hala, 2020ko eta 2021eko Twitter bidezko mikroipuin lehiaketen ipuinekin paperezko bilduma bat argitaratu du GEU elkarteak, Arabako Foru Aldundiaren babespean. Liburu honen aurkezpena maiatzaren 11-n izango da Ignacio Aldecoa Kultura etxeko Orisol aretoan, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Kultura Zuzendariarekin eta GEU elkarteko teknikari batekin, aurkezpen eta irakurketa labur bat dinamizatuko dira, oso modu dinamikoan. Horrez gain, aurtengo lehiaketaren saridunen izenak bertan helaraziko dira. Izan ere, 2020.urtean pandemia garaian, GEU elkarteak Twitter sare sozialaren bidez euskarazko istorio laburren lehiaketa antolatu zuen lehenengo aldiz. “Pandemia garaian, itxialdiarekin batera, gure proiektu asko bertan behera gelditu ziren eta beste bide batzuk geureganatu nahi izan genituen, izan ere, GEU elkartean etengabe sor-tzen ari gara. Sare sozialek hartu zuten indarra eta erabilgarritasuna ikusita, hauek erabiltzea izan zen ideia, hauen bidez zerbait polita sortzeko eta euskararen presentzia areagotzeko. Garai horretan, Twitterren zegoen negatibotasunari buelta eman nahi izan genion eta egungo egoerei oso lotuta dauden gaien inguruko mikroipuin-lehiaketaren ideia jaio zen”, azaltzen dute elkarteko kideek DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian. Helburu nagusia euskaraz idaztea eta irakurtzea izan zen, sare sozialak tarteko. Bestelako helburuen artean hauek betetzen ditu lehiaketa honek: sare sozialetan ere, euskararen presentzia bultzatzea, elkarteak dituen jarraitzaile eta publiko ezberdinei euskaraz sortzeko aukera erraza eskaintzea, “txioak elkarbanatuz eta bilduma digitala sortuz euskarazko eduki interesgarria sortu eta partekatzen dugu, komunitate literario txikia osatzea mikro-ipuinen inguruan eta errealitatea islatzen duen laburpen literarioa osatzea”, zehaztu dute. Bi edizioetan elkarteak erantzun ona jaso du zalantzarik gabe parte hartu duten gasteiztarren aldetik. Izan ere, lehenengo edizioan, harrera “ikaragarria” izan zela baloratzen dute: 70 ipuin, 30 lagunengandik. “Aurreko urteko edizioan, itxialditik aterata geundela, 42 ipuin, 26 lagunengandik. Zenbakiak oso positiboak dira, parte-hartzea oso dinamikoa baita. Aurtengo edizioan, adibidez, argazki ezberdinen gaineko mikroipuin oso originalak iritsi zaizkigu”, konta-tzen dute. Beraz, zenbaki hauekin balorazioa oso ona egin dute: “Gure balorazioa primerakoa da. Zenbakiak lehenengo urtekoak ez badira ere, oso datu onak dira. Nabari da komunitate literario txiki hori sor-tzen doala, eta urtero kide berriak batzen zaizkigu dinamikara. Euskararen presentzia geroz eta nabarmenagoa da sare sozialetan, oso ehuneko baxuaz ari bagara ere. Sare sozialen bidez euskaraz komunika-tzeko eta euskarazko dinamiketan parte hartzeko erabakia hartzea urrats handia da”.
Hala, Arabako Foru Aldundiaren babespean argitaratu duten 2020-2021 mikroipuin-edizioetako liburuan 112 mikroipuin agertzen dira. Hauez gain, Maddalen Agirre Loinaz-en eta Esti Aguirre-ren ilustrazioak ere badaude bertan. Liburua elkarteak berak banatuko du, doan, interesdun guztientzat.
Lehiaketaren planteamendua eta garapena hurrengo hauek izan ziren, 268 karaktere gehienez dituen istorio laburrak asmatu behar zituzten parte har-tzaileek, istorioa eta gero @geuelkartea gehitu behar zuten lehiaketan sartzeko. @geuelkartea aipamena egitea nahitaezkoa zen antolatzaileek mikro-ipuinak aurkitu ahal izateko. Elkarteak gai orokor bat planteatu zuen, eta sortzaileek horren inguruko istorioa sortu behar zuten, beti ere gaiaren inguruko ikuspuntua haiena eginez. “Lehenengo urteko harrera ikusita,2021.urtean dinamika berriz burutu genuen. Lehiaketa amaitu denean eta sariduna izendatu ondoren, istorio labur guztiekin bilduma digitala egin dugu bi edizioetan, baina edizioak apalak izan arren, aurten paperezko liburua argitaratu dugu”, esan eta gaineratu duten: “Bertan, bi edizioen mikroipuin guztiak eta gai bakoitzaren ilustrazio bana ager-tzen dira, azalako ilustrazioaz gain. Lehenengo urteko gaia leihoa izanik eta ilustratzailea Maddalen Agirre Loinaz, eta bigarrenean, arnasa eta ilustratzailea Esti Aguirre; azkenik, azalaren ilustratzailea Nefer Olaizola Balboa da”.