Euskararen erabilera sustatzen duten lanak dira, baina, gainera, originaltasunez beteta daude. Oihaneder Euskararen Etxeak, -Laboral Kutxaren laguntzaz-, Taulara, mikroantzerki lehiaketa antolatu du bigarren urtez jarraian. Antzerki munduko norbanakoei eta taldeei zuzendutako deialdia da, eta euskarazko antzezlan laburren sormena suspertzea du helburu.

Hala, lehiaketako bigarren edizio honetara “kalitate handiko zortzi proposamen aurkeztu dira”, azaldu zuten Oihanederretik. “Nabarmentzekoa da aurten proposamen arabarrak nagusitu direla, zazpi horietatik bost lurralde honetatik jaso baitira, beste bi Gipuzkoatik, eta bakarra bizkaitik”, erantsi zuten. Gainera, epaimahaiak sari ezberdinak jasotzeko aukeratu dituen lanak ere arabarrak izan dira: Ezkaba 1938. (Benan Oregi Iñurrieta-rena); Oroitzapen gorriak (Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianes egilearena) eta Titapia (Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardo egilearenak). Ildo horretatik, Ezkaba 1938 lanak 1.500 euroko saria jasoko du, obra original onena izateagatik. Beste biek, 750 euroko sari bana irabazi dute. Hilaren 27an aurkeztuko dira hirurak Oihanederren, eta, aipatutako sariez gain, bertaratzen diren ikusleek publikoaren saria nori eman erabakiko dute, 500euroko saria, hain zuzen ere. “Epaimahaiak kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen eta 35 urtetikbeherako gazteen presentzia hartu ditu irizpidetzat lan sarituak aukeratzeko orduan”, azpimarratu zuten.

“Iruñatik gertu dagoen Ezkaba mendian gotorlekua eraiki zuten, presondegi moduan erabiliko zutena, batez ere gerra zibileko garaian. Eta bertan gertatu zen ihesaldia. Ezkabako ihesaldiaren inguruan ez da inoiz fikziorik egin, eta gure historian ezagutu beharreko pasartea da. Nire aldetik atrebentzia handia izan da baina gaia oso barruan daramat eta horrek eraman ninduen antzezlantxo hau idaztera”, azaltzen du DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian Benan Oregik bere lanaren gainean. “2016an argitaratu nuen liburuan oinarritzen da batez ere. Gure aitite bertan preso zegoela gertatu zen ihesaldia, Europako historian inoiz gertatu den handiena, segurutik. Kontuan izan behar da 2487 preso zeudela Ezkaban 1938ko apirilaren 22ko igande hartan. 900 inguruk hartu zuten mendian beherako bidea eta hiru besterik ez ziren izan Frantziako muga zeharkatzea lortu zutenak. 200dik gora hil zituzten eta oraindik gorpu guztiak ez dira aurkitu. Urtero presoen familiak Ezkaban biltzen dira, Txinparta Elkarteari esker. Gu ere joan izan gara”, kontatu du. Ortzaiko beste aktore batzuen laguntza izango du 1938ko apirilaren 22ko historia taularatzeko: Josu Larrea, Oier Elosegi, Guillermo Hernandez, Ismael Galan, Andoni Lauzurica, Iñaki Fernandez, Carlos Larrea, Eukeni da Cruz eta Benan Oregi izango dira. “Ausarta izango da planteamendua ere, apala baina ausarta aldi berean. Oraingoz testuak banatu ditugu eta alderdi teknikoekin ari gara. Lehen entsaioak ere egin ditugu. Iker Ortiz de Zarate dugu zuzendari, eta Jokin Oregi ere azalduko da prozesuan. Maisu onak izango ditugu”, azpimarratu du.

Benan Oregik azpimarratzen duenez, lan honen zailena tokira egokitzea da. Gainera, azpimarratu du pena ematen diola jende gehiagorengana ez iristeko aukera izatea. Gainera, aukeratu duten espazioa dramatikoa eta polita dela gehitu du; “horrek zailtasun teknikoak planteatzen ditu”, kontuan izanda egun bakar batean antzeztuko dela. Hala ere, zailtasun horiek konpentsatu egiten dute, azpimarratu duenez. Izan ere, harentzat prozesu honetako gauzarik politena bidea bera izaten ari da. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie aktore guztiei lan honetan parte hartzeagatik. “Lehiaketa batera aurkezten zarenean inoiz ez dakizu norekin ari zaren lehian. Nik neuk ez nuen ezer espero. Baina saiatzen zara zerbait irudikatu eta paperean jartzen, eta emaitza baloratzen du, alde batetik, epaimahaiak, eta gero ikusleek. Egia esan oso pozik nago aukera honekin”, dio. “Amaitu nahiko nuke eskerrak emanez Oihaneder Euskararen Etxeari ekimen honegatik, eta nabarmenduz hiru testu irabazleak arabarrak izan direla. Horrek zerbait esan nahi du. Martxoaren 27an Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da, gainera. Egun aproposa estreinaldirako. Gora antzerkia!”, ondorioztatu du Benan Oregik.

Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianesen (Oroitzapen gorriak) lanari dagokionez, nabarmentzekoa da antzerkiak aiton alargun baten eta bere bilobaren arteko eszena txiki bat aurkezten duela. Koldoren urtebetzerako egun gutxi batzuk falta dira eta Leyre, haren biloba, bere etxera doa bisita bat egitera. Koldo bizi den kobazulo hartatik aterarazteko asmoa dauka neskatoak, baina aitonak sofan eserita eta ardoa edaten eman nahi du egun osoa. Hala ere, bien arteko erlazioan maitasun eta errespetu handia nabaritzen da. “Proiektuaren ideia Gasteizko taberna batean sortu zen. Taberna horretara maiz joaten den gizon zahar batekin hitz egin eta gero”, kontatzen du Erik Perianesek. Eta taberna horretan ideia sortu zutenetik, mimoz eta originaltasunez ari dira lanean, istoria hori indarra eta bizia hartzeko. “Oraintxe bertan testuaren berridazketa txikiak egiten ari naiz oraindik. Bestaldetik, aitonaren pertsonaia egingo zuen aktoreak, zoritxarrez ezin izango duela proiektuarekiko konpromisua hartu aitortu digu aste honetan.

Beraz, aktore bila gabiltza berriro ere. Aldi berean, eszenografia eta atrezzoa imaginatzen eta planifikatzen ari gara. Madrilen nagoenez kurtso bat egiten, asteburuetan gidoi irakurketa eta entseguekin hasteko joan-etorri egin beharko dut. Gero, azkenengo astean erabat libre egongo naizenez, entsegu intensiboak egiteko asmoa dugu”, adierazi zu Ainhoa Ordoñez-ek. Ainhoarentzat zailena ez dira bidean topa daitezkeen arazoak. “ Zailena taularatzea dela esango nuke. Idazten edota antzezten esperientzia handiagoa daukat, baina ez dut inoiz eszenatoki baten gainean istoriorik zuzendu. Ni zinema mundutik nator eta narratiba kameraren laguntzarekin sortzera ohituta nago. Baina antzerkian ditugun tresnak ezberdinak dira eta frogatze momentu horretan gaude. Objektuen, koloreen edo espazioaren indarra nola erabili ikasi beharko dugu, baina erabat gogotsu gaude”, aipatzen du. Hala ere, merezi du: “Gauzarik politena izan da gidoia idaztea eta prozesu hortatik jaso dezakegun ikasbideak”, gaineratu du lagunak.

Arrapala Konpainia Iratxe Gallardo eta Anaiz Mendiboure antzezleen arteko berraurkitze baten ondorioz sortu da. Gasteizko Arte Eszenikoen Tailerrean (T.A.E.n) eta Madrilgo William Layton Laborategian elkarrekin ikasi ondoren, bakoitzak bere ibilbide profesionala burutu eta helburu bera buruan elkartu dira: interpretazio errealista oinarritzat hartuta, pertsonaien benetako emozioak ikusleari helaraztea umorea erabiliz. Bi antzezle hauek beren oraintsuko amatasuna dute amankomunean eta gai hau hartu dute abiapuntutzat. “Nola eragiten digu amatasunak emakumeoi? Zer aldatzen da gugan? Zer galtzen eta irabazten dugu? Zer sentiarazten digu? Eta, are gehiago, sentitzen dugun hortatik zer partekatzen dugu?”, galdetzen dute biek. Titapia lanean Nekanek eta Bakartxok ez zuketen inoiz pentsatuko terapeutaren kontsultako atzerapena beren bizitzako unerik zintzoenetako bat bihurtuko zenik. Titapiak amatasunari aurrez aurre begiratzen dio, pertsonaiek gaia gardentasunez jorratuko dute. Nekane eta Bakartxo tabua hausten ausartuko dira, amatasunaren alde gogor eta ez hain erakargarria plazaratuz. Emakumeek bizi duten eta kontatzen ez den horri ahotsa jarriko diote. Haien bizipenak zintzotasunez partekatuko dituzte, norberaren ezinegon eta kezkez sakonki mintzatuko dira eta, bereziki, beren buruez egingo dute barre, “hori baita askotan terapiarik onena”. “Antzezlanak ikuspuntu errealista eta, batez ere, komikoa du, batzuetan umore absurduaren ikutuak ere dituela esan daiteke”, kontatzen du Anaiz Mendibourek.

Haientzat proiektu hori aurrera ateratzeko zailena izan da, hain zuzen ere, etxean amatasunaren erantzukizunekin ondo antolatzea. Anaiz Mendibourek dioenez: “Proiektu hau ere erronka handia izan da guretzat; izan ere, bai Iratxek bai nik oso haur txikiak ditugu, eta etxeko krokis guztia antolatzea lana idatzi eta entseatzeko erronka handia izan da alde horretatik”. “Urduri gaude baina baita oso gogotsu ere bai”, azpimarratu du. Gainera, sari bat jaso ondoren, antzezlan hori interpretatu dute ikusleen aurrean, eta badakite nola lan egin. Umorea, originaltasuna, dibertsioa eta errealitatea bateratuko dira ama asko islatuta ikusiko diren lanean.

Leku ezberdinetatik heldutako hainbat proposamen aurkeztu dira Taulara, formatu txikiko antzerki-lan lehiaketara

Lan onenaren saria ‘Ezkaba 1938’ lanak jaso du, bigarrena, ‘Oroitzapen Gorriak’ eta, azkenik, ‘Titapia’ lanak irabazi du