Proiektu originalak dira, gizartearentzako gai garrantzitsuak dituztenak eta, gainera, euskararen erabilera bultzatzen dutenak. Eta orain, lan, grina eta ahalegin handia egin ondoren, finantziazioa behar dute. Hala, Batera deialdian aukeratutako proiektuen crowdfunding kanpainak abian jarri dira eta atzo proiektu hauen aurkezpenak egin ziren Oihaneder Euskararen Etxean.
Ildo horretatik, nabarmentzekoa da aurkezpen horretan izan zirela euskarazko kultur proiektuak garatzeko laguntzen deialdiaren irabazleak. Zehazki, Aritz Ibarra, Sandra Salazar eta Aitor Gomez gazteak dira iazko urrian martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuen egileak. Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko, eta atzo jarri zituzten abian. Antolatzaileek plataformako arduradunei eskerrak eman nahi izan zizkieten eskainitako laguntza guztiagatik. Oihanederreko ordezkari Uxue Ruiz de Arkautek eskertu zuen bezala, irabazleen lanak originalak dira eta gizarteari interesa piztu diezaiokete: “Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen, beren orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa dela-eta”. Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko, Ibarrak, Salazarrek eta Gomezek deialdiko antolatzaileen, hots, Oihanederren, Gauekoak programaren, Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren laguntza jasoko dute: Gasteizko proiektu onenari, Gasteiz 1200 - Defentsa amaigabea, Oihaneder-Gauekoak antolatzaile bikoteak emango dio laguntza; Arabako proiektu aukeratuari, Idi-gosea, Vital Fundazioak, eta Euskal Herrikoari, Beita, Laboral Kutxak.
Irabazleetako batek, Aritz Ibarrak, eleberri grafiko bat egin nahi du. Hain zuzen ere, bere proiektuak Gasteizko historiako gertaera garrantzitsu bat ezagutarazi nahi du. “Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri bat ezagutaraztea helburu du proiektuak: 1200. urtean tropa gaztelarrek Nova Victoria (Gasteiz) hiri nafarra konkistatu zuten, eta bertako hiritarren eta euskaldunen herriaren etorkizuna errotik aldatu zuten. Garai hartako gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, eta horrela hiriaren setioak 8/9 hilabete iraun zuen”, azaldu zuen atzo.
Sandra Salazar-en kasuan, elikatze-jokabidearen nahasteari buruz ari da bere proiektuan, nerbio-bulimiari buruz, zehazki. Oihanederren atzo aurkeztu zuen bezala, bideo bat erakutsi zuen. Bideo horretan, zenbait emakume triste ageri ziren, beren fisikoarekin obsesionatuta zeudenak eta haren gorputzengandik emozionalki gaizki. Hala, Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak “elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak aztertuko ditu. Bi ataletan banatuta egongo da: fanzinea eta erakusketa”, adierazi zuenez. Fanzinean nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak aztertuko ditu Sandrak, argazkiekin eta aldizkarietako hitzekin egindako collage ezberdinen bidez. Erakusketan fanzineko collage-ak izango dira hainbat informazio osagarrirekin.
Azkenik, taldean aurkeztu zuten bere proiektua XUP! antzerki taldeak, eta “Aitor Gomez dabil ordezkari lanetan: Beita proiektuak hamabost minutuko zortzi ataleko web-saila izan nahi du, eta eduki osagarriez lagundua argitaratu”, azaldu zuten. Proiektu digital eta transmedia izango da, beraz, zortzi atalak oinarri digital batean izango dira eskuragarri. Ikuspegi gazte eta feminista batetik sortutako lana da Beita, “gazteok gazteontzako sortua; misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa da eta euskaraz eginikoa”.
Babesleek deialdiaren eragina eta kultur-proiektu berritzaileak sustatzearen garrantzia nabarmendu zuten. “Batera gazteentzako sustapena da eta kultura eta euskararentzako bultzada. Autokudeaketa eta autofinantzaketa sormenerako eragingarria da. Edizio hauetan frogatu da ideia handiak daudela, eta horiek babestea merezi dutela. Eta nola talde-lanak eta gazteen arteko kooperazioak proiektu handiak eskaintzen dizkigun” adierazi zuenKepa Ortiz de Urbinak, Laboral Kutxako komunikazio arduradunak. Axier Urrestik, Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, berriz, fundazioak bekarekiko daukan konpromisoa aipatu zuen: “Vital Fundazioan Batera proiektua bultzatzen jarraituko dugu euskara, gure lurraldea, gazteak eta bereziki kultura, sustatzen duen proiektu bat delako”. “Antolatzaileen hitzetan, Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiarekin Gasteizko eta Euskal Herriko gazteen kultur-proiektuak euskaraz garatzeko beste modu bat abiatu da. Gauekoak programako Idoia Ruiz-en arabera, “gazteok ekoitzitako euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpenagatik Batera bezalako deialdiak garrantzitsuak dira”.
Aritz Ibarra, Sandra Salazar eta Aitor Gomez gazteak dira iazko urrian martxan jarritako Batera deialdiko lan aukeratuen egileak
Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko