Xabier Payaren hitzetan, Bob Dylanen 100 Kantu euskaratzea inoiz izan duen erronkarik berezienetarikoa izan da. Folketik rockera, countrytik eta beste hainbat estilotatik pasata, 600 kanta baino gehiago sortu ditu Dylanek sei hamarkadatan zehar eta Suediako Akademiak Nobel saria eman zion haren balio literarioa aitortzeko. Orain, Elkar argitaletxeak euskaraz eskaintzen du liburua edizio elebidunean, AEDrekin antolaturiko Jokin Zaitegi bekari eta Xabier Payaren itzulpenari esker.
“Kantu bakoitza erronka bat zen, egoera bat, desberdintasun bat, zailtasun bat. Lanari ekin nion, eta ibilbidearen zati txiki bat egin nuenean, berehala konturatu nintzen xerpa on bat behar nuela honetarako. Ahoskotasunean ezagutza handia izango zuen norbait behar nuen, baina Bob Dylanen zale amorratu bat ere bai”, adierazi zuen Payak liburuaren aurkezpenean.
Gauzak horrela, Joxerra Garzia idazlearekin jarri zen harremanetan eta bera izan du bidelagun proiektu honetan. Garziaren arabera, ahalegin handiena ez da izan Dylanek zer dioen itzultzea, Dylanen tonu-erregistroa euskaraz eraikitzea baizik. “Xabik bere buruari jarri dion erronka Dylanek euskaraz nola kantatuko lukeen imajina-tzea izan da. Desafioa ez zen 100 kantuetan zer esaten duen esatea, Dylantasuna euskaraz eraikitzea baizik”, azpimarratu zuen Garziak.
Payari erregistroaren atala moldatzeak loa kendu omen zion. “Zuka hasi nintzen dena itzultzen eta ikusten nuen Dylanen erregistro aniztasun horretan zuka idazteak ez zuela guztia borobiltzen. 700 kantu egin dituen norbaiti buruz ari gara. Kantu erlijiosoak, jazza, folka, blues-a eta burutik pasatzen zaizuen guztia egin du. Ameriketako testuinguruan, erreferentzia historikoetara jotzen du, probokaziozko kantuak egiten ditu eta aniztasuna izugarri zabala da. Gainera, bere 80 urterekin oraindik kantuan jarraitzen du eta beraz, ez da inolako lan erraza”, nabarmendu zuen Payak.
Emaitza “100 pospolo dituen kaxa bat” omen da, liburuari erreferentzia eginez. “Izan ere, Nobel sari berezi baten aurrean gaude eta kantu hauetako bakoitza ingelesez pizten zenean hemen gaudenoi ere Blowing in the wind, Desolation row, Knocking on heaven’s door eta Mister tambourine man bezalako kantuek emozio batzuk sorrarazi eta hori bera euskaraz sortzeko gai nintzela ikusi nahi nuen”, adierazi zuen.
dylantasunaren sorrera
Prozesu honetan Paya “arkitekto baten pare” sentitu omen da. “Ez dakit nolakoa izango den Herbeheretako arkitektoen bizitza, baina esango nuke halako zerbait izan behar dela. Nik itsasoari lurra jarri diot eta Dylantasuna sortzen ahalegin du naiz”, aitortu zuen.
Horretarako, zeruak eta lurrak mugitu behar izan zituen gainera. Gabriel Aresti, Xabier Lete, munduko poesia kaierak eta antzeko egoeran sentitu izan diren pertsonak arakatu ditu goitik behera. “Azkenean, kantu bakoitzaren aurrean estrategia desberdin bat erabili dut. Ia-ia anbulantzia bat istripu batera iristen denean bezala sentitzen nintzen: ez nekien zer topatuko nuen eta nondik hasi beharko nintzen. Beraz, letra bakoitza hartu, esanahia ikusi eta horren entzungarritasuna aztertu nuen, kantu horrek transmititzen duena pospolo bat delako”, azpimarratu zuen Payak.
Bere hitzetan, Bob Dylan ezaguna baldin bada, “sentitu dugulako” da. “Lehenengo aldiz entzuten den kanta hori ulertuko ez balitz, Bob Dylan ez litzateke Nobel sarira iritsiko. Horregatik, kasu askotan, bere letraren eta iruditeriaren zehaztasuna euskarara ekartzerakoan, ezinbesteko baldintza bat zen kantua belarrietatik sartzea lehenengo irakurraldian”, aitortu zuen.