- Ibai Aizpurua irundarrak Durangoko Azokako IV. Sormen Beka irabazi du Barraka bideojoko proiektuarekin. "Izugarrizko poza daukat, aukera izugarria delako, behar nuena egiteko aurrerapausu bat", aitortu zuen diseinatzaile eta programatzaile irundarrak saria jaso ostean. Sormen beka honi esker, Aizpuruak 15.000 euroko dirulaguntza izango du bere ideia errealitate bihur-tzeko urtebeteko epean. Aurtengo bekaren gaia sorkuntza digitala den horretan, proiektuak arlo horrekin bat egiten duten irudi errealak, animazio tradizionala edota stop-motiona dakartza ezaugarri nagusi moduan. Alor praktikoan, ordea, abenturako bideojoko umoretsu bat da. Ainhoa izango da jokoaren protagonista, barraka sorgindu batean sartu eta fantasiazko mundu bitxi batean murgilduko den neska bat.

"Barraka oso proposamen iradokitzaile eta tentagarria da. Haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria sortzen du, begiekin jateko modukoa", azaldu zuen Lorea Arakistainek, epaimahaiaren bozeramaileak. Mundu horri itxura ematen ahaleginduko da Aizpurua datozen hilabeteetan, berak onartu zuen moduan, oraindik hasieran dagoelako: "Irudi batzuk daude sortuak, baina programazioa ukitu gabe dago eta ez da prototipo bat existitzen. Bide oso luze bat dago gara-tzeko, eta urte honek emango dit denbora esperimentatzeko, ni ohituta nagoelako prototipoak asteburu bakarrean sortzera".

Hartara, bideojokoa izango den horri begiratzeaz gainera, Barraka-ren jatorriari ere erreparatu behar zaio, edozein ideiaren atzean arrazoi bat dagoelako ohikoa denez. Kasu honetan, Aizpuruak parke tematikoak zituen buruan hasiera batean, baina zerbait "hurbilagoa" lortzeko inten-tzioa zeukan. Hori ikusita, soluzio bat topatu zuen laster urrunegi joan gabe. "Bideojokoetan beti daude horrelako topiko handiak, eta barrakekin horiengandik urrundu naiteke, zerbait originala sortu esplorazio joko ideia horrekin", zehaztu zuen sortzaile irundarrak bere ideiaren harira.

Ibai Aizpuruaren Barraka proiektuak ez du oraingoz ibilbide luzerik, diseinatzaile eta programatzaile irundarrak beka lortzeko espresuki sortu zuelako duela pare bat hilabete. "Lehenago ez zen existitzen, lehenago banituen proiektuak, bakarrik zein lagunekin, baina Barraka honetarako sortuta dago erabat", adierazi zuen.

Dena den, bideojokoen sorkun-tza ez da Aizpuruaren eguneroko lana, normalean Donostiako Medialaben dabilelako programazioa eta animazioa irakasten, beste gauza askoren artean. Gauzak horrela, bere aisialdia baliatzeko ohitura dauka horrelakoetan ibili ahal izateko "Beti gustatu zait irudiarekin probak egitea eta gauza ezberdinak esperimentatzea", onartu zuen bere zaletasunaren harira.

Oraingoan, Aizpuruak berak egingo du bideojokoa ia osotasunean, diseinua, irudiak, animazioa zein programazioa bere gain hartuz. Hori bai, musikari dagokionez, Gonzalo Sardonen laguntza izango du.

Eta bai, atzokoa zalantza barik momentu polita izan zen Aizpuruarentzat, baina bazekien aldez aurretik irabazlea zela. "Gerediaga Elkarteak deitu zidan, bestela gaur ez nintzen hemendik egongo", itxi zuen irribarre artean.