- Kirmen Uribek bere azken liburua aurkeztu zuen atzo Durangoko Azokan, Izurdeen aurreko bizitza. Azken lan honek izenburu deigarria dauka, baina horren atzean dagoen esanahiak balio berezia du. “Barandianani irakurri nion izurdeak garai batean pertsonak zirela, baina laminak maitatzearren izurde bilakatu zirela. Orduan, edozein erabakik aldaketa bat dakar gure bizitzan”, azaldu zuen idazle ondarroarrak.
Duela hiru urte hain zuzen ere, Uribek aldaketa garrantzitsu bat egin zuen bere bizitzan, New Yorkera mugituz bere familiarekin. Bertan, Cullman beka jaso ostean, azken nobela hau ibili da ekoizten astiro-astiro. “Lau urteko lanaren emaitza da, eta agian da nire nobelarik laburrena”, esan zuen barrezka Uribek.
Emaitza jada argitaratu da, baina atzera joz, zeintzuk dira zehazki nobela honen sustraiak? Gogoratu beharra dago Uriberen bekaren saria Edith Wynner liburuzainaren artxiboa arakatzeko aukera zela. Wynner iraganean Rosika Schwimmer sufragista hungariarraren biografia lantzen ahalegindu zen, baina ez zuen inoiz amaitu. “Schwimmer Nobel sarirako hautagaia izan zen, baina ahaztua, beste milaka emakume bezala garai hartan”, nabarmendu zuen Uribek.
Gauzak horrela, Uribek kontakizuna bestelako era batean jorra-tzeko beharrean ikusi zuen bere burua, eta hori posible izateko hausnarketa prozesu handia egin behar izan zuela aintzatetsi zuen: “Nire burua trebatzen ibili naiz: badakizu honela idazten, orduan idatzi ez dakizun moduan”.
Hartara, Izurdeen aurreko bizi-tza eleberriaren barruan, forma ezberdinetan idatzitako hiru liburu daude. Esaterako, lehenengoak Uribe bera du oinarri: idazle batek beka bat jasotzen du eta Schwimeren istorioa idazten ahalegintzen da. Bigarrenean, ordea, ibilbidea zeharo aldatzen da, emakume bat bihurtzen delako kontalaria. “Bigarren zatia ez da nobela bat, emakume batek bere lagun onenari idatzitako gutuna baizik”, ziurtatu zuen idazle ondarroarrak. Azkenik, hirugarren zatiak jolasean dabiltzan bi ume ditu oinarri.
Uribek argi utzi zuen atzo, lau urte behar izan ditu Izurdeen aurreko bizitza eleberria idazteko. Azken urteak New Yorken igaro ditu, eta erabaki horrek bere bizitzan aldaketak ekarri dituen horretan, alderdi positiboak azpimarratu zituen: “Batez ere lagundu dit hausnartzen, formari buruz. Idazle, margolari edo sortzaileak kanpora joaten garenean, ikasten dugu”.
Etengabeko sorkuntza prozesu horretan, soinez soin ibili da lanean Susa argitaletxearekin azkeneko urteetan. Zentzu horretan, nabarmendu behar da Izurdeen aurkako bizitza liburuak hiru amaiera ezberdin izan dituela behin betikoa topatu arte. “Liburu bat egiten da pelikula baten moduan, lehendabizi idazten duzu dena, eta gero berridatzi”, azaldu zuen Uribek.
Bere liburu berriaz hitz egiteaz gainera, Uribek ez zuen galdu umorea solasaldian zehar eta amaieran euskarazko hitz berezi bat gogorarazi nahi izan zien ikus-entzule guztiei: etzidamu. “Etzidamu da euskararen altxorretako bat, ez dago beste hitzik munduan etzidamu esaten duena, hain urrun doana”, nabarmendu zuen ondarroarrak.
Era berean, Uribe pozik zegoen DA-ra itzultzeko aukera izatearren, eta argi zeukan datozen egunetarako plana: “Durango, Durango eta Durango”. Horixe aldarrikatuz itxi zuen atzoko solasaldia Uribek. Hortaz, esan zuenari so eginez, baliteke etzidamu oraindik Landako gunetik ibiltzea.
“New Yorken egoteak batez ere lagundu dit hausnartzen liburuen formari buruz”
Idazlea