Oihaneder Euskararen Etxean emanaldi berezia eskeiniko da bihar; alde batetik antzezlan labur bat ikusteko aukera izango delako, eta bestetik, liburu bat aurkeztuko dutelako. Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuari buruzko solasaldia izango da Mikel Ayllon egilearekin, eta liburuan oinarritutako Elkar ezagutu genuen eguna antzezlana. Irati Onaindia eta Aritz Bengoa aktoreekin, Igor Arzuagaren musikarekin eta Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean burutuko da liburuaren aurkezpen an-tzeztua. Arratsaldeko 18:30 etan izango dabertako klaustroan.
Mikel Ayllonek eta Igor Arzuagak Piszifaktoria esperimentazio taldea osatzen dute: 2015ean sorturiko proiektu honetan artearen diziplina desberdinetan aritzen dira bi artistak. Hain zuzen ere, artearen adierazpide desberdinen arteko mugak ikertzea eta begiratzeko, esateko eta adierazteko modu berriak bilatzea dira laborategian prestatzen dituzten edabeen helburua.
“Gidoi hau nik idatzi nuen Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuko ipuin batean oinarrituta dago. Bai jatorrizko ipuinean zein antzezlanean, zoriontasunaren bilaketa da ardatz nagusia. Nire buruari askotan galdetzen diot zer den egin behar duguna zoriontsuak izateko, eta iruditzen zait denok eman beharko genukeen lehenengo urratsa zoriontsuak izatea aukeratzea izan beharko litzatekeela”, dio DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian Mikel Ayllonek, liburuaren gidoilariak. “Antzezlaneko protagonistak halako batean ohartuko dira haien bizimodua ez zaiela gustatzen, ez direla ari egiten benetan egin nahi duten hori, eta beste bide bat hartzea erabakiko dute, zoriontsuak izateko”, gaineratzen du.
Ildo horretatik, gidoilariak azaltzen du lan hori errazagoa izan dela ipuina aurrez idatzita izateagatik, eta horrek erraztu egin duela ondorengo lana. “Kasu honetan, aurretik idatzi nuen ipuin batean oinarrituta dagoenez gidoia, pixka bat errazagoa izan da.
Hala ere, ez da gauza bera ipuin bat idaztea edo agertoki baten gainean antzeztuko den gidoi bat prestatzea. Bi hizkuntza, bi kode desberdin dira. Istorioa argi neukan, baina ondo aztertu behar izan nuen ipuineko zein zatik fun-tzionatuko zuten hobeto taula gainean, zati horiek berridatzi eta gidoia osatu ahal izateko”, dio. Hala ere, liburua aldez aurretik idatzita edukitzeagatik erraztasun hori gehitu arren, Mikelek onartzen du mota horretako lanetan konplikazio edo egoera zailagoak daudela, adibidez, aurretiko lana.
“Zailena da lan asko egin behar dela horrelako antzezlan bat prestatzeko”, onartu du. “Milaka xehetasun hartu behar dira kontuan, gidoia idazten hasten zarenetik, jendaurrean antzezten duzunera arte. Jendeak ikusten ez duen lan piloa dago atzean eta etengabe hartu behar diren milaka erabaki: nolako jantziak eramango dituzte pertsonaiek, non kokatuko ditugu argiak, ze mugimendu egin behar dituzte aktoreek... Den-dena oso neurtuta dago antzezlan honetan eta hori lan ikaragarri zaila da”.
“Miragarria”
Hala ere, zaila izan arren, oso gustuko duen lana da. Askoz abantaila gehiago dituena beretzat. Horrelako prozesu batean, atseginena, “zalantzarik gabe”, “beste jende batekin batera lan egiteko aukera da”, onartzen du.
“Niretzat miragarria da ikustea nola paper batean idatzi ditudan pertsonaia batzuk, bat-batean, hezur-haragizkoak bihurtzen diren. Nire paperean bi dimentsio zituzten eta, bat-batean, altxatu egiten dira eta hiru-dimentsio dituzte, haragizkoak dira, ahots bat daukate... Luxu bat izan da lan hau Pablo Ibarluzea zuzendariarekin, Irati Agirreazkuenaga eta Aritz Bengoa aktoreekin edo Igor Arzuaga musikagilearekin partekatu ahal izatea, eta ikustea nola beste dimentsio batera eraman duten nire buruan sortu zen istorio hau”, nabarmentzen du poztasunez.
Ordu eta hilabete askoko dedikazioa eta ahalegina, zoriontasunerako bidean. Oihaneder-era hurbiltzen diren familiek gozatu ahal izango dute, aldez aurretik gonbidatuta eta sarrera emanda. “Igandean Oihanederren egingo dugun emanaldia berezia izango da, an-tzezlana ikusi ondoren, publikoarekin solasaldia egingo dugu eta ikusitakoaren inguruan hitz egiteko aukera izango dugu. Oso esperientzia polita da hori bai ikusleentzat zein guretzat, oso aberasgarria delako entzutea jendeak nola bizi izan duen guk proposatu diogun bidaia hau. Beraz, animatu eta etorri!”, ondorioztatu du Ayllonek.