1836.urtean Gasteizen, lehen karlistaldian. Josefa de Mugika alarguntzear da. Hiru egun barru, hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi, okina ogibidez, exekutatu behar dute, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Garrotez hilko dute. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio-sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, zerbait gehiago ere leporatzen diote Joseri,... azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.200etik gora soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela uste dute liberalek. Egia ote? Bihar estreinatuko da Ogiak hizketan baleki (Mamiak Kolektiboa)antzezlana Oihaneder Euskararen Etxean, 19.00etan. DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariaren laguntza eta babesa duen antzezlana da.
“Entsegu nagusia joan den ostiralean egin genuen, oso talde txiki baten aurrean. Pozik geratu ginen denok. Jaso genituen sentsazioak oso onak izan ziren. Baina orain ikusleen erreakzioa behar dugu. Oraindik ere azken orduko zenbait gauza falta dira fintzeko, orrazteko, baina ongi aterako da dena. Azken ukituak baino ez dira falta”. Hitz horiekin, Txema Ramírez de la Piscinak, Mamiak Kolektiboaren Komunikazio zuzendariak, esan du jada ez dela ezer geratzen gasteiztarrek obra horretaz gozatzeko, azken xehetasunak baino. “Hori bai esan dezakegu: ostiralekoa desberdina izango da. Bertaratuko den jendeak sorpresa positiboren bat edo beste topatuko du. Obrak 40-45 minutu irauten du. Gero solasaldia izango dugu, obraren inguruan, kolektibo-kide eta bertaratuko diren ikusleen artean. Terapia kolektiboa izango da”, gaineratu du.
Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak antolatutako TopAraba lehiaketan lehen saria lortu zuen obra honek. Egitasmoak otsailaren 27an eman zituen bere lehen pausoak Oihanederren egin zen egun osoko topaketan: goizean aditu ezberdinen ekarpenak jaso zituzten, eta arratsaldeko saioko laborategian kultur sortzaileek beren artean elkar ezagutu eta diziplinarteko proiektu zehatzen inguruan saretzeko aukera izan zuten. Diziplina ezberdinetako sei sortzailez osatuta dago Mamiak kolektiboa: Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikerketa historikoa) eta Txema Ramírez de la Piscina (komunikazio arduraduna). “Gehientsuenok elkar ezagutzen bagenuen ere, hau da elkarlanean aritzen garen lehengo aldia. Belaunaldi desberdineko pertsonak gara. Bakoitzak bere fobiak eta filiak ditu, baina -momentuz behintzat-harmonia ederrean eraman dugu prozesu osoa”, kontatu du komunikazio arduradunak.
Antzerki lan honek 1836an jarriko du publikoa. Jose de Elosegi hil egingo dute traidorea izateagatik, baina, azken unean, 1.200 heriotza leporatuko dizkiote. Bertsio ofizialak dio Jose de Elosegik soldadu haiek guztiak ogiaren bitartez pozoitu zituela. Hori egia izango balitz Elosegi munduko serieko hiltzaile “nagusia izango li-tzateke. Ez dago ebidentzia zientifikorik hori baieztatzeko. Gure ustez badira nahiko motibo bertsio hura ezbaian jartzeko. Agian XIX. mendeko fake news handi baten aurrean gaude”. Baina, zergatik gai hori? “Bada pasadizo hori bereziki ezezaguna delako gasteiztarren artean, agian deseroso egiten zaigulako edo. Oso oharkabean geratu den pasartea da; beharbada hildako gehienak atzerritar eta mer-tzenarioak zirelako. Baina XXI. mendeko pandemian baino jende askoz gehiago hil zen Gasteizen 1836ko lehen hilabete haietan. Dokumentazio dezente dago, baina dokumentu gehienetan protagonistak gizonezkoak dira. Eta guk buelta eman nahi izan diogu horri, eta fokua emakume batengan jarri; Josefa de Mujikarengan alegia, alarguntzear eta preso egon den emaztearengan”, ondorioztatu du Txema Ramírez de la Piscinak.
“Ostilarekoa desberdina izango da. Bertaratutako den jendeak sorpresa positiboren bat edo beste topatuko du”
“Gero solasaldia izango dugu, obraren inguruan, kolektibokide eta bertaratuko diren ikusleen artean; terapia kolektiboa”