Ezpata eta daga eskrima. Mende bete katiluko ezpata eta haize-oihaldun daga (1628-1731) liburuaofizialki aurkeztu zitzaien atzo herritar guztiei. Iker Alejo Suescunena da, eta Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak argitaratzen du. Arabako Armeria Museoak berak koordinatu ditu dokumentazio eta azterketa-lanak. Aurkezpenean Inmaculada Sánchez Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak eta Iker Alejo Suescun liburuaren egileak egon ziren.
“Liburuak katiluko ezpatarekin eta haize-oihaldun dagarekin egiten den eskrima zabaltzen eta balioztatzen lagundu nahi du”, azaldu eta erantsi egin zuten Arabako Foru Aldundiatik: “Gaur egun museotan miresten diren ezpatak eta dagak duelu eta autodefentsa tresna gisa erabili ziren bere garaian. Garai hartako pieza historikoen eta dokumentazioaren azterketari esker, arma horiei aplikatutako esgrima berreskuratu ahal izan da”. Horrela, ikerketa prozesu luze baten ondoren, eskuliburuak katiluko ezpatarekin eta haize-oihaldun dagarekin egiten den eskrima praktikatzen hasteko oinarriak eskaini nahi ditu, “arnes bikoitzen eskrima ere esaten zaiona”.
Lan hori Foru Aldundiak azaldu ondoren, idazle honen lan-ibilbidea ezagutarazi eta gogoratu nahi izan zuten. Horrela, azaldu zutenez, Iker Alejo Suescunek 2000. urtetik egiten du eskrima, eta Espainiako Eskrima Federazioak I. mailako Eskrimako Monitore izendatu zuen 2003an eta II. mailakoa 2011n. Horrez gainera, “Gasteizko CSE Eskrima Kluba zuzentzen du 2005. urtetik. 2008tik ezpata eta daga eskrima ikertzen ditu, katilu eskubabesa duten ezpaten eta haize-oihal esku-babesa duten dagen erabilera, batez ere”. Arlo akademikoari dagokionez, 2008. urtetik arma zorrotzei buruzko ikerkuntza profesionalean dihardu. 2009. urtean, Arabako Arma Museoko katalogazioa egin zuen, eta “Arabako Foru Aldundiko arma zorrotzei buruzko teknikari laguntzailea da. Erakunde horren bidez, dibulgazio lana egiten du, arma zorrotzei eta eskrimari buruzko hitzaldiak emanez”, ondorioztatu zuten.