Istoria xumeak, 'miniatura'-n

Amarika Aretoak Pentti Sammallahtiren 'Miniatura' izeneko argazki bilduma hartu du irailaren 19ra arte

16.07.2021 | 00:21
Argazkian, gizon bat atzo inauguratutako erakusketa bisitatzen ari da. Argazkia: Alex Larretxi

Errusia. Karelia Voukkiniemi, 1991. Bi haurrek irribarre egiten dute ilusioz, beste bi haurrek, berriz, trabatuta dagoen auto bat bultzatzen duten bitartean. South Afrika. 2002. Txakur bat eta txori bat, bata bestearen aurrean, tinko behatzen dira irudi adierazkor batean. Eta irudi horiek bezala, Amarika Aretoan 120 argazki daude Pentti Sammallahti argazkilari filandarraren Miniaturak izeneko bilduman.

Horrela, atzo aurkeztu zen Pentti Sammallahti argazkilari finlandiarraren miniaturak erakusketa. Formatu txikiko 120 irudi ditu, eta irailaren 19ra arte egongo da ikusgai areto honetan. Gainera, Estatuan estreinatzen den lehen aldia da erakusketa hau, eta Berlinen jarriko da ikusgai irailetik aurrera. Bilduma hori atzo aurkeztu zuen Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Anne Morin erakusketaren komisarioarekin batera. Diputatuak azaldu zuenez, miniatura hitza antzinako Mesopotamian erabili zen horma-pinturetarako, eta gero Erdi Aroko eskuizkribu argituetan. "Miniatura koadro txiki bat da, eta hura egiteko, monje kopistak astiro-astiro egin behar du lan, obraren gainean makurtuta, pieza ñiminoen urregilea balitz bezala", azaldu zuen. "Kontu, geldotasun eta argitasun hori bera darie Pentti Sammallahtiren argazkiei", erantsi zuen. Izan Solovski-ko (Errusia) Itsaso Zuriko basamortu zabalak, izan animalia sinesgaitzak bizi diren Europa erdialdeko baso trinkoak, izan munduko mugarik urrunenak, irudi bakoitza istorio txiki bat da, "alegia bat, edertasuna existitu dadin ikustea nahikoa dela hitz gutxitan adierazten duen kondaira".

Ildo beretik, Ana del Val eta Anne Morinen hitzetan, urrutitik zein gertutik, Sammallahtin "gai da xehetasun bakoitzari, xumea izan arren, eginkizun nagusi bat emateko bere miniaturetan, partitura bateko musika nota bat bezain funtsezkoa". Izan ere, irudi bakoitzak paisaiak eta animaliak ditu ardatz. Nekea, tristura erakusten duten irudiak ere badaude. Eta beste aldean, hausnarketa bultzatzen dutenak. Argazkien artean, gizartearen begiradarako ia hautemanezinak diren xehetasunak ikus daitezke, baina harrigarriak argazkietan islatuta. "Barrutik ikus daitekeena arakatzen du haren begiradak, eta munduratu egiten ditu partikula autoktono txiki hauek, airea bera baino arinago den ikatz hautsa balira bezala", azpimarratu zuen Morinek.

Hiru urteko lana Duela hiru urte, Anne Morinek proiektu hau hasi zuen, eta erakusketa amaitu ondoren aurkeztu zen lehen aldia da. Gasteiz izan da helmuga eta irailaren 19an Berlinera abiatuko da. Anne Morinek argazki honetako irudiekin hunkituta dagoela aitortu zuen atzo. "Proiektu xumea iruditzen zait. Beren argazkiek dena xehetasunez dute; ez dute ezer soberan, ez zaie ezer falta. Beti zuri-beltzean egiten ditu, eta animaliak izaten ditu protagonista. Gainera, mundu guztiarentzat eskuragarri dagoen lana da; irudi horiek argudiorik behar ez duen hizkuntza unibertsal eta funtsezkoa erabiltzen dute", azaldu zuen.

Ildo horretatik, honako hau gaineratu zuen: "Perla kolore arineko zeru grisak dena estaltzen du. Isiltasuna irristatu egiten da; beltza trinkoa da, baina distiratsu jarraitzen du. Txoriek gau aldera jotzen dute; hodeiek eraso egiten dute; gizakia zeruertzean dago, munduaren mugan. Begiratu egiten du. Bitxia, zoragarria, ulergaitza, denari egin behar dio aurre". Argazki hau ikusi nahi dutenek Amarika aretoa arratsaldeko 18:00etatik 21:00ak arte egongo da zabalik.

"Gasteiztar guztiak animatu nahi ditut erakusketa hau ikustera etortzera. Guretzat, Arabako Foru Aldundiarentzat, ohorea da gure hirian horrelako erakusketa bat estreinatzea", ondorioztatu zuen diputatuak aurkezpenean.

"Gai da xehetasun bakoitzari eginkizun nagusi bat emateko bere miniaturetan"

Ana del Val

Kulturako foru diputatua

"Proiektu xumea iruditzen zait. Argazkiek ez dute ezer soberan; ez da ezer falta"

Anne Morin

Erakusketaren komisarioa

noticias de noticiasdealava