- Premia pertsonal eta emozionalaren ondorioz eta bere arima argitara ateratzeko asmoz, Paule Bilbaok Arima proiektua sortu zuen 2018an. Ahalegin, mimo eta dedikazioarekin, bere proiektu pertsonala hazi egin zen, eta taldeari Gontzal Bilbao eta Josu González gehitu zitzaizkion, power trioa sortuz. Metamorphosis izeneko lau abestiz osatutako disko batekin hasi zuten ibilbidea, eta orain bigarren diskoa atera dute, non "talde gisa abestien letran eta musikan bertan hazi garela nabaritzen den", dio Paule Bilbaok. Gogoz eta ilusioz beteta, Arima taldea Jimmy Jazz aretora iritsiko da larunbat honetan, Bonberenea Jai Fidelity dela eta. Han, Paule Bilbaoren arimatik sortutako abesti guztiak interpretatuko dituzte arratsaldeko bostetan. Sarrerak salgai daude oraindik power trioarekin gozatzeko.

Nola hasi zenuen zure ibilbidea?

-Arima musika taldea 2018an jaio zen, baina talde hau sortu aurretik Bilboko beste musika talde batekoa izan nintzen. Han egon nintzen bi urtez, baina orduan, nire abestiak konposatzeko beharra izan nuen eta behar horretatik sortu zen Arima proiektua. Proiektu honekin hasi nintzenean, ez nuen helburu zeha-tzik. Ondoren, Gontzal eta Josu elkartu ziren eta power trioa sortu genuen.

Nola definitzen duzue zuen burua?

-Ez dakit, zaila da, esango nuke proiektu hau emozio pertsonal batetik sortu zela, horregatik hasi nin-tzen nire abestiak konposatzen eta orain Gontzal eta Josu ezinbestekoak bihurtu dira taldean. Uste dut Euskal Herrian ez dagoela gu bezalako talde askorik estiloari dagokionez, eta gainera kantak euskaraz izatea.

Zure emozioetatik sortzen diren abesti horiek esperientzietan oinarritzen dira?

-Esperientzietan oinarritzen dira, baina baita nik entzuten ditudan abestietan eta musikan ere. Izan ere, askotan entzuten ditudan abestiek inspiratzen naute. Lehenengo diskoan, Metamorphosis diskoan, bizitzaren etapa batean inspiratu nintzen, eta bertan lau abesti konposatu nituen. Bigarrena, berriz, gizatiarragoa da, sonoritateari eta letrari dagokienez. Gure disko berrian talde bezala izan dugun bilakaera pertsonala ikusten da; Arima taldean asko hazi gara. Disko osoagoa da, pertsonalagoa. Horregatik du izena, Biluztazunez jantzita.

Larunbat honetan Arima arituko da Gasteizen. Zer abesti interpretatuko dituzue Jimmy Jazz aretoan?

-Disko hau maiatzaren 6an atera zen eta aste honetan Gasteizen disko berria aurkeztuko dugu. Hala ere, gure lehen diskoko abestiak ere joko ditugu.

Zeintzuk izango dira emango dituzuen hurrengo urratsak?

-Ez dut helbururik finkatu, une bakoitzean sortzen eta desiratzen dena egitea gustatzen zait. Oraintxe bertan, gure disko berria aurkeztu eta ezagutzera eman nahi dut. Etorkizunean, batek daki. Abesti berriak partekatzen jarraituko dugula pentsatzen dut, horretan behin-tzat gogoa daukat.

Pandemia sortu zenetik, zuen jarduera berreskuratu al duzue?

-Ez. Kontzertuak orain askoz ere hotzagoak dira. Izan ere, kontzertu batean egotea eta ikusleen aurpegia ezin ikustea ez zait gustatzen; maskarek aurpegia gehiegi estaltzen dute, eta hori hotza da niretzat. Baina, hala ere, ez naiz kexatzen, hori beti da hobea ezin jardutea eta kon-tzertuak ez eskaintzea baino. Nahiago nuke egoera hobetu eta lehen egiten genuen bezala egitea berriro ere, maskararik gabe eta afororik gabe, baina momentuz horrela ere konformatzen naiz. Gainera, oso pozik gaude gure disko berriarekin eta erakusteko eta abesteko gogo handia daukagu.