- Larunbat honetan, Liher taldeak bi kontzertu eskainiko ditu Gasteizko Hell Dorado aretoan. Iñigo Etxarri taldeko gitarrista eta koruak egunkari honetan adierazi duenez, Arabako hirira gogo biziz itzultiko dira, hiri hau "bigarren etxe" baten modukoa baita haientzat. 2015. urtean urtean hasi zuen ibilbidea Liher proiektuak. Bakarkako maketa bat atera zuen orain taldeko abeslari eta gitarra-jole den Lide Hernandok, Arrazoi gutxi, denbora asko izenekoa. Ostera, talde bilakatu zen proiektua, eta egun Iñigo Etxarri (gitarra, koroak), Joshka Natke (baxua, koroak) eta Ander Berzosa (bateria) biltzen dira Liher izenaren azpian.

Larunbat honetan, Gasteizera itzuliko zarete, pandemiaren aurkako segurtasun-neurri guztiekin kontzertu bat eskaintzeko. Nola ari zarete itzultzen koronabirusaren pandemiarekin agertokietara?

-Bizirik irauten ari gara. Kulturarekin zerikusia duen guztia hondamendia izan dela esango nuke. Pandemiaren hasierak Alemanian lanean harrapatu gintuen. Ekonomia goitik behera aldatu digu, baita moralki ere; ilusio asko genituen proiektu honetan, eta kontzertu asko genituen programatuta, eta aste batean kontzertu guztiak bertan behera geratu ziren. Iaz ez genuen hamar kontzertu ere egin, eta, normalean, azken urteotan 50 eta 60 kontzertu bitartean egin ditugu urtero. Beraz, atera kontuak.

Zenbat kontzertu egin dituzue aurten?

-Aurten zorte pixka bat gehiago izaten ari gara. Diru laguntza bat atera zuen Eusko Jaurlaritzak aretoei zuzenduta eta aretoek aukeratzen zituzten musika taldeen programazioa eta abar, eta zentzu horretan zortea izan dugu eta deitu digute. Alde horretatik, pozik gaude, Elorriotik, Zumaiatik, Lezotik, Bilbotik, Donostiatik eta Gasteizetik deitu digute eta azken asteetan astero jo dugu. Eta alderdi horretatik ondo, baina larunbat honetan azken biak ditugu Gasteizen, eta 2021eko panorama nahiko beldurgarria da, ez dakigu non arituko garen datozen asteetan.

Oraingoz ez duzue berreskuratu bertan behera utzi behar izan zenuten kontzertu-kopurua, ezta?

-Oso urrun gaude lehen genuen egoeratik. Ditugun agintari hauekin oso urrun gaude pandemiaren aurreko funtzionamendutik. Ostalaritza eta ekonomia lehenetsi dituzte, batez ere. Zenbakiek agerian uzten dute zeri ematen dioten lehentasuna; turismoan 21 milioi sartuko dira, ostalaritzan 17 milioi eta zuzeneko musikan bi. Hor ikusten da zeri ematen zaion lehentasuna. Lehengo egoera zaila zen, baina askatasun handiagoa genuen. Alde horretatik eskuz lotuta gaude eta ez dakigu nola amaituko dugun urtea. Larunbat honetan bukatuko dugu zikloa eta ez dakigu 2021ean zer gertatuko den.

Non jotzen duzue orain soilik Euskal Herritik?

-Bai, Euskal Herri mailan. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban esatea egokiagoa izango litzateke, Nafarroan behin bakarrik jo baitugu, baina gainerakoa Euskal Autonomia Erkidegoan izan da.

2020an Azkena Rock Jaialdian aritzeko zineten baina, azkenean, pandemiarekin ezinezkoa izan zen. Ildo honetatik, aurten bertan izango zarete?

-Teorian bai, baina, praktikan, ez dakigu zer gertatuko den. Guk lehen genuen lan egiteko modua zen gutxi gorabehera urte bateko aurrekuspenarekin eta gaur aste bateko aurreikuspenarekin ari gara lanean. Dena ondo egongo balitz, 2022ko udarako zer egin pentsatzen egongo ginateke eta aurtengo kontzertuetarako dena itxita izango genuke, baina egun bizi dugun egoera izanda, astez aste goaz, astez aste arauak aldatzen direlako, astez aste, datak bertan behera uzten dizkigutelako. Datu bat ematearren, 70 kontzertu utzi dizkigute bertan behera eta orduan ez dakigu zer gertatuko den. Azkenaren kartelean gaude, eta bertan egongo garela esaten dugu, baina ez dakigu ziur. Alegia, ez dakigu Azkena baino astebete lehenago Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak arau bat atera eta jaialdia debekatuko duten. Orduan, bertan egotea espero dugu, baina zoritxarrez ez dago gure esku.

Laster kontzertu handietan jende askorekin jotzeko aukera izango duzuela uste duzu?

-Koronabirusak eragindakopandemia joan den urteko martxoan hasi zenean, unibertsitate garrantzitsu askok esaten zuten 2022ko udara arte ezin zitezkeela kontzertuak ohi bezala egin, eta hori joan den urteko martxoan esan zuten. Nik uste dut beteko dela, ez dakit noiz ikusiko ditugun beste behin kontzertuak eta aretoak normaltasunez funtsionatzen eta are gutxiago festibalak. Jendeak ez badu serio hartzen pandemia bat bizi dugula, jendeak ez badu uste birus honek egiten duen guztia egiteko gai denik, ez dugu aurrera egiterik izango. Ospitaleek gainezka jarraitzen badute, horren guztiaren ondorioz, kulturak azkena izaten jarraituko du lehentasunen zerrendan. Denon esku dago aurrera egitea kontzertuetara itzuli nahi badugu, prebentzio eta segurtasun arau guztiak ondo errespetatzen baditugu amesgaizto hau atzean utzi ahal izango dugu.

Joan den udan, kontzertuen alternatiba gisa, streaming bidezko kontzertu bat eskaini zenuten Dendaraban. Zer moduzkoa izan zen ikuslerik gabe jardutearen esperientzia hori?

-Bai, Euskal Telebistak prestatu zuen kontzertu batean jo genuen Vitalen, eta ez naiz horrelako kontzertuak egitearen oso aldekoa. Oraintxe bertan aukera ematen digute eserita dagoen publiko batekin aretoetan jotzeko, eta hori gutxienekoa dela iruditzen zait. Nire publikoa kontzertu batean eserita edukitzearen ideia ere ez zait asko gustatzen, baina nahiago dut hori publikoa gurekin ez izatea baino. Streaming bidez egin genuenean, oso kontzertu hotzak direla iruditzen zait, alde batetik, eta bestetik, streaming bidez egitea agerian utzi zuen ikusle askok errespetu gutxirekin tratatu zituztela musikariak. Une batean nazkatu egin ginen; mundu guztiak eskatzen zigun streaming bidezko kontzertuak doan egitea eta animatzeko esaten ziguten, eta justu Alemaniatik itzultzen ari ginen eta bi aste horietan ez ginen kontzertuak doan egiteko moduan egon, nahikoa genuen gertatzen ari zen guztia bereganatzearekin eta gure kontzertu guztiak bertan behera nola uzten ziren ikustearekin. Aste honetan Gasteizen joko dugu eta oso pozik gaude, Gasteizen egotea gure bigarren etxean egotea bezala da. Bi pase egingo ditugu eta dena emango dugu bertan.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

-Uste dut komunikabide publikoek urteak daramatzatela euskaraz osatzen ditugun euskal musika taldeei bizkarra ematen, eta ondorioak jasaten ari gara orain. Horrelako arazo bat egon den honetan, ez gaituzte erakusleihoan jartzen, eta horrela jarraituz, askorentzat etorkizun zaila ikusten dut, horrek erreferente falta eragiten duelako.