Mikel Urdangarinek abenduan aurkeztu zuen Bilboko Euskalduna Jauregian Izurdeen lekua disko berria, pianoa eta ahotsa lagun zituela. Disko honek duela bi urte hildako amari omenaldia egin nahi diola dio, eta, beste behin ere, bihotzetik abesten du, baina oraingoan pianoarekin batera kantatzen du. "Pianoaren atea behin irekita ez dut uste berriz ere itxiko denik", ziurtatu du. Konfinamenduan izurde batzuk agertu ziren Ondarroan, Atxazpitik gertu. Eta herritarrak beren etxeetan konfinatuetan gordetzen ziren bitartean, beste animalia batzuk kalez jabetzen ziren.

Anekdota 2020ko egoera islatzeko metafora bihurtu zen, eta Urdangarini Izurdeen lekua estudioko bere hamabosgarren diskoko abestien titularra izan zen. "Izurdeak beren ingurune naturalean zeuden, eta gizakiok nahiko galduta geunden. Izurdeak beren lekuan zeuden eta gu geu geunden gure ingurune naturaletik aldenduta. Izurdeak, gure kale eta parkeetan bizi izan ziren piztiekin batera, askatasunaren sinbolo bihurtu ziren", adierazi zuen Mikel Urdangarinek. Azken disko honekin, duen hamabosgarren lana da, Gasteizko Silvestar Studios musika estudioan grabatua, eta albuma soinu berrien bilaketari dagokio.

Musika sortzen duzu terapia gisa, eta oraingo honetan, 'Izurdeen lekua'rekin, omenaldi polita egiten diozu zure amari. Zein izan da zure planteamendu orokorra grabazio hau egiterakoan?

-Ohiko ez dudan erabakia hartu nuen diskoan pentsatzen hasi orduko: ekoizle batez laguntzea. Eta halaxe egin nuen, Taldekide eta ekoizle den Koldo Uriarterekin adostuz lan berri honen nondik norakoak. Azken lanetan produkzio artistikoa talde lana izan da gehien bat, grabaketa bera ere bai, estudioan baina denok batera zuzeneko eran. Oraingoan, aldiz, taldearekin elkartu aurretiko ausnarketa behar nuen, kantu berrietarako nahi nuen soinua lehenago erabakiz.

Hamaika abesti, soinu-banda gisa. Oraingoan, gitarra pixka bat urrundu eta pianoari protagonismoa eman diozu. Zer gustatu zaizu gehien lan berri honetaz?

-Gehien gustatu zaidana grabazio estudioa etxe azpian dudala izan da, horrek dakarren guztiarekin. Honekin batera, Koldo Uriaterekin emandako grabatu aurretiko hiru hilabeteak. Kantuen sukaldatzea, prestakuntza bera, gozamen hutsa izan da.

Zer harrera izan du zure diskoak zure publiko leialenean?

-Orain arteko erantzunaz oso pozik nago, bai Euskaldunan egindako hiru aurkezpenekin, bai bestela jendeak helarazi dizkidan mezuekin.

Nola sentitu zara pianoarekin?

-Gustura. Instrumentuarekin maiteminduta nago.

Errepikatuko duzu?

-Pianoaren atea behin irekita ez dut uste berriz ere itxiko denik.

Zer eman dizu pianoak?

-Ikasteko modu bat da. Konturatzen naiz osatzen ari naizena ezin izango litzatekeela gitarrarekin egin. Pianoak gauzak beste era batera egitera behartzen zaitu. Paisaia irekitzen dizu eta hori asko interesatzen zait. Eta, zalantzarik gabe, proiektu berriak osatzeko eta horiei aurre egiteko orduan eragiten dit. Onerako izatea espero dut.

Zer gustatu zaizu gehien disko berri honetatik?

-Zaila da gauza bakarra nabarmentzea. Baina, akaso, joandako amari idaztea eta ariketa zail horretatik onik atera naizela sentitzea.

Nola sortu zitzaizun 'Izurdeen lekua' abestia?

-Gure kostaldetan agertu ziren izurdeak, apirila bukaeran eta konfinamenduaren azkenetan. Izurdeek erakutsi ziguten, haiek nahi gabe, garai hartan gizakiok galdu genuen lekua. Ordutik nekez berreskuratu nahian gabiltzana.

Nola definituko zenuke zure bilakaera pertsonala eta musikala 15 disko hauetan?

-Kostata azal nezake. Ez naiz egokiena horretarako, agian. Esan dezakedan egia bakarra azken urteotan inoizko sendoen eta zoriontsuen sentitzen naizela oholtzan.

Mikel Urdangarinek zer musika mota entzuten du bere aisialdian? Zer musika estilo du gustukoen?

-Sekula ez naiz tribala izan. Edozein muskia mota entzun dut. Emozionatzen nauen musika bilatzen dut soilik, ez dago besterik.

Zure abestiek hegan egiten dute ez dira soilik euskal publikora iristen, euskaraz ez dakien jendeak ere kantatzen ditu.

--Nik euskaraz kantatzen dut baina mundu zabalari kantatzen diot. Euskaraz kantatuta edozein belarri eta bihotzetara hel gintezkeela frogatu eta sentitu ahal izan dut bizitzan. Hori da musikaren indarra, bizitzan beste ezerrekin kostata ematen dena. Zorioneko oparia niretzat.

Nola hasi zinen abeslari?

-Hasieran Nerea Zuluaga izeneko lagun batekin, pare bat urte a capella kantatuz. Ondoren gitarra ikasten hasi eta berehala hasi nintzen nire kantu propioak konponitzen. Garai eferbeszentea. Dena ametsak ziren garaia.

Imajinatzen zenuen musikatik biziko zinela eta hainbeste disko eta kontzertutara iritsiko zinela?

-Bai, imajinatu baino sentitu nuen gertatuko zela. Sinismen handia nuen nigan. Baina, tira, ez orduan, ez orain ez dago etorkizuna asmatzerik.

Koronabirusak sortutako pandemiak geldiarazi zaitu uneren batean?

-Geldiarazi ninduen bai, baina ez luzaro, zorionez.

Nola moldatzen ari zara kontzertuen aro berrira?

-Ondo. Moldakaitza den egoera bakarra kontzerturik gabeko aroa da. Baina, denok bezala, beste egoera bat nahiko nuke bizi.

Uste duzu kultura beste sektore batzuk baino gehiago sufritzen ari dela gaur egungo osasun-krisiaren ondorioz?

-Zalantzarik gabe. Bete-betean kolpatu gaitu, ez dago kalkulu handirik egin beharrik.

Hala ere, zure diskoa atera duzu pandemian egonda. Zure diskoaren azken xehetasunak leuntzeko erabili zenuen konfinamendua?

-Ezin nion utzi pandemiari nire bizitza guztiz alda zezan. Diskoa orain izan behar zuen edo ez zen izango, eta gero gerokoak. Baina aitortu behar dizut konfinamendu zorrotzean ez nuela ezer sortu, deus ez.

Agertoki batera igotzean, lehenengo aldian bezala bizi dituzu emozioak?

-Lehenengo aldiak errepikaezinak dira. Eta kontzertu oro da errepikaezin, bizilege hutsa. Baina nik, akaso, orain, hasierako urteetan baino gehiago disfrutatzen dut taula gainean.

Zer gustatzen zaizu gehien zuzenean aritzen zarenean zure publikoarekin?

-Musikaren indarra dastatzea. Indar ona, batzutan erraldoia. Publikoa eta gure artean sor daitekeen emozio joan etorri horretaz gozatzea.

Musika-karrera hasten duten kantariekin ere aritzen zara. Ahots berrien aldeko apustua egiten duzu?

-Ahots berriak agertzea bizilegea da. Talentuzkoak badira gainera etorrera hori ospakizun bilakatzen da.

Zer aholku emango zenioke musikaren munduan hasten den norbaiti?

-Beti ausart jokatzea, edozein dela emaitza.

"Nik euskaraz abesten dut baina mundu zabalari kantatzen diot. Euskaraz kantatuta edozein bihotzetara hel gintezke"

"Sekula ez naiz tribala izan. Edoizein musika mota entzuten dut. Emozionatzen nauen musika bilatzen dut soilik, ez dago besterik"

"Ezin nion utzi pandemiari nire bizitza guztiz alda zezan. Diskoa orain izan behar zuen edo ez zen izango"