Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarri ditu jada Euskal Osasun Itunean adostutako 332 ekimenen erdiak baino gehiago, eragile parte hartzaile guztiek zehaztutako 24 ildo estrategikoak onartu eta horiek hedatzeko eta gizarteratzeko egungo fasea hasi zenetik sei hilabete eskas igaro direnean.
Aurrerapen horiek berresten dute ildo estrategiko guztiak hasita daudela eta Ituna ez dela itxiera-data duen dokumentu bat, baizik eta Euskadiko osasun- sistemaren eta herritarren premiei hobeto erantzutera begira eboluzionatzen eta egokitzen den akordio bizia. Hala jakinarazi du gaur Alberto Martinez Osasuneko sailburuak Ituna onartu ondorengo lehen seihilekoaren balantzea egiteko Bilbon hedabideekin egindako lan-gosari batean.
Sailburuak zehaztu duenez, ekainean adostutako 332 ekimenetatik, 171 uztaila eta abendua bitartean hasi dira, beste 42 tarteko garapen fasean daude, eta 22 aurreratuta. Ikuspegi kualitatibotik, honako ildo estrategiko hauek izan dute aldi honetan aurrerabiderik handiena: onkologiak, gaixotasun kardiobaskularrei heltzeak, kronikotasunak, osasunaren digitalizazioak, pertsonen politikak eta osasun-azpiegiturek.
Osasuneko sailburuak berak aurreratu duenez, aurreikusten da Euskal Osasun Itunaren barruan adostutako ekimenen %44 2026an erabat ezartzea, eta hurrengo bi urteetan egungo hedapen eta sozializazio fasea osatzea. Ekimen aipagarrienen artean daude Euskadiko Plan Onkologiko Integrala garatzea, Bihotz-gutxiegitasunaren Ibilbidea hedatzea eta BGBKren arretarako ibilbide integrala, dagoeneko hasita dagoena.
Herritarren arretaren esparruan, 'Erantzunak' plataforma jarri da martxan, arreta omnikanala hobetzera bideratua, eta 2026rako WhatsApp kanal bat irekitzea aurreikusten da, Osakidetzaren eta herritarren arteko komunikazio zuzena ahalbidetuko duena.
Antolaketa-berrikuntzaren eskutik joango da teknologia ere. Itunak aho batez erabaki zuen gorabidean zeuden teknologiak eta adimen artifiziala sartzea, profil profesional berriak birdefinitzearekin eta sartzearekin batera. Gaur egun, prozesuak eta emaitzak optimizatzeko AA edo automatizazioa aplikatzeko asistentzia-arloak identifikatzen ari dira.
ERALDAKETA DIGITALERAKO ESTRATEGIA
Aldi berean, 2026rako aurreikusita dagoen Giza Baliabideen Eraldaketa Digitalerako Estrategia definitzen ari dira. Estrategia horrek osasun-langileen gaitasun eta jakintza digital berriak eskuratzea bideratuko du. Antolamenduaren ikuspegitik, Osakidetzak bi zuzendariordetza berri izango ditu: bata, osasun mentalarekin eta eremu soziosanitarioarekin lotuta, eremu horietan arreta integrala indartzen duena; eta bestea, proiektu estrategikoekin eta komunikazioarekin lotuta.
Gainera, Garapen eta Prestakuntzako Zuzendariordetzak izena aldatuko du, eta hizkuntza-politika bere gain hartuko du, Osasunaren Euskal Itunaren helburuen ildotik. Halaber, 2026an ekipamendua erosteko prozedura berriak hasiko dira, prozesu eraginkorragoak eta iraunkorragoak lortzeko bidean. Beste neurri garrantzitsu batzuk honako hauek dira: Lehen Mailako Arretako aginte-koadroa hedatzea, zerbitzuaren kudeaketa eta kalitatea hobetzea ahalbidetuko duen tresna; Lehen Mailako Arretako taldeetan psikologo sanitarioak sartzea; eta Errioxako ESIan iktus ondorengo arreta indartzea, eremu hori geografikoki sakabanatuta dagoelako lehenesten da.