- Abenduaren 5ean hamar urte beteko dira Xabier Lete poeta (Oiartzun, 1944) zendu zela, eta urteurren horren harira, Balea Zuria argitaletxeak omenaldia egin dio Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan liburua argitaratuz.
Hamar saiakera labur eta hamar hurbilketa biltzen dira lan horretan. Horretarako, hamar idazle eta aditu elkartu dira proiektuan: Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Lourdes Otaegi, Itxaro Borda, Inazio Mujika, Jon Gerediaga, Jon Martin, Alex Gurrutxaga eta Ainhoa Urien.
XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzia nagusietako bat izan zen Lete, belaunaldi oso bati euskarazko poesia gerturatu bai-tzion. "Euskararen eta askatasunaren aldeko haren konpromisoak eta gogoetek garrantzia berezia dute. Frankismoaren amaierako urte ilun haietan terrorismoaren aurkako konpromiso argia erakutsi zuen, eta ezin hobeto transmititu zuen, euskal gizartea eta kultura defendatzen zutela ziotenek, hain zuzen ere, gizarte eta kultura horri eragiten zioten kaltea ikusteak sortzen zion samina", nabarmendu zuen liburuaren aurkezpenean Harkaitz Millan Kultura diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundian.
Egile batzuk ere izan ziren aurkezpenean, eta Urretabizkaiak, liburuan agertzen den Xabier Leteri egindako elkarrizketari buruz hitz egin zuen. "Hermes aldizkarian argitaratu zen bere garaian eta oso gutxi zabaldu zen. Bizitza osoan zehar egin dudan elkarrizketa hunkigarriena da, eta iruditzen zitzaidan zabalkundea merezi zuela", esan zuen Urretabizkaiak.
Elkarrizketak bi ildo nagusi ditu. Alde batetik, abertzaletasunaren eta nazionalismoaren arteko desberdintasunari buruzko hausnarketa eskaintzen du; eta bestetik, oinazearen inguruko hausnarketa ere jasotzen du.
Otaegik Leteren obraren inguruko azterketa kritikoa eskaini dio liburuari Izatetik izatera. Xabier Leteren genealogia literarioaz izenburupean. "Aurretik Leteri buruz argitaratu ditudan lanen jarraipen bat dela esango nuke. Poetaren idazteko tankerak deskribatzen saiatu naiz , baita gaiek eta liburu moduek izan duten ibilbidea ere. Ibilbide horretan Leteren inguruko testuen edukia eta, batez ere, haien genealogia berreskuratu nahi izan dut", adierazi zuen Otaegik.
Leterentzat paisaia ederrek duten garrantzia aztertu du Urienek Bianditz gailurraren bestaldean atalean. "Letek esaten zuen bezala, Bianditz mendiak amets egiteko parada eskaintzen du eta horri begiratu nahi izan nion. Lete, Bianditz mendian gora, heriotzara bidean balihoa imajinatuz saiatu naiz kontakizuna osatzen, bere azken liburuko hainbat poemetan lantzen dituelako Bianditzen oso antzeko paisaia ederrak", esan zuen Urienek liburuaren aurkezpenarekin amaitzeko.