Ez atera argazkirik, polizia inguruan dabil". Erromako Navona plazaren ondoan, agure bat urduri ari da alde batera eta bestera begiratzen. Eskuineko besoan hainbat orri daramatza, eta ezkerrekoan zelo-biribilkia. Agureak gure presentzia erreparatu du, baina ez digu kasurik egin. Argazkirik ez ateratzea, hori da eskatu duen gauza bakarra. Halako batean, nahiko higatuta dagoen eskultura baten aurrean geratu da eta orri bat itsatsi du ondoan. Ez da estatuaren inguruan ikus daitekeen ohar bakarra. Ondoko paretan asko daude.
Agureak buelta erdi eman eta Erromako kale hutsetatik ihes egin du. Baina ohartxoa hor dago, nork irakurriko duen zain. Ezinezkoa tentazioari ez eustea. Agurearen letra ez da oso ulergarria, baina paper zati zimurtuan zera irakur daiteke: "Koronabirus maitea: Erromak suteak, izurriteak eta gehiegikeriak gainditu ditu. Zu ere garaituko zaitu. Agian guk ez dugu biziraungo. Agian pertsona asko hilko dira. Baina Koliseoak hor jarraituko du". Ohartxo hori ez da koronabirusari dedikaturiko testu bakarra. Konfinamendu garaian pandemiaren gaineko esaldi andana utzi dituzte erromatarrek.
Halere, zergatik daude paper zatiak estatua baten inguruan itsatsita eta ez beste toki egokiago batean? Eskulturara pixka bat gehiago hurbilduz gero, plakatxo bat atzeman daiteke: "Pasquino, Erromako lehen estatua hiztuna". Izan ere, XVI. mendeaz geroztik, zentsurari aurre egitea lortu duten Erromako sei eskulturetako bat da Pasquinorena. Guztiak, satira eta kritika politikoaren agertoki ezagunak dira. Madama Lucrezia, Facchino, Abade Luigi, Babuino, Marforio eta Pasquino dira haien izenak.
Zaila da jakitea noiz hasi ziren erromatarrak estatuen inguruan halako esaldi satirikoak zintzilikatzen. Batzuek diote ikasleek irakasleen aurka idatzitako testuak izan zirela lehenak. Edonola ere, Erdi Aroan, gobernadoreen eta eliza katolikoaren kontrako ohartxoek ospetsu egin zituzten eskultura hizlariak. Vatikanoak Erroma gobernatzen zuen garaiak ziren horiek, eta zerga altuek jomugan zeuzkaten herritarrak.
Agureak idatzitako testuaren ondoan beste esaldi bat irakur daiteke: "Pasquinok koronabirusa ezagutu izan balu... horiek bai komeriak!". Bada, Pasquino kuxkuxero galanta omen zen. Ahozko tradizioak dio bizargina edo jostuna zela, eta, askotan, Vatikanoarentzat lan egiten zuela. Aita Santuaren etxetik itzultzen zen bakoitzean, elizaren gaineko txutxu-mutxu andana kontatzen omen zizkien bizilagunei. Bere istorioak Erroma osoan zabaltzen ziren. Pasquino hil zenean, ipuin kontalariaren izena jarri zioten estatuari.
Herritarren oharrak Edonola ere, agintariek Pasquinoren inguruan itsatsitako oharrak apurtzeko agindua ematen zuten noizean behin. Herritarrek ez zuten haien iritziak uzteko plataformarik eta eskultura berriak aukeratu zituzten. "Bigarren platera naiz, baina ez zait axola" irakur daiteke Abade Luigi estatuaren ondoko orri puska batean. Navona plazatik ez oso urrun, Abade Luigiren eskulturak bere tokia aldarrikatzen du. Denboraren poderioz, herritarrek estatuen arteko elkarrizketak sortu dituzte, haien artean elkarri hitz egingo baliote bezala.
Posible da zentsura gainditzea? Erromatarrek argi erakutsi dute horretarako sormen historikoa behar dela. Abade Luigiren omenezko bertso honek argi uzten du hori: "Antzinako Erromako herritarra nintzen./Orain,berriz, Abade Luigi deitzen naute denek./Marforio eta Pasquinorekin batera,/Ospe handia lortu nuen satiretan./Irainak, ezbeharrak eta ehorzketa jasan nituen,/baina bizitza berrian seguru dago".
Konfinamendu garaian ere erromatarrek mezuak uzten jarraitzen dute. Gehienak koronabirusaren gainekoak dira, baina ez denak. "Lucrezia, laster ikusiko dugu elkar. Ez ditut zure ezpainak ahaztu" sinatzen du beste ohartxo batek. Hala bedi.