Bilbo - Orain dela bi aste Irati Elorrieta, Asisko Urmeneta eta Patxi Zubizarreta 2019ko Euskadi Literatura sarien irabazle zirela iragarri bazen, oraingoan Ramón Eder, Juan Carlos Etxegoien -Xamar-, Daniel Innerarity eta Isabel Etxeberriaren txanda heldu da, irabazleen zerrendara gehitu baitira. Izan ere, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak atzo Bilbon aditzera eman zuen azken lau egileak Gaztelaniazko Literatura, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako irabazleak izan direla, hurrenez hurren; aurtengo Literatura sarien azken lau modalitateak osatuz hain zuzen ere.
Zupiriaren esanetan, “Euskadi literatur sariek urteko lanen uzta azter-tzen dute” , eta uzta horien lanik onenak egin dituzte Eder, Xamar, Innerarity eta Etxeberriak epaimahaiaren aburuz. Bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago beste hizkuntza batera itzultzekotan. Hala, zazpi -azken lau hauek eta orain dela egun batzuk iragarritakoak- Euskadi literatura sarien banaketa azaroaren 18an egingo da Donostiako Tabakaleran.
Palmeras solitarias izeneko eleberria izan da gaztelaniako literatura saileko irabazlea, Ramón Ederrek ondua; eta epaimahaikideek gailendu dutenez, “obrako aforismoak jakintsu burlati eta zoriontsu baten aforismoak dira, klasikoen modura. Egileak trebetasun eta egokitasun handiz erabiltzen du ironia, eta ironia hori sakontasun handikoa da. Hala, errealitatearen gaineko ikerketa-lan burutsua dira”. Egileak bere aldetik, erabiltzen duen aforismoa “Twitteren kontrakoa” dela azpimarratu zuen, ez baitu sopresa edota kritika bilatzen, baizik eta “filosofiko eta literariagoa da”, egilearen aburuz.
Saiakera euskaraz sailean berriz, Juan Carlos Etxegoien, Xamar, izan da irabazlea, Etxera bidean obragatik. Bertan, nafarrak azaldu zuenez, autobiografiatik abiatu da lana on-tzeko, izan ere Aezkoako ibarrean gerrak izandako ondorioak trata-tzen ditu, hala, memoria historikoa ardatz izanik. “Gure belaunaldia sortu zen gerra hasi eta 20 urtera eta hala ere ondorioak pairatu ditugu”. Zergatik? Bere lurraldeak kultura eta hizkuntza eten izugarria pairatu zuelako garai horretan. Hala ere, gaur egungo egoerarekin positiboago agertu zen, izan ere duela hainbat urte umeek euskara ikastea ameskeria bezala ikusten zuten arren, egun, guztiek jasotzen dute hezkuntza euskalduna.
Daniel Innerarityk bere aldetik, bere entseguan, Política para perplejos izenekoan, “espazio publikoan dauden ideiak kritikoki aztertzeko gogoetarako espazio sortzea”, izan da helburua, izan ere egileak azaltzen duenez, orientazio jarduera bat abiatu du bere liburuan, politika arloan nahasmena dagoelako, eta “demokraziak biztanleria informatua behar duelako”, egun dagoen nahasmenak ahalbide-tzen ez duena. Hori da hain zuzen ere epaimahaiak gailendu zuena saria esleitzeko: “gaur egun dauden populismoen testuinguruan, Innerarityren gogoetak aukera ematen du panorama horren giltzarrietako batzuk hautemateko eta inoiz gertatuko ez zela pentsatzen genuena zergatik gerta-tzen den ulertzeko ere”.
Azkenik, literatura itzulpena euskarara sailean Isabel Etxeberriak irabazi du, Alice Munro-ren istorio txikiak eta pertsonai arruntetik harago, sentimendu mataza konplexuen ñabardurak euskarara era fidelenean itzultzea lortu baitu donostiarrak. Hala, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak lana ondu du.
ikusgarritasuna Euskadi Literatura sarien helburuak, Bingel Zupiriak atzo azaldu zuenez, bi dira. Alde batetik, egileei eta haien obrei aitor-tza egitea; eta beste alde batetik ikusgarritasuna ematea; Eusko Jaurlaritzak esleitutako sarien helburua egile hauei eta haien obrei buruz hitz egitea baita.
Eta hori da hain zuzen ere irabazleek iragarkia bi partetan zati-tzearen arrazoia; lehenengoa duela bi aste Gasteizko Artium Museoan egin zen, Irati Elorrietak Euskarazko Literaturako saria, Neguko argiak lanagatik, Patxi Zubizarretak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria, Korri, Kuru, korri! liburuagatik, eta Asisko Urmenetak ilustraziorik onenarena, AztiHitza: Xahoren Biografikoa lanagatik irabazi dutela iragarriz.
Guztira, zazpi saridunetatik lau -Asisko Urmeneta, Ramón Eder, Juan Carlos Etxegoien, Xamar, eta Innerarity- nafarrak dira Bingen Zupiriak anekdota gisa kontatu zuenez.
Haur - Gazte Literatura. Patxi Zubizarreta ‘Korri, Kuru, korri!’.
Ilustrazioa. Asisko Urmeneta ‘AztiHitza: Xahoren Biografikoa’.
Gaztelaniazko Literatura. Ramón Eder, ‘Palmeras Solitarias’.
Saiakera Euskaraz. ‘Xamar’, ‘Etxera bidean’.
Saiakera Gaztelaniaz. ‘Daniel Innerarity, ‘Política para perplejos’.
Itzulpena. Isabel Etxeberria, ‘Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak’.