EUSKAL kulturaren transmisioa eta ezagutza helburu, eta musika bitarteko gisa hartuta, Musikariak ikastetxeetan programaren bigarren edizioa aurkeztu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Zenbait euskal musikarik bertako A eta D ereduko ikastetxeak bisitatuko dituzte 2019-2020 ikasturtean; kon-tzertua eskaintzeaz gain, musikariek euskal kulturaren historiaz ere hitz egingo dute ikasleekin batera.
Iazkoarekin alderatuta, antolatzaileek azaldu dute berritasunak egongo direla. Horrez gain, espero dute ekimenarekin aurrera egin ahal izatea datozen ikasturteetan ere. Alberto Barandiaran Nafarroako Gobernuko Euskara Saileko arduraduna eta ekimenaren antolatzaileetako bat da. Hark azaldu duenez, programa “errealitate” batetik abiatuta sortu zen, gazteak oinarri hartuta: “Ikusten genuen musikak rol garrantzitsua zuela gazteak euskal kulturara gerturatzeko; kontsumo pribatutik harago, euskal musika entzuten eta ezagutzen dute zenbait nerabek”. Barandiaranek gaineratu du musikak “jendearengana iristeko” gaitasuna duela. Hori dela eta, 2018-2019 ikasturtean abiatu zuten ekimena lehenbizikoz, eta sustatzaileek haren balorazio “positiboa” egin dute.
Nafarroako hezkuntza arloan A, D eta G ereduak daude. Azken horretan ez da euskarazko ikasgai bat bera ere eskaintzen, erdara hutsean irakasten da guztia. D eredua da irakaskuntza osoa euskaraz eskaintzen duen bakarra; A ereduan, berriz, euskara irakasgaia irakasten da. Antolatzaileek azken bien aldeko hautua egin zuten. Hala azaldu du Barandiaranek: “Hasiera batean zalantza izan genuen ea baliagarria izango litzatekeen programa A ereduko ikastetxeetan eskaintzea; hala ere, iruditu zitzaigun musikaren bitartez errazagoa dela euskal kultura gazteei gerturatzea”. Horrez gain, ikasleek izan zezaketen erantzunaren beldur ere baziren, baina antola-tzaileek aitortu dute “harrituta” gelditu zirela A ereduko ikasleek izan zuten erantzun “onarekin”.
Pedagogian txertatuta Musikariak ikastetxeetan programa ez da Nafarroako Gobernuak euskal kultura transmititzeko egiten duen lehen saiakera. Barandiaranek azaldu du iazko ikasturtera arte egin izan direla saio ezberdinak: “Irakasleek ikastaroak jaso izan dituzte halako arloak lantzeko, baina erabaki genuen musikariak ikasgeletara eramanda indartsuagoa izango zela ekimena”. Antolatzaileak jakinarazi duenez, helburua ezin da zerbait erakuste hutsa izan. Haren esanetan, helburuan barne egon behar du “transmisioak”, behar du egon, betiere hezkuntza arloko curriculumean dauden betebehar pedagogikoei kasu eginda.
Horretarako, iazko edizioan musikariek material ezberdina izan zuten eskuragai, eta horrez gain, formazio saio bat ere eduki zuten. Finean, bi tresna horiekin helburu zuten musikari guztiek norabide berberean ematea urratsak, haietako bakoitzak egindako egokitzapenen garrantzia gogoan izanda. Hala ere, Barandiaranek adierazi du datorren ediziorako aldaketak egin direla: “Arlo pedagogikoa kontuan hartu, eta gehiago jantzi nahi izan dugu programa; horretarako, unitate didaktiko batzuk sortu ditugu, irakasleek aurretik bisita prestatu dezaten”. Horri esker, antola-tzaileak gaineratu du posible izango dela gazteen parte-hartzea areagotzea eta bisitari “zuku gehiago” ateratzea.
Guztira, 41 musikariren bisita izango dute ikasleek; esate baterako, Ines Osinaga, Gorka Urbizu, Gari edota Maite Larburu. Antolatzaileak azaldu du talde horretan izen “interesgarriak” daudela, eta ezagunak izan ala ez, “sorpresa” ugari emango dituztela. Gainera, nabarmendu du edizio honetan ahalegin berezia egin dutela “emakume sortzaile, kantari eta konposatzaileak” erakarri eta horien ikusgarritasuna bermatzeko.