donostia - Mikel Urdangarinen (Zornotza, 1971) ibilbide artistiko eta pertsonaletik hasita, Zinemaldiko Zinemira sailean Oier Aranzabalek (Bilbo, 1988) zuzendutako lehen lana ikusiko da estreinekoz larunbatean.

Zergatik lan hau?

-Oier Aranzabal (O.A.): Lehenengo lana jende gutxik aukeratzen du, momentuek eta egoerek eramaten zaituzte. Santanderren elkartu ginen Alain Urrutiaren erakusketa batean eta hizketan, ideia atera zen. Kazetaria naiz eta Lou Topetekin egindako azken hiru urteak nahiko potenteak izan dira gure umilean. Hori kontatu nahi nuen, baina ez zuen edozerk balio artista baten ikusten ez den eguneroko hori kontatzeko. Baldintzak eman behar ziren: ibilbide handiko artista batek ateak zabaltzea, aukera izatea horri denbora emateko? Mikelek betetzen zuen, haratago joan nahi baikenuen, edozein artistak ikus dezake Mikelengan bere burua...

-Mikel Urdangarin (M.U.): Kostatzen zaigu batzuetan munduan kokatzea, ahazten zaigu mundutarrak garela. Ez gaitu unibertsal egiten ingelesez eta modu batera kantatzeak; unibertsalak gara garelako, euskaraz sor-tzeak unibertsalak egiten gaitu. Ni, kantari lez, munduko beste edozein bazterretan dagoen pertsona baten isla izan naiteke. Ez nuen Oier ezagu-tzen, eta bazuen bulkada bat. Kasu egin zion, argi izpi bat ikusi zuen eta sartzea erabaki zuen.

Protagonista zara, baina bukatu arte ez duzu pelikula ikusi. Zer pentsatu zenuen lehenengoz ikusitakoan?

-M.U.: Urduritasunez, identifikazio eta gertutasun osoz, oso hunkigarria. Nagoen bizitzako denbora honetan, pozak eta desengainuak hartuta ditugunean eta bizitza gutxi gorabehera zer den dakigunean, ez naiz edozertara apuntatzen. Dokumental hitza ere hitz potoloa da eta Oierri argi esan nion aukera hau aprobetxatu behar zela nigandik askoz haratago erakusteko, unibertsaltasun horri heltzeko. Berak ere argi zeukan. Oso zorrotzak izan gara. Hasieratik sentipen bat nuen: esku onetan nago, hau ez da gaizki aterako. Gero gehiago edo gutxiago gustatuko da, baina disko bat egiterako orduan sentipen bera dut, ez noa zalantza horrekin. Prozesu osoan lagundu nau. Oier talentudun pertsona bat da eta gainera, egiten duenarengatiko pasioa du. Urteak aurrera joan ahala, gero eta gehiago baloratzen duzu hori mundu desengainatu honetan sinesten duen jendea. Plus bat izan da.

Zein izan da zailtasun nagusiena?

-O.A.: Kanpoan zer utzi erabakitzea. Irudi mordoa grabatu dugu bi urtetan zehar, beste bi dokumental egiteko moduan. Zailean denetik egon da, baina erraza izan da Martin eta Xabier Etxeberriarekin batera gidoia idatzi genuelako eta genuen ideia asko argitu zuelako; Iker Treviño batu eta bere begiradak blokeo egoera asko gainditzen laguntzen digulako... Hor bada anekdota bat: muntaketa nik egin nuen, eta ez da ohikoa, arriskua baitago argazki orokorra galtzeko, baina ez zegoen besterik data hauetara iristeko, nik bakarrik bainekien irudiak non zeuden. 20.000 giga informazio zegoen.

-M.U.: Oier hasi zen grabatzen bulkada bati kasu eginda, baina ez zegoen gidoirik, ez aurregidoirik. Gidoia ia urte t’erdira egin genuen.

-O.A.: Ideia eta helburu oso argi batekin hasi ginen dokumentatzen, Margolaria diskoa ideia bat zenetik jendaurrean aurkeztu arte. Lan horretan egoerak eta momentuak sortu dira gidoira eraman gaituztenak. Hari narratibo bat dago, artista baten sorkuntza prozesua dokumentatzen duena, eta bigarren hari bat, bidaiarena. Bi urte eman ditugu begira gertatzen zen horri, fokuen azpikoari, baina baita kanpokoari ere.

Zinemaldian horrela agertuko zinela noizbait pentsatu al zenuen, Mikel?

-M.U.: Agertua nago Arkaitz Basterraren pelikula batean, Agian, lan koralago batean, baina ez nuen pentsatzen protagonista izango nin-tzenik eta ez hain goiz bizitzan, ezta Oierrekin topatuko nintzenik. Banuen ustea eta uste dut bete dela: kalitatezko zinta egin dela. Bertan agertzen da nire familia, maite dugun profesio honi egiten zaio gorazarre bat, ez niri, ez da nigan erortzen gorazarre hori, baizik eta bere ametsari ekaitz eta terremotoen aurka heltzen dion pertsonari, erromantikoari. Pribilegiatu bat izan naiz. Oparia jasota dago, oxala orain bide luzea egin dezala egin duten lanagatik... Mutil hauek sufri-tzen ikusi ditut. Ni ez nago gorazarretarako, esan nion. Egin nuen hautua, musikatik bizitzea, oraindik ere ez dakit zergatik naizen musikari, baina honetan nago, eta horretara lotzen nauen ezkutua dagoen indar bat dago. Indar horren atzean misterio handi bat dago. Egiten dudan hau ezinbestekoa da, nahitaezkoa. Hori azaltzera iristen da dokumentala nolabait, Okinawako gaztearen kasuan edo Nika Bitchiashviliren kasuan.

-O.A.: Hor dago baldintza interesgarri bat, hasieran aipatutakoen artean. Kasualitate hutsa, Mikelek 21 urte bete ditu honetatik bizitzen. Nahiz eta gazte egin dokumentala, bazeukan puntu bat 20 urte beranduago errepaso egiteko hartutako erabakiei. Ia artista guztiek eduki dute elkarrizketa bat bere gurasoekin bazkari batean. Ez da egun bakarrean hartzen den erabakia, egunero, hilabetero edo proiekturo berritzen da. Berritzen den botoa da. Artistak zalantzazko momentuak ditu.

-M.U.: Pelikulan nukleo ezberdinak daude, baina bada bat presente denon bizitzetan: gustuko duzun hori egitearen defentsa, arrisku antzeko gorde-tzen duten halako bat botatzen duzunean: aita, ama, musikatik bizitzera noa. Horrela bota nuen, baina 30 segundo horiek eta ondorengo eran-tzunak klabeak dira bizitzan. Pertsona horri bere 20-23 urterekin, egin gabe dagoena baina amets fuertea duena, esaten bazaio baina nora zoaz, pentsa ezazu bi aldiz, babesa ukatzen zaionean eta nork eta gurasoek -babesik gertuena-, ahazten zaigu zer nolako tragedia sortzen den.

-O.A.: Elisabeth Macklinek ongi esaten du pelikulan: denok bi sorbalda ditugu, batean egon ohi da norbait beti animatzen eta bestean, beste norbait zalantzan, atzera egiteko esanaz. Barne borroka hori presente dago pelikulan, bizizale izatearen estigma. Artista batek maite duen hori eginaz ofizio bihur lezake? Noski baietz, baina jende askori zaila egiten zaio uler-tzea. Mundu guztiak dauka hanka sartzeko eskubidea eta ezin zaio ukatu. Prebentzioak eta norbere beldurrak besteengan botatzen ditugu.

-M.U.: Horri hegoak moztea deitzen zaio.

-O.A.: Mikelek duela 20 urte erabaki bat hartu zuen eta oholtza gainean jarraitzen du. Erabakia hartu zuenean ez zen inor, ez zuen bermerik, baina berme hori eraiki du. Bere bi sorbaldekin jartzen da hizketan eta sorbalda horietan egon zen jendeak ere atzera begiratzen du.

Pelikulan hainbat elkarrizketa jasotzen dira. Zein hautatu?

-O.A.: Ezingo nuke, baina bat hauta-tzekotan, Mikelen aitaren papera. Grabatzen ginenean konturatu nintzen gauza oso, oso polit bat ari ginela grabatzen. Polita da Mikelen figura aitak jartzea dimentsioan. Mikel ezagutzen ez duen ikuslean pentsatuz, hori kontatu behar zen eta aita aukeratu genuen. Polita eta irribarre bat atera-tzen duen eszena bat da, baita modo sotilean hunkigarria ere.

Nola hautatu zenituzten abestiak?

-O.A.: Gidoirik ez genuen, baina bai kontatu nahi genituen gai unibertsalak, eta horiek eraman gaituzte abesti batera edo bestera. Atera diren abestiak merezi izan dutelako atera dira. Abesti eder asko ditu Mikelek, segur aski niri gehien gustatzen zaizkidanak ez daude.

-M.U.: Laguntzen zutelako atera dira. Grabatzen hasi aurretiko lanetan, haiek kamerak prestatzen zeuden eta ni, melodia bat jotzen. Eta Oierrek, horixe nahi dut jotzea. Hauxe?, ba bai, eta lau edo bost aldiz errepikatzen da pelikulan.

-O.A.: Hauxe hori Mikelek idatzi zuen lehen abestia da, Haitzetan, ederrenetarikoa, eta sinbolikoki ere polita da, lehenengo abestia baita. Jendeak ere abestiak aukeratu ditu. Bazkalosteko kafea jendeak nolabait, zeharka, hautatu zuelako dago.

Jendeak kontzertuetan jartzen dituen aurpegien planoak daude. Musikaria horrelakoez jabetzen al da oholtza gainean?

-M.U.: Oso hunkigarria iruditu zait. Bizipoz globala ikusten duzu, baina zehazki pertsona baten begirada, bikote baten maitasun keinua, konplizitate horiek hain ondo batuta... Harrituta utzi eta gozarazi ninduten, banidadeari kasu eginez edo, baina, Jesus, ze polita! Badakit musikak daukan indarra entzule naizenean taulapean bizi dudalako. Musika ikaragarria da. Hobby lez bizitzen baduzu, beti izango da %100 plazera, sekula ez diozulako zure buruari kalterik egingo zinta txar bat jarriz. Ogibide bihurtzen denean asko aldatzen da. Gauza txarrak onak baino gehiago direnean, planteatu behar duzu zentzurik baduen, sufritzeko ez ginen mundu honetara jaio. Horrelako momentuek, dokumentalak atera-tzen dituenak, balantzea ikaragarri gora egiten dute.

-O.A.: Dokumental osoan presentzia handia du bakardadeak. Mikelek Londresera egiten duen bidai horrek, Alain Urrutiak erdi brometan “bidai iniziatiko” moduan planteatzen duena, geziak sagarra bezala zeharkatzen du pelikula. Bakardadea jendaurreko giro horrekin, teatroarekin, kontraste egiten du.

Pelikulak sorkuntza prozesua isla-tzen du, baina baita ere amaiera: Nika Bitchiashvili beilatokian jo-tzen, Urrutiaren koadroaren gaia heriotza ere bada... Bilatua edo bidean topatuta?

-O.A.: Bilatu nahi genuen baina halabeharrez topatuta da. Artista asko agertzen dira eta momentu batzuetan Mikel desagertu egiten da, baina hor dago nolabait. Artista guztiek amankomunean gauza asko dituzte. Kontraste ederrak daude, Nika eta Mikelen artean, Alain eta Mikelen arteko erabateko ispilu baina bi bizi-tzeko era, bi diziplina... Hor topatu ditugu kontrapuntu oso ederrak.

-M.U.: Alainen hitzak neureak izan daitezke. Diskurtsoa pertsonaren gainetik dago, nahiz eta diskurtsoa pertsonak bota. Diskurtso horrek iturri ezberdinak ditu, baina diskurtso bera da.

-O.A.: Pertsonai batzuk bilatu dugun moduan agertzen dira (familiako kideak, Kirmen...) eta desagertzen dira Mikelen bakardadean txertatuta. Konfusio puntu bat bilatu dugu pertsonaiok Mikelen buruan daudela irudikatzeko, agertzen zaizkiola oroitzapen gisa, lilura gisa... Mikelek pertsonai horietatik hitz egiten du. Hitz egiten duenak artista horren ahotsetik hitz egiten du, eta artista hori Mikel da, baina ez da.

Hemendik aurrera, zer?

-O.A.: Martxoan estreinatzeko asmoa dugu eta bitartean, festibaletan tour moduko bat egin. Estreinaldia eta gero, herriz herri ere ibiliko garela imajinatzen dut.

-M.U.: Egitasmo bat dago, beste elkarlan bati sorrera emango diona. Ezer gutxi esan dezaket. Dokumentaletik berriro musikari helduko diogu, fuerte. Bizitzak aurrera jarraitzen du, beste era batera jarraituko du aurrera, hala bestez.