Salto batek, salto besteak. Nork egiten du jauzirik handiena? Gazte masaiak elkarri desafioa egiten ari dira. Kantuez lagunduta, hankak lurretik ahalik eta gehien askatzea da haien helburua. Gaurkoa entrenamendu bat besterik ez da gazteentzat. Baina egun gutxi barru benetako zeremonia batean dantza egin beharko dute. Beste herrixketako neskatoen aurrean, gazte masaiek haien saltoak erakutsi beharko dituzte. Mutil eta neska guztiak ezkongaiak dira, eta emaztegaiaren gurasoek jauzirik garaienak egiten dituztenak aukeratzen dituzte senargai gisa.
Jonathanek hogei urte ditu eta jauzilari jaioa da. Gazte masaia ezkon-tzeko prest dago eta ondo ezagutzen du bere emaztegaia: “Ondoko herrixkako neskato bat da eta txikitatik ikusi dugu elkar”. Jonathanen gurasoek hamar behi eman beharko dituzte bere semea ezkontzearen truke. Baina masaiak ez dira etnia monogamoa. Oro har, sistema patriarkala gailentzen da eta gizonak emakume batekin baino gehiagorekin ezkon daitezke. “Baina ezin gara gure herrixkako neska batekin batu, oro har, hemen denak garelako senitartekoak”, dio Jonathanek.
Duela gutxira arte, masaiek erritual batekin ospatzen zuten ume izateari utzi eta gizon bihurtzeko trantsizioa. “Bost urtetik behin, gure herrixkako 40 gaztek lehoi bat akabatzen zuten eta bueltan animaliaren hagin bat ekarri. Misio horrek mutikoen heldutasuna erakusten zuen”, gogoratu du Jonathanek. Tradizio hori desagertzen ari da, ordea. Masai gazte askok ohitura ehiztariari uko egin behar izan diote, lehoia animalia babestua delako. “Baina gu gerlariak gara, eta beti izango gara gerlariak”, erantsi du.
Gazte masaiaren manyatak edo etxoladun herrixkak bostehun bat biztanle ditu: “Nire aitona, Ole, komunitateko burua da. Denak gara familia berekoak”, adierazi digu.
Jonathanek aldarrikatu egiten du bere taldearen izaera erdi-nomada: “Bederatzi urtetik behin, gutxi gora behera, tokiz aldatzen dugu herrixka guztia. Termitek egurra jaten dute. Baina beti gaude Masai Mara parkearen inguruetan”. Manyatak zirkuluan antolatzen dira artaldea kontrolatzeko.
IZAERA NOMADA
Masaiak harmonia ederrean bizi dira Masai Mara erreserba naturaleko piztiekin. Ez hainbeste gainontzeko gizakiekin. Jonathanek eta bere komunitateko beste hainbat gaztek gida lanak egiten dituzte Keniara hurbiltzen diren milaka eta milaka turistekin. Jonathanen manyata bisitatzea nahi duten atzerritarrek ordaindu egin behar dute. Izan ere, abeltzaintzaz gain, turismoa bihurtu da masaien iturri ekonomikorik handiena. “Gizon zuriak gugana hurbiltzen dira eta argazkiak egiten dizkigute, baina ez dute ezer erosten”, kexu da Jonathanen amona.
Bada, mutilek dantzak aurkezten dituzten bitartean, emakumeek masaien bitxi koloredunak saltzen dituzte. Hala, masaien manyatak parke tematikoak bihurtu dira kasu askotan. Mutil gazteek etxolak erakusten dizkiete bisitariei eta umeek izkina batean jolasten dute argazki kamera handien aurrean. Ikuskizunetik urrun mantentzen diren bakarrak agureak dira. Izan ere, beste hainbat komunitatetan bezala, masaien artean ere aitona-amonak dira jakitunak. “Gure aitonek ez dute gizon zuriekin hitz egiten. Agureek haien bilerak egiten dituzte herrixkaren nondik norakoei buruz eztabaidatzeko”, adierazi du Jonathanek.
Baina zer egin daiteke turisten etorrerak dakarren masifikazioaren aurrean? Komunitatearen bizirautea eta tradizioen zaintza gero eta erronka handiagoak bihurtu da masaientzat. Milaka urteko kulturaren eta ekosistemaren aldeko lana ez da nolanahikoa, batez ere, Mendebalde kutsuko bizitza urbano oso erakargarria delako. “Gazte askok herrixketatik alde egin dute. Hirietara edo hondartza eremuetara joan dira lan bila”, azaldu du Jonathanek. Baina gazte masaia ez du trafikoaren kaosak erakartzen: “Behin izan naiz Nairobin eta ez zait gustatzen. Aukeran, animalien hotsak nahiago”.