Jostalaria ei da Anita Parker (Arrasate, 2017). Aurpegirik gabekoa baina halere izaera propioa -hots, pasaporteduna- eta ezohikoa duena, alegia. Anita Parker misteriotsuaren atzean lau musikari daude: Ane Martinez (ahotsa eta koruak), Iñaki Bengoa (erritmoak eta sekuentziak), Jon Zubiaga Osoron (gitarrak) eta Olatz Andueza (teklatuak). Taldekide guztiek eskarmentua dute Zango, Gose edo Skalariak gisako taldeetan.

Musikalki etiketa bakar bat eranstea zail jartzen die kazetariei taldeak. Euskarazko elektro-swinga ote? Bai, baina ez hori bakarrik, antza. “Zenbait abestitan aipatu estilo horretara hurbiltzen garen arren, horrek ez du gure izaera markatzen -argitu dute taldekideek-; elektronika egiten dugula agerian gelditzen da, baina elektro-swing, elektro-disko, elektro-pop edota elektro-txaranga egiten dugun ala ez norberak erabaki dezala”, diote. Har dezagun Bitxo abestia adibide gisa: “Tangoa swing bihurtuta mexikar erara, trap erritmoarekin”. Horrela deskribatzen du Mauka zigiluak fitxatu berri duen taldearen kantua. Atera kontuak, beraz. Muga nahiz aurreiritzien gainetik dabil Anita Parker.

Gauza bera gertatzen da hizkuntzari dagokionean. Batik bat euskaraz abesten badute ere, ez dizkiete ateak ixten soinu anglosaxoiei. “Musika gure hizkuntzan egitearen apustua argi izan dugu beti, euskal kulturari asko zor diogu eta zaindu egin behar dugu”, balioetsi dute. “Horrek ez du esan nahi, ordea, ohiko linean jarraitu behar dugunik”, gaineratu dute. Edonola ere, taldeak ez du bere burua ez aurrerakoitzat, ezta kamikazetzat ere. “Gaur egun musikan aitzindari izatea ez da posible -uste dute, irmo-; eta bere burua halako-tzat hartzen duena oso oker dabil, ego kontua besterik ez da. Badakigu gure amonentzat onenak izango garela beti! -diote umorez-; gure etsaiek gutaz pentsatzen dutena, hori da benetan interesatzen zaiguna. Hori izaten da aberasgarria eta dibertigarria”.

Joan den azaroan, Anita Parkerrek bere estreinako disko homonimoa argitaratu zuen, eta laukotea “pozarren” dago. “Ez dago zure proiektuan %100ean sinestea bezalakorik. Jendeari gustatzen bazaio guri gusta-tzen zaigunaren erdia, arrakasta itzela izango da guretzako”. Diskoa harrera ona izaten ari dela diote, eta kontzertuz kontzertu dabiltza. Aipa-tzekoa da Amaia Apaolaza lagun eta managerra zenari abestia eskaini diotela lehen lan honetan. “New Order taldearen hasierako garaiko usaina du kantuak: pop elektronikoa, gitarra sotilak, sentimendua hitz eta ahots bakoitzean”, Mauka zigilutik diotenez.

Erritmoei erreparatuz, kanta dan-tzagarriak nabarmentzen dira diskoan, publikoa mugiarazteko asmoa dute eta. Beste behin ere, dantzagarria etiketa motz geratzen da. “Abestiek helarazten duten mezua da guretzat interesgarriena: horrenbeste dira kontatu edota salatu ditzakegun istorioak... Jendea esnatu eta mugiarazi beharra dago, eta hori lortzeko probokazioa da biderik eraginkorrena”, irizten diote.

Tradizioan geldiarazita Euskal jendaurrea dantzatzen jartzea utopiko samarra da, akaso? “Lar eska-tzea ote den ez dakigu, baina guk argi daukagu: bizitza honetan mugitu beharra dago eta horretarako erarik onena musikaren erritmoan egitea da”, defendatu dute. Beren aburuz, Euskal Herrian agerikoa da dantzatzeko grina eta ohitura, mugatua den arren. “Folklore eta euskal tradizioekin lotutakoak besterik ez gaitu dantzan jartzen. Tradizioetan estankaturik gelditu gara, iraganean bizitzen jarraitzen dugu”. Ildo beretik, Euskal Herria “uste baino kontserbadore eta tradizionalagoa” dela diote, “sekula onartuko ez dugun arren”, erantsi dute. “Bada garaia estereotipo eta arauak hausteko, eta gauza berriei leku egiteko”, aldarrikatzen du Arrasateko taldeak.

Helburu horiek lortzeko bidean, dagoeneko badituzte “osagai berriak”, labean sartzeko zain. “Osagai magikorik ez dago, baina ilusio eta gogoz sukaldatzen denean, errezeta zoragarriak ateratzen dira. Orain artekoa aperitiboa besterik ez da izan... hasi besterik ez gara egin!”, aurreratu dute. Umorez eta jostari aurrera egiteko asmoa dute, inongo konplexurik gabe. “Noizbehinka hanka sartzen dugu oraindik. Baina zer litzateke bizitza emoziorik gabe?”.