Jatetxe txinatarretara goazen bakoitzean, oso ohikoa da postrearen ostean zortedun gaileta bat jaso-tzea. Azukredun gozoki kurruskariek ezusteko bat ezkutatzen dute barruan, hau da, aforismo edo profezia bat. Milioika daude munduan zehar banatuta: “Atea ixten denean leihoa irekitzen da”, “aintzat hartu bizitzako une guztiak”, “bilatzen ari zaren zortea beste gaileta batean aurkitu duzu” edota “pertsona batek gogoko zaitu, ez utzi ihes egiten” dira gailetetan aurki daitezkeen esaldietako batzuk.

Inor gutxik jakingo du, halere, tradizio hau ez zela Txinan asmatu. Batzuek diote Californian bizi zen Japoniako diasporari loturiko gozokia dela, bada, tearekin gaileta beretsuak jaten omen zituzten japoniarrek. Historialari gehienek, ordea, San Frantziskon kokatzen dute tradizio honen sorrera. Are gehiago, Txinatik etorritako migra-tzaileen asmakizuna dela diote.

Bada, txinatarrak mendebaldeko trenbide sistema eraikitzera joan ziren Amerikako Estatu Batuetara. Urrearen sukarraren urteak ziren eta migratzaile txinatar askori helmuga bikaina iruditu zitzaien San Frantzisko. Nolanahi ere, hiriko Chinatown auzoa zeharo suntsitu zen 1906ko lurrikaran, eta 1960era arte ez zen guztiz berreraiki.

“XX. mendeko azken hamarkadetan, Hong Kong eremutik iritsitako enpresari txinatarrak lanean hasi ziren kontsumismo amerikarrari probetxua nola atera asma-tzeko. Hala, gaileten produkzioa eraberritu zuten, haien jatetxeetara jendea erakartzeko asmoz. Orduan jaio ziren zorte oneko gailetak”, azaldu du Sam Chang izeneko gazteak.

Chang gida turistiko espontaneoa da San Frantziskoko Chinatown auzoan. “Asiatik kanpoko komunitate txinatarrik handiena bizi da hemen”, erantsi digu. Gazteak ez du agentzia turistikorik. Goizero, udako oporraldian, mahaitxo bat jartzen du Golden Gate atearen aurrean: “Tour txikiak eskaintzen ditut. Begiak itxita ere gai izango nintzateke Chinatownetik barrena mugitzeko. Kale honetan jaio nin-tzen eta ondo baino hobeto ezagu-tzen ditut txoko guztiak”. Mutil gaztea informatika ikasketak egiten ari da unibertsitatean, baina uda denboraldian diru mordoska irabazten du atzerritarrekin.

Changek irizten dio bere bisita ez dela besteena bezain “turistikoa”, eta 20 dolar eskatzen ditu harekin Chinatown ezagutzearen truke. San Frantziskoko Chinatownek ez du ondoko Little Italy auzoaren gentrifikazioa pairatu. Jendez beteriko kaleetan merkatu tipikoak daude. Plazetan gazteek tai chi egiten dute eta agureek mahjong fitxa jokoaren tradizioari eusten diote.

USAINAK ERAKARRITA Changen teoria baieztatzeko helburuz, Fortune Cooky Factory delakora eraman gaitu, alegia, munduko zortedun gaileta fabrikarik zaharrenera. “Itxi begiak eta usaindu. Suma-tzen duzu gozokien aroma? Ederra da fabrikatik ateratzen den lurrina”, esan digu Changek. Hala da. Gaileten usaina urrundik nabari daiteke. Fortune Cooky Factory lokal txikia da, eta kale estu eta ezezagunean kokaturik dago. Bertako usain ederrak biziki erakartzen ditu bizilagunak. Hango gozogileek betiko osagaiekin egiten dituzte gailetak: irina, azukrea, banilla eta sesamo olioa.

Barruan bost bat pertsona daude lanean eta zehaztasun handiarekin burutzen dute haien lana. Batek orea egiten du, besteak makina batean egosi eta hirugarrenak esaldia sartzen du barruan. Beste bik apaletan uzten dituzte gailetak. Hozten direnean kurruskari bihurtzen dira. “Kate lana bezalakoa da, txinatarrek ez dute lanean denborarik galtzen”, azaldu du Changek barre artean.

Halere, fabrika benetan famatua egin da eta talde turistiko handien bisitak jasotzen ditu egunero. Horregatik, agian, barruan argazkiak egin nahi dituen orok dolar erdi ordaindu behar du argazki bakoitzeko. “Urtero 3 bilioi zortedun gaileta inguru produzi-tzen dira munduan. Fabrika hau adibide txiki bat besterik ez da”, erantsi du Changek. Baina hemen hasi zen guztia.