Munduak eta bizitzak ematen dituen birez hausnartzetik sortu du Tenporak bere bigarren lana, Itzulika izeneko disko luzea. Mundu berria (2015) lanaren jarraipena dela diote, eta esperimentazioarekin eta musikarekin etengabeko jolasean jarraitzen badute ere, taldearen soinua aurkitu dutela, “heldutasuna” topatuko duela entzuleak.

Bost musikari eta bost izaerak osa-tzen dute Tenpora, sorreratik gaurdaino: Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Beñat Barandiaran (gitarra), Juantxo Zeberio (teklatuak) eta Elene Arandia (ahotsa); eta bakoitzaren ibilbide, gustu eta jakituriak soinu eta estilo aniztasuna dakar, ezinbestean, taldera. Hala, Itzulika lan honetan ere jazz-ak pisu garrantzitsua du, baita pop progresiboak ere, baina badirudi elektronika eta rockaren distortsioak ere euren lekua egin dutela Tenporaren sonoritatean, hainbat kantutan entzun daitekeenez.

Bigarren lan honen sorkuntza prozesuan gehiago askatu direla dio Arandiak: “Aurrekoan ere askatu ginen, baina oraingoan lehen bulkadari garrantzia handiagoa eman diogu. Taldekideek egindako proposamenak edo momentuko sormen edo interpretazioak kontuan izan ditugu, eta ez gara gehiegi obsesionatu azkenean geldituko zenarekin”. Soinu erabatekoa estudioan bertan finkatu dute gero: “Diskoa grabatu aurretik gustatzen zaigu grabazio estudioan ere buelta batzuk ematea, ez baita berdina lokal txiki batean duzun soinua edo taldeak duen soinu erreala”, uste du Arandiak. Hala, froga guztien ostean, maiatza eta ekaina bitartean grabatu zuten diskoa Beasaingo Pottoko Estudioan, Fredi Pelaez teknikariarekin. Postprodukzioan osatu dituzte kantuak, lehen momentuan atera den horri soinu edo elementu jakin ba-tzuk gehituz.

Munduari begirada Sorkuntza berriko bederatzi abesti eta bertsio bat dakartza bildumak, Imanol Larzabalen Zure tristura abestiaren moldaketa, hain zuzen. Soinu anitzak eduki arren, soinuzkoa ez den arloari dagokionez, bada disko osoari lotura bat eta biribiltasuna ematen dion elementu bat: itzulika kontzeptua bera, hain zuzen. Diskoaren izenburua eta bilduma zabaltzen duen abestiaren izenburua izateaz gain, itzulika ibiltzearen ideia disko osoan zehar agertzen doan ideia da. Arandiak azaltzen du horren zergatia: “Gure egunerokoan nahiz historian zehar gauzak errepikatuz doaz. Egunerokoan, esaterako, idazleek behin eta berriz jotzen dute gai konkretu batzuen inguruan idaztera: heriotza, denboraren igarotzea, maitasuna edo zoriontasuna, esaterako. Eta historian zehar ere errepikatzen dira gauzak; errefuxiatuen gaiari buelta asko eman dizkiogu, bereziki. Hor ez da ahaztu behar gu ere izan ginela noizbait errefuxiatu”.

Harkaitz Canok halaxe jaso du diskoaren aurkezpenerako orrian: “Europari buruz hirugarren pertsonan hitz egitea da gure defentsa. Baina zer da Europa, iheslari saldo baten biloba saldoa ez bada?”. Gai honek bereziki hunkitzen dien seinale diskoa ixteko osatutako trilogia: gerraren minez eta lotsez, eta itsasoak irensten ez dituztenei bestaldean espero dienaz hitz egiten dute (oihu ere, uneka) Lesbos eta Lanpedusa latz-ederretan; hori guztia asimilatzeko sentsazio-zeharkaldia da, berriz, Argiak itzali pieza instrumentala.

Euskal Herriaren kontzeptuaz eta identitatearen gaiaren bueltan ere etengabe itzulika dabiltzala onar-tzen dute eta nabari da hori diskoko letretan ere (Itzulika, Munduko Hiritar). Bestetik, giza izaerarekin lotuta doazen gai unibertsalak ere ageri dira Itzulika honetan: maitasuna, bakardadea edo norberaren izatearena, esaterako. Taldeak Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoro idazleen laguntza izan du kantuei hitzak jar-tzeko orduan.

Mundu berriak diskoan Mikel Laboaren Gure hitzak abestiaren bertsioa jaso bezala, Itzulika honetan ere ariketa bera egin dute eta Imanol Larzabalen Zure tristura abestia moldatu dute. Arandiak onartzen duenez, “abesti hau izan da, baina beste edozein izan zitekeen”, entzuten duten musikan hasi baitziren moldatzeko kanturen baten bila. “Baina, egia esan, ikusi dugu Zure tristura-k joko asko eman digula beste terreno musikal batzuetan aritzeko: elektronika puntu bat dauka, kantatzeko ere desberdina da... oso aukera ona izan da”, abeslariaren iritziz.

Soinu leun eta atseginen lastairan idatzitako hausnarketa eta hitz sakonak topatuko ditu entzuleak Tenporaren bigarren disko honetan, gauzak argi dituen talde baten gozamenaren eta lanaren emaitza.