BILBO. Andoni Egaña bertsolariaren gogoetek gidatuko dute saioa eta berarekin bat egingo dute eskenatokian Ainhoa Garmendia sopranoak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, Pello Ramirez txelo eta soinu jotzaileak eta German Ormazabal piano jotzaileak. Gainera, Belen Ibarrolaren irudiek jantziko dute ikuskizuna. Maiz ibili dira elkarren inguruan sortzaile hauek guztiak, baina ikuskizun honek batu ditu, aurrenekoz, oholtza baten gainean. Orain, bakoitzaren energia, esperientzia eta ezagutza gehitu eta, uhartez uharte, Artxipielagoa osatu dute.
Ikuslegoaren partaidetza ezinbestekoa izango da. Atzoko eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoak uztartuko dituzte saioan eta publikoaren partehartzearekin batera, aretoa “herri abesbatza” bilakatzea da helburua. Ukitu klasikoa izango du egitarauaren lehen atalak, Jose Mari Iparraguirre, Gabriel de Olaizola edota Jesus Guridi bezalako konpositoreen doinuekin. Bigarren atalean, berriz, abesti berriagoak joko dituzte: Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Itoiz? Izan ere, euskal kantutegia zabaltzen laguntzea eta abesteko zaletasuna sustatzea dira emanaldiaren xede nagusiak.