BILBO. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren finalaurrekoa jokatuko da larunbatean, azaroaren 4an, Maule-Lextarren. Saioa herriko Ororena jai alain izango da, 17:00etan hasiko da, eta Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal bertsolariak igoko dira oholtzara. Saroi Jauregik aurkeztuko du saioa. Finalaurrekoa girotzeko, herri bazkaria antolatu du Sohütan ikastolak, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.
Finalaurreko honetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean egongo dira salgai ostiral arratsaldeko 18:00ak arte. Larunbatean 15:00etan irekiko da sarrerak erosi ahal izateko leihatila eta aretoa, berriz, 15:30ean.
Lehen itzuliko gainerako finalaurrekoetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Maule-Lextarreko saioan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da Txapelketa Nagusiko bigarren itzulira, hain zuzen, azaroaren 19an Amurrion jokatuko den saiora. Finalaurreko hau antolatzen Maule-Lextarreko herriko etxearen eta Koblaka elkartearen ezinbesteko laguntza izan du Bertsozale Elkarteak.
Maule-Lextarreko saioaren harira, Sohütako Eperra ikastolak bazkaria antolatu du. Bazkaria ikastolaren ondoan dagoen Sohütako gelan egingo da. Txartel kopurua mugatua da, eta 200 lagunek bazkaltzeko aukera izango dute bertan. Bazkaria 15 euroan da, eta honakoa da menua: kuia krema edo salda, axoa eta arroza, gazta, bixkotxa, kafea eta patxarana, ogia eta ardoa. Bazkarirako erreserbak ondoko telefonoan egin behar dira: (+33) 681 811 439 (Pantxika).