Bilbo - Bertsozaleek gogoz eta bertsolariek urduritasunez itxaroten duten unea heldu da, Txapelketa Nagusiaren zurrunbiloa bueltaka hasiko da gaur 17.00etan, Nafarroa Behereko Baigorri herriko Ezker Paretean. Orain dela lau urtekoak utzitako aho-zapore gozoa berritzen ahaleginduko dira Euskal Herriko bertsolari onenak, abenduaren 17an BECen jokatuko den finala ikusmiran. 14 saiotan, zazpi euskal herrialdeak zeharkatuko ditu txapelketak aurtengo udazkenean. Amets Arzallusek 2013an aurrenekoz jantzitako txapelari eutsi nahi izango dio, baina txapelketaren presioa beste inork baino geroago sentituko du, finalerako zuzenean sailkatu baita. Horrek txapelari eusteko urrats bakarrera jartzen badu ere, lehiari neurria hartu gabe kantatzen hasi beharra traba izan dezake, gainerako finalistak finalaurrekoetako bi itzulietan ondo berotuta etorriko baitira.
Hautagairik ez du falta, gainera, 2017ko txapelketa honek. Maialen Lujanbiok badaki zer den txapela janztea, Andoni Egañaren nagusitasuna hautsi baitzuen 2009an, eta 2013ko edizioan buruz burukoa jokatu zuen Arzallusen aurka. Herrialdeetako azken txapeldunak ere oholtzan izango dira: Oihane Perea (Araba), Etxahun Lekue (Bizkaia), Sustrai Colina (Ipar Euskal Herria), Julio Soto (Nafarroa) eta Beñat Gaztelumendi (Gipuzkoa). Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Igor Elortza ere ez dira ahaztu behar, 2013ko finalean kantatu baitzuten. Indarrez datozen gazteek ere badute BECen egoteko itxaropenerako eskubidea. Ez alferrik, txapelketa gaztea izango da aurtengoa, 34 urte da parte-hartzaileen bataz besteko adina. Historiari erreparatuta, garai bakoitzeko bertsolaririk ospetsuenak ageri dira palmaresean. 1935ean jokatu zen lehenengoz Euskal Herriko txapelketa, Bertsolari Eguna izenarekin. Basarrik irabazi zuen eta, hurrengo urtekoan, Txirritak. Urte ilunen ondoren, 1960ko edizioan zaharrak berri, Basarrik eraman baitzuen txapela. 1962, 65 eta 67an, aldiz, Uztapide izan zen denen gainetik. Bertsolaritzara molde berriak ekarri zituen Xabier Amurizak eta, trukean, 1980ko eta 82ko txapelak etxera eraman zituen, 1986an Sebastian Lizasori lekukoa pasa aurretik. 1989an Jon Lopategi izan zen onena. Andoni Egañaren lau garaipenek (1993, 1997, 2001 eta 2005) errekorra ezarri zuten. - D.P.