Txistu eta biok nobela argitaratu zuenetik urtebete pasa ez dela argitaratu du Juan Luis Zabalak Ospa ipuin bilduma. Autofikziora jo zuen ordukoan, egilearengandik oso hurbil zegoen narratzailearen bidez marko narratiboa eraiki eta hainbat gairen inguruko gogoetak biltzeko. Ipuin bilduma estandarragoa da lan berriena, baina ezagun da garai-tsuan eta egile berak idatziak direla bi lanak, izan ere, Txistu eta biok zeharkatzen zuten kezketako batzuk berriro aurkituko ditu irakurleak ipuin hauetan.
Kulturaren munduarekin, literaturarekin zein artearekin desliluratutako kazetari bat zen Txistu eta biok-en narratzaile, eta desenkantua ipuin hauen abiapuntuan badago ere, ematen du desengainu horri fikzioaren bidez erantzuteko nahiak akuilatu dituela zenbait ipuin. Bestela esanda, pertsonaiak eta istorioak sortuz nahi izan dituela plazaratu hainbat gogoeta, eta hori egiteaz batera, fikzioarekiko eta artearekiko nolabaiteko (ez erabateko) fedea berreskuratzen duela ipuinon egileak, betiere mesfidantza puntu batekin eta ironiari tartea eginda.
Margolari ohia ipuina izan daiteke horren erakusgarri argienetakoa. Jesus Mari Villar Andiano pintorea du narrazioak protagonista, zeinak 40 urtez margolaritzan jardun ostean, artearekiko fedea galdu eta bere obrak mailuka suntsitzea erabaki duen; suntsitze-ekintza horiek grabatu eta Youtube-ra igo ditu bere ilobak, eta bideoek lortu dute osabaren arte-lanek sekula lortu gabeko arrakasta.
Sandraren baratzea ipuinak ere besteren obrak suntsitzen dituen eskultorea du protagonista. Baina, esan bezala, eszeptizismo erradikaletik atera eta fikzioak zabaltzen ditu arnasbideak ipuinotan; batez ere literaturak eta arteak pertsonaien eguneroko bizitzaren zirrikituetan sartzea lortzen duten ipuinetan. Inori irakurtzen utziko ez dizkion arren nobelak idaztea ezinbesteko duen idazlearen kontakizuna edo arte-ekintza absurdoen bidez edo musika tarteko dela maitasuna nola ernatzen den kontagai duten ipuinak dira horren lekuko, arteak lor-tzen baitu egunerokotasun anodinoan astindutxoak eragitea. Artearen eta errealitatearen arteko mugekin jolas egiten duen narrazio-sail horretakoen artean gogoangarria iruditu zait, esaterako, Zientzia fikzioa ipuina.
Ez dira bildumako ipuin guztiak soka berekoak, ordea, gaiei dagokienez. Izenburuak iradoki bezala, egunerokotasunaren arrunkeriatik ospa egitearekin amesten duten pertsonaien inguruko narrazioak ere badira bilduman, baita fantasiarantz eta absurdorantz lerratzen direnak ere. Orobat, egituraz eta luzeraz ere ez dira molde berekoak narrazioak. Nik neuk ipuin labur batzuetan faltan hartu dut mikroipuin bati eskatzen zaion indarra eta bat-batekotasuna eta sarritan gehiago hartu diet zutabe fikzionatu baten traza, zerbaiten abiapuntu li-tzatekeen testuarena, ipuin borobilduarena baino.
Epel utzi naute beste hainbat ipuin luzek ere (Hiru aste Wim Wendersekin-ek, esaterako), baina esango nuke taldean, tropelean irakurrita, irabazten dutela narrazioek isolatuta batzuetan falta duten punch-a eta indarra. Atzean sumatzen den tonu eta mundu-ikuskera konpartituak ematen diola bildumari beste berniz bat, alegia.