Toño Muro, Sergio Ibarrola eta Marino Goñi 1990ean hasi ziren Balerdi Balerdi taldea izango zenari forma ematen. Fiebre taldean ibili eta gero, euskarazko kanta batzuekin maketatxo bat prestatzen hasi zen Muro; Ibarrola berehala azaldu zen proiektu berrian laguntzeko prest, baxua joaz. Handik gutxira, Goñi ere animatu zen. Balerdi Balerdi hirukote bilakatu zen berehala, Blanca Izkue teklista eta Patxi Goñi gitarra-jotzailea agertu ziren arte. Denbora gutxian hirukote izatetik boskote izatera igaro ziren. “Kuadrillako lagunak ginen bostok”, gogoratu du Toño Muro taldeko kantariak.

Hasierako urteetatik hona, gizarteak hartu duen norabidearen isla da Euskal Herriko panorama musikala eta horrek ere eragina izan du talde nafarraren garapenean. Murok dioenez, 2000. urtearen inguruko “giro hiperpolitizatua” ez zen egokia taldearentzat. Balerdi Balerdi taldearen asmoa ez baita inoiz izan musikaren bitartez mezu politikoak zabaltzea. Euren nahia “askoz xumeagoa” zen: “Hainbat doinu musikalen zale ginen: power pop, pop-rock, soul, folk-rock... Besteak beste, doinu horiek euskaraz lantzea eta euskal rockaren panorama itxia zabaltzea nahi genuen”. Izan ere, bere ustez, aurreko mendean, ezer gutxi lortu zen, “nahiz eta talde batzuk kanta eta disko zoragarriak egin. Denboraren poderioz, belaunaldi berriek bideak ireki egin dituzte”, gaineratu du.

ALDAKETA UGARI Hasiera batean bost taldekide batu baziren ere, denborarekin hiru izatera pasatu ziren, eta orain lau dira. Taldekideen sartu-irten ugariek ere eragina izan dutela aipatu du Murok. “Aldaketek, hasieran, taldearen lana oztopatzen dute, taldean hasten den musikari berriak errepertorioa ikasi behar duelako. Hori gainditzen denean, taldekide berria hasten da bere izaera kantetan islatzen, bereak egiten ditu kanta zaharrak eta berriak, eta emaitza egokia bada, taldearen onerako da”, iritzi dio abeslariak. Hauxe da, hain zuzen, Balerdi Balerdin azken hiru urte hauetan gertatu dena: “Pettik eta Anxelek, sartu zirenetik, kantak nabarmen aberastu dituzte”. Izan ere, Murok uste du taldeak orain duen indarra aurretik inoiz ez duela izan.

27 urte hauetan bost disko soilik kaleratu dituzte nafarrek eta 15 urteko isilunea izan dute tartean. 1997an euren hirugarren lana, Hobe behin gorri ezen ez beti hori, argitaratu eta zenbait kontzertu egin ondoren, erabakia hartu zuten: “Garbi zegoen oso entzulego urria genuela, eta taldeko partaideok gero eta gogo gutxiago genituen jarraitzeko”. Marinok taldea utzi zuen eta etsi egin zuten, “ia-ia hamar urtez hozkailuan egon ginen”, kontatu du Murok. Ibarrolak eta Murok berriro elkartzea erabaki zuten arte. Karlos Ortiz sartu zen baxuan, Balerdi Balerdi izena berreskuratu eta martxan jarri ziren berriro.

2012an Hegoko lautadaren ertzetik lana kaleratu zuen orduko hirukoak. Taldeak hasierako asmoei eutsi nahi izan die bigarren etapa honetan ere: “Gure artean ohikoak ez diren estiloak euskaraz lantzea”, zehaztu du Murok. Bere ustez, lana berbera da lehen eta orain, “baina denboraren poderioz lehen baino hobeak gara, esperien-tziarekin irabazi dugu, nahiz eta, beharbada, adinarekin indar pixka bat galdu dugun”, aitortu du.

Gorabeherak izan arren, taldeak bosgarren diskoa argitaratu du. Galtzen ikasteko metodoa du izena, bildumako lehenengo kantak bezala. “Pello Lizarralderen hitzak dituen kanta baten izenburua da -jakinarazi du Murok-. Aukeratu dugu, alde batetik, kanta gehienen hitzak porrotaren inguruan ari direlako, eta CD-aren sarreran kokatuta dago, nolabait ideia orokor hori hasieratik garbi uzteko. Beste alde batetik, titulu honetan bertan ironia nabari daitezke, metodo guztiak zerbait irabazteko egiten baitira eta galtzen ikasteko metodo bat absurdua litzatekeelako!”.

OMENALDI KANTUA Bilduma honetako 14 piezei erreparatuta, letra ilunak, doinu alaiak eta tonu ironikoa dira nagusi. Heriotzaren gaia, bereziki, une askotan ageri da. Euren buruari barre egiteko abestiak ere badira diskoan, amaierako Fan fan oso fan abestia, kasu. “Agian, doinu gozoekin goibeltasuna konpentsa-tzen dugu, pop musikak duen asmo nagusia bizitzari alaitasuna ematea baita, eta guk taldean pop-rock-a egiten dugu”. Lan berrian omenaldiek ere beren lekua dute. Hala, Bi izar kantarekin, Josetxo Ezponda (Tensión, Los Bichos) punkaren eta indie musikaren aitzindaria izan zena eta Marco Antonio Sanz de Acedo (Tijuana In Blue, Kojón Prieto y los Huajolotes) omendu dituzte. Muroren ustez, “Iruñean kontrajartzen diren bi joera musikalen ikurtzat har daitezke biak”.

Diskoaren grabazioa Iñigo Irazokiren estudioan egin dute, Beran. Modu analogikoan grabatu dute diskoa, 24 pistako grabagailu batean, 80ko hamarkadan egiten zen eran. “Laurok elkarrekin jo genituen 14 kantak banan-banan, emaitza egokia lortu arte. Horrela lortzen da bizitasuna, baina prozesua luzatzen da; astebetez egon ginen grabatzen”, kontatu du Murok. Dagoeneko zuzeneko batzuk eskaini dituzten arren, agenda kontzertuz noiz beteko zain daude nafarrak. Uztailaren 15ean Añorgako jaietan izango dira eta irailaren 6an Atarrabiako plazako oholtzara igoko dira.