Bilbo - Erlea aldizkariaren 10. zenbakia aurkeztu zuten atzo Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. Erlearen etorkizunaren inguruan zalantzak bazeuden ere, Bernardo Atxaga idazleak zuzentzen duen lauhilabetekariak ez dio publikatzeari utziko. Ale berri honekin aldizkariaren ibilbidea amaituko zela zioten zurrumurruak barreiatu dituzte horrela, haizeak hodeiak desagerrazten dituen antzera.

Etorkizuna badu beraz 2009. urtean abiatu zuten egitasmoak eta hala, hamaikagarren ale bat ere izanen da. Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, Erlea bi digituen munduan sartu da eta hortik aurrera etorkizuna izatea espero du: “Jarraituko dugu proiektu hau bultzatzen, Erlea euskal kulturako erreferente bihurtu nahi dugulako. Lan egin beharko duzu, Bernardo”. Etorkizun hori berretsiko duen asmo bat ere badaukate gogoan, Erlea Urrezko saria antolatu nahi dute 2018rako. Erlea ez dago hilik.

Atxagak prentsaurrekoan azaldu zuen moduan, ale bakoitzak “atmosfera bat” dauka eta azken hau ez da salbuespena izan. Oraingo honek, hamargarrenak, antzerkia du ardatz. Halere, bestelako sekzioak errespetatu dituzte bertan; hala nola, Erretratuak, Euskararen munduan, Ipuinak, Poesia, Foroa...

Hamargarren zenbakia osatu bitartean, Atxagak ikusi zuen “oso-oso bizirik dagoen mundua dela antzerkiarena, jende entrenatua da, bizi-bizia”. Horregatik, mundu hori barru-barrutik ezagutu nahi izan dute, “askotan euskal kulturaren kanpoko begiradak baino ez direlako eskaintzen gurean”. Aldizkariko “barruko begiradak edo esperientziak” azpimarratu zituen Atxagak: “Aktoreei eskatu diet euren esperientziak kontatzea, Juan Cruz Gurrutxagari, Anjel Alkaini,... denei eskatu diet aktore bizitzaz hitz egitea, hau da, nola bizi duten aktore lana”. Halaber, Euskal teatroaren panorama eta euskararen egoerari buruz ere hainbat gogoeta azaltzen dira bertan.

Oro har, ale berri honetan askotariko edukiak izango dira irakurgai: elkarrizketak, antzerki piezak; poemak, liburu-kritikak. Halaber, zenbaki honetan parte hartu dutenen artean, Agus Perez, Ander Lipus, Iñake Irastorza, Mikel Martinez, Jokin Oregi, Iñaki Rikarte edo Anjel Alkain aurkitzen dira, besteak beste.

hasierako helburuak Euskaltzaindiak hasieratik babestu zuen Erlea proiektua eta Pamiela argitaletxeari eman zion aldizkaria editatzeko ardura. Hala, abian jarri zutenetik, oinarrian helburu berberak izaten jarraitzen dutela gogoratu zuen Atxagak atzoko prentsaurrekoan.

“Gure nahia aldizkari hau egiterakoan izan zen euskal mundua bere zabaltasunean hartzea”, azaldu zuen. Parametroak zabaltzea dute xede eta bistakoa da hori lortzen ari direla. Urte hauetan guztietan aldizkarian jardun duten zerrenda ikusiz gero, asko dira Ipar Ameriketako baina euskal jatorrikoak diren idazleak. “Euskal mundua unibertso oso bat dela erakutsi nahi dugu”, argitu zuen.

Iraganak ere badu nolabaiteko pisua Erlean. Bertan, iraganeko hainbat lan bildu dituzte. “Lan ederrak” direla eta horiek iraganean ez gelditzeko, haietako asko azalerara atera dituztela azaldu zuen.

Horretaz gain, aldizkari honi forma bat eman nahi ziotela ere azaldu zuen eta ez “zaku” moduko bat aurkeztu. Ildo horretatik, atal jakin batzuk originalak eta bereziak izatea nahi zuen. “Adibidez, poema bat argitaratzen dugu baina horren atzeko aldea ere islatuz, hau da, poema hori nondik datorren erakutsi nahi dugu. Elkarrizketak ere egin ditugu baina objetuen bidez, adibidez. Eta mintzatuko gara berriki argitaratu diren liburuez baina elkarrizketa baten bitartez eta ez iruzkinen bidez”. Aldizkarian artista jendea sartu da laguntzera. “Horiekin batera eman nahi izan diogu narrazio bat. Barrutik begiratuz gero, bakoitza narrazio bat dela konturatuko gara”, aipatu zuen idazleak.

Printzipio horietaz guztiez gain, aldizkari bat “ondo editatuta” nahi zuten, hitz horrek ingelesez daukan zentzuan ulertuta, bederen. “Ez dugu azaleko zuzenketarik egiten, hiru hilabetez etengabe jarduten dugu galdezka, testuen argitasuna eta zuzenketa arrazoizkoa eta sakona egin nahi dugulako”, argitu zuen, atal honetan, lan gehiena bere lagun Asun Garikanok egin duela aitortuz. Hamar ale horiek publikatu izana “pozgarria dela dio. “Ale hauekin erakutsi dugu zein den euskal kulturaren egoera gaur egun”, esan zuen idazleak.