Mahai bat. Ez gehiagorik. Hori da ATX teatroaren Fakiu an-tzezlanaren eszenografia bakarra. Eta hiru pertsonaia bere inguruan: sistema, sistema aplikatzen duena eta sistema pairatzen duena. Eguneroko biolen-tzia dute mintzagai: “Modu inplizituan edo esplizituan jasotzen dugun indarkeriaren aurrean indarkeriaren bidez defendatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu obran”, adierazi du Iñaki Ziarrusta zuzendariak. Hau da, biolentzia gainditzeko, biolentzia.

Izan ere, historia osoan giza eskubideak lortzeko biolentzia erabili dela uste du Ziarrustak: “Grebak, atxilotuak, hildakoak... izan dira betidanik. Eskubideak ez dira mahai baten bueltan adostu, indarkeria erabili da eskubideak lor-tzeko”. Hala, batzuetan zerbait lor-tzeko “modu bakarra” biolentzia dela gaineratu du. “Ez gara ari biolentzia politikoaz, baizik eta gizarteak eta sistemak berak eragiten duen biolentziaz: hezkuntzan, generoan...”, zehaztu du. Ardatz hori hartuta, eguneroko hainbat egoera taularatuko dira obra honetan, epaiketa bat egongo da eta ikusleek erabakiko dute antzezlanaren amaiera. “Bi amaiera posible ditugu prestatuta: sistema akatu edo ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu. Publikoak parte hartzea nahi dugu eta horregatik dago haien esku amaiera”, zehaztu du Ziarrustak. ATXeko kideen artean dagoeneko porrak egin dituzte. “Batzuk ziur daude sistemarekin akabo eginen duela publikoak -dio Ziarrustak-; baina ni ez nago hain seguru. Ez dut horrenbesteko konfiantzarik gizartean, gizartea masa bezala hartuta. Norbanakoan, berriz, bai”. Hala, behin baino gehiagotan sistemarekin ordura arte bezala jarraitzea erabakiko dutela aurreikusten du Ziarrustak.

Hitz joko berezi bat erabili du ATX konpainiak bere sorkuntza berriari izena jartzeko. Fakiu hitzak, kartel batean ikusita, gutxiri iradoki-tzen dio ezer. Lehen begiratuan, esanahirik gabeko hitza da. Ozen ahoskatzen, berriz, esanahi beteko berba bihurtzen da. Fuck you ingelesezko adieratik dator hitz-jokoa. “Sotiltasun hori du hitzak. Ez du ezer esaten eta bat-batean dena esaten du”, uste du Ziarrustak. “Guretzat sistemaren biolentzia modu horretakoa da. Egunero agian ez duzu ikusten, baina pentsatzen hasten bazara... Fakiu. Fuck you. Sublimazio hori irudikatzen du izenburuak”, zuzendariaren esanetan.

HIRU PERTSONAIA Bi emakume eta gizon bat taularatuko dira Fakiu obran: Belen Cruz, Sandra Fernandez eta Gabriel Ocina. Hiruren arteko harremana azaltzen da obran, Ziarrustak azaltzen duenez: “Sistema pairatzen duena badator sistema bera garbitzera. Arazoaren iturburura doa zuzenean eta horrekin bukatu nahi du. Ikusteke dago lortuko duen edo ez”. Cruz izanen da sistema, Fernandezek sistema pairatzen duena antzeztuko du eta Ocinak, berriz, sistema aplika-tzen duena. “Indar handia behar da hiru pertsonaia hauek antzezteko. Niretzat erronka handia izan da”, azaldu du Cruzek. Fisikoki asko eskatzen duela ziurtatu du, eta askatasuna izan arren, despista-tzeko denborarik ez dago. Partitura fisiko batekin egin dute lan, mugimenduak zehazten dituen koreografia batekin: “Modu honetan lan egiten dudan lehenengo aldia da; hasieran kostatu zitzaidan, baina barneratu bezain pronto ongi moldatu naiz”, kontatu du.

ATX Teatroak gizakiaren oinarrizko apetei erreparatzen die, barru-barruko senei, gizaki bainoago animalia egiten gaituzten bulkadei. Primitibotasunari alegia. Horrela, haien obretan, biolentzia, sexua, boterea edo beldurra jorratzen dituzte, besteak beste. “Niri zer baino nola interesatzen zait”, jakinarazi du Ziarrustak. Gainera, konpainiak antzezlanak egiteko burutzen duen prozesuari garrantzia ematen dio zuzendariak. Horrez gain, “pertsona egiten gaituzten gaiak ukitzea” gustatzen zaiola dio.

ATX Teatroaren estiloa dinamikoa eta oso fisikoa da aldi berean. “Aktoreak marrazki bizidunak izatea gustatzen zait eta ez horrenbeste pertsonak”, azaldu du Ziarrustak. Mugimenduari eta adierazkortasunari garrantzi handia ematen die, eta ez du nahi bakarrik an-tzezlanaren zati bat izatea, baizik eta engranaje baten moduan beste guztiarekin aritzea. Hala, dena maila berean egotea nahi dute: musika, erritmoa, adierazkortasuna, testua, mugimenduak... “Ez dut nahi testua izatea parterik garran-tzitsuena. Argi dago, dena den, hori ikusleak erabakitzen duela”, dio obraren zuzendariak.

Era berean, distopia, antiestetikoa dena edota Euskal Herriko ohitura eta antropologia ikertzea gustatuko du ATX konpainiak. “Egia esan, antropologiaren alorrean lan sakonik oraindik ez dugu egin. Prozesu luzea eskatzen du horrek, eta orain ezin dugu hainbeste denbora horretara dedikatu”, onartu du Ziarrustak. Dena den, dagoeneko bi urte baino gehiago daramatzate Fakiu antzezlanarekin, teorikoki ideiari bueltak ematen, txukun-tzen, eta forma hartzen. Aktoreen lana guzti horren ostean etorri da. Oraingoan, ATX konpainiako kideek hilabete oso bat eman dute elkarrekin antzezlana prestatzen. Hiru astez egon dira Iparraldeko Luhuso herrian eta, sorkuntza prozesuaren azken txanpan, bi aste eman dituzte Elorrioko Arriola Antzokian. “Erabat murgildu gara honetan -dio Cruzek-. Aktore batentzat oso interesgarria da prozesu hau; gehienetan ez da horretarako aukerarik egoten”. Gainera, Cruzek aitortu du elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia dela, baina oso gustura aritu direla: “Esku artean duguna oso indartsua eta interesgarria da. Mamia dago, eta mami hori umore beltzez zipriztindurik dago”.

FREDI PAIA, GIDOILARI Iñaki Ziarrusta aritu da obraren zuzendaritzan, baina Fredi Paia izan da Fakiu obraren testuaren egilea. Paiak nahi zuena idazteko askatasun izan du, eta bueltan, bere erara moldatzeko ere bai Ziarrustak. “Hala, lehenengo bertsioa joan-etorrian ibili zen nahi genuen forma hartu arte”, azaldu du Ziarrustak. Horrelako enkargua jasotzen duen lehenengo aldia da Paiarentzat, eta ez zaio batere erraza iruditu egitekoa. “Beti idatzi edo bertsoak bota izan ditut nire esperientzia pertsonaletik; baina kasu honetan beste baten ideia garatu behar izan dut. Zer egingo luke Ziarrustak kasu honetan?, galdetzen nion neure buruari”. Ziurgabetasun sentsazioa izan duela aitortu du, baina erabat interesgarria iruditu zaio lana. Gaia bera ere konplexua dela onartu du: “Niretzat ez da bakarrik biolentziaren aurrean biolentzia aplikatzearen eta sistemaren kontua; gaia askoz sakonagoa da”.

Ariketa “bitxia” izan da Paiarentzat gidoi hau lantzea, “barne ariketa interesgarria” egin duela dio. Asko irakurri behar izan zuen testua egiteko eta zeregin horretan balio izan dioten adibideak kontatu ditu: “Behin batean, ume bat aurkitu zuten Afrikako herrialde batean. Guztiz erreta zegoen eta bere amari deika ari zen. Gero jakin zen amak erre zuela, arrazoi sozial eta kulturalengatik. Baina umearen aukera bakarra amari deitzea zen. Horrelako biolentzia bortitza eta desumanizazioa ikusten da obran”, jakinarazi du algortarrak.

Biolentziaren forma guztietan sakontzen aritu dira ATX Teatrokoak. Biolentzia sozial, biolentzia politiko, biolentzia maskulino eta baita ere biolentzia femeninoaz hitz egiten da testuan. Ildo honetan, indarkeriaren erroak kristau kulturan daudela dio Paiak: “Testamentu zaharra testu izugarri bortitza da. Eta, era berean, orain defendatzen da biolentzia gaizki dagoela. Gerra zibila biolentzia izan zen eta horrek ere gure bizitza baldintzatu du. Biolentzia horren seme-alabak gara”. Dena den, umorearentzat ere bada tartetik antzezlanean, baina Paiak argi du umorea ere oso biolentoa izan daitekeela. Ildo honetan, Argentinako diktadurako emakume torturatzaile baten idazkiak ere irakurri zituen Paiak. “Emakume horrek torturatzen zuen bitartean umorea erabiltzen zuen. Adarra jo-tzen zien. Normalean isiltasuna ere bakearekin lotzen dugu, baina momentu zehatz batean isiltasuna oso bortitza izan daiteke”.

Gaia konplexua izan arren, ikuskizun honekin ez dutela helburu berezirik lortu nahi dio Iñaki Ziarrustak. “Oraingo honetan biolentziari buruz ari gara, baina beste batzuetan beldurrari buruz, botereari buruz, sexuari buruz... aritu izan gara”. Ongi pasatzea eta neurri batean edo bestean ikusleari pentsatzeko aukera ematea izaten dute helburu. Ziarrustak aitortu du berarentzat obra hau “behar fisiologiko” bat zela. “Bizitzan izandako esperientzietatik idazten dut, eta hau konpartitu nahi nuen”.