Mugarri baten aurkia eta ifrentzua, 30 urte eta gero
NES izenarekin ezagutu genuen Nintendoren Entertainment System bideo-kontsola. 1986ko irailean iritsi zen Europara makina ezaguna. Beraz, bere 30. urteurrena du aurten
Diotenez, produktu baten arrakasta neurtzeko oso adierazle ona omen da izen komertziala saltzen den produktuaren sinonimo izatea (Tippex edo Post-It, esaterako); eta hori da, hain zuzen, Nintendok urte askotan bere Entertainment System bideokontsolarekin lortu zuena. Euskal Herrian SEGAren Master System-a ere oso ezagun izatera ailegatu zen garai hartan, baina salmentek agerian uzten dute ikastetxeetako patioetan nabaria zena: SEGAk mundu mailan 13 milioi makina saldu zituen; Nintendok, aldiz, 62 milioi. 8 bit-eko sistemen borrokan bigarren postua lehenengotik oso urrun geratu zen. Zer dela eta? Hainbat arrazoi daude, batzuk besteak baino ilunagoak.
Lehenik eta behin, analisi ofizialetan azalpen adostuen moduan maiz agertzen dena; hau da, kalitatea. AEBetan, Atari enpresaren hainbat erabaki oker zirela eta, bideokontsolen salmentak krisi larria pairatzen ari ziren. Produktu txarren ospea izanda, komertzio askok erabaki zuten produktu horiek saltzeari uztea. Hori jakinda, Nintendori estrategia arrisku-tsu bat bururatu zitzaion: NES goi-teknologiako jostailua balitz bezala salduko zuen, ordenagailu kontzeptua baztertzen saiatuz. Horrekin lotuta, bere makinarako diseinatutako programa guztiek kalitate-kontrol zorro-tzak pasa beharko zituzten (Nintendo Seal of Quality ospetsua sortuz); eta horiek onak izango zirela ziurtatzeko, kanpoko enpresek ezingo zuten urtean bost joko baino gehiago merkaturatu.
Mugimendua bikaina izan zen epe ertainera, eta historiako saga ezagunetariko batzuk garai horretan jaio ziren, Super Mario Bros-ena, esaterako (lehenengo atalak 40 milioi ale inguru saldu zituen, eta historiako joko salduenen zerrendan bigarren tokian dago, Wii Sports-en atzetik). Nintendoren lorpen handiak ere sasoi horretakoak ditugu: Donkey Kong, Metroid eta, batez ere, The Legend of Zelda. Kanpoko garatzaileek ere ondare polita utzi zuten, Konami-ren Castlevania eta Metal Gear sagak esaterako; edota Capcom-en Mega Man eta Square-ren Final Fantasy-ren lehenengo atalak.
TXIKIAK, KALTETUENAK
Ostera, eta tamalez, argi dago politika monopolista honekin gauza asko ere galdu genituela. Lehen aipatutako arauetan garatzaileek bete behar zuten esklusibotasun klausula ere bazegoen; hau da, gainerako etxeek NESen argitaratu nahi bazuten, debekatuta zuten konpetentziarako programatzea. Gainera, kartutxo kopuru minimo bat ekoizteko hartu beharreko konpromezua ere bazegoen, prezio altuak zirela eta garatzaile independente eta txikiek hartu ezin zutena.
Hala ere, argi dagoena zera da: egun, 30 urte eta gero, NESek, euskal herritar askorentzako lehenengo bideo-kontsolak, lekutxo bat lortu duela gure bihotzetan. Honetaz jakitun, Nintendok bertsio berri bat kaleratuko du azaro honetan bertan (NES Classic Mini, memorian instalatutako 30 jokorekin), eta horrek ere arrakasta komertzial itzela izatea espero da.
Beharbada, egun Play-a izango da modan dagoen bideo-kontsola aipatzeko hitza; alabaina, beti izango dugu Nintendo.
Más en Cultura
-
Irudika inaugura la exposición del programa de Residencias 2025 con las artistas Harriet Lenneman y Tania Manzanal
-
La fotógrafa mexicana Graciela Iturbide, Premio Princesa de Asturias de las Artes 2025
-
Muere el escritor y político Ignasi Riera a los 85 años
-
Eurovisión defiende el sistema de televoto pero lo estudiará tras "haber sido cuestionado"