Bilbo - “Gogorra izan da, baina jada eskola honek ez dauka frenorik”, dio donostiarrak konfiantza osoz.
Balantzea, beraz, ona.
-Positiboa behar du izan, derrigorrez; ez daukagu aurreko urtearekin konparatzeko modurik. Lana egin dugu barra-barra eta etxea eraiki-tzen hasi gara; zimenduak jarri dira.
Eta zer dago egiteke?
-Espazioak moldatu behar ditugu, antolakuntza egokitu... Irailean ikasle kopurua bikoiztuko da eta horrekin beste elementu batzuk aktibatuko dira, baina ikasleek eta irakasleek hartu dituzte ohitura ba-tzuk... Horrek guztiak ematen dio nolabaiteko eskarmentua eskolari.
Zer ikasi duzu ikasturte honetan?
-Denetik. Klasean, ikasi dut inprobisatzen, baina horrek antzerki zuzendaritzarekin zerikusi handia du. Entsegu bat ondo prestatu behar da, eta gero bertan zerotik abiatzen gara. Eta hemen, gutxi gora-behera, antzerakoa da: klaseko martxa klaseak berak jartzen dizu. Ikasleek ematen dute martxa hori, hasieran ez baitute erreferente komunik, ez ohiturarik... Elementu horiek sortu egin behar dira eta beraiekin bat egin behar da bidea. Orain, hori dena eraiki dugu. Hori izan da deskubrimendurik handiena, oso antzekoak direla bi dinamikak, beraiena eta gurea.
Euskaraz maneiatzen zarete?
-Bai. Klase praktikoak euskaraz egiten dira, nahiz eta euskaraz justu dabilen jendeari laguntzen diogun; eta klase teorikoetan banatu egiten ditugu, hor hizkuntza konpetentzia handiagoak behar direlako. Dena den, batzuetan klase komunak egiten ditugu. Elebitasuna benetan jorratzen dugu hemen, manierismorik gabe eta normaltasun osoz.
Hamar hilabete ez dira nahikoa eskola batek bere estiloa defini-tzeko, ezta?
-Bai, goiz da horretarako, ez baitakigu ze talde pedagokiko izango dugun irailetik aurrera. Urtero-urtero aldatuko da hori. Ikasgaiak ere gehituko ditugu, orain arte jorratu ez direnak; esaterako, akrobazia, klown teknikak... Talde honek lan bat egiten dihardu, baina irailetik aurrera dena birplanteatu behar da.
Lar akademizista bihurtzearen beldurrik bai?
-Ez. Gurean klase praktikoen kopurua %70ekoa da, eta teoriak %30 jaten du. Dagoeneko, badakigu eskola honetako zigilu bat badela, beste eskola ofizial batzuekin desberdintasuna markatzen duena. Gure planteamendua da teoriatik praktikarako zubia eraikitzea. Zigilu hori badugu, ikasketa planetik abiatu eta azkenera arte mantendu izango duguna.
Ikasleentzat txertatze-programarik ezarri duzue?
-Bai, baditugu. Arte dramatikoan praktikak ikasketa planaren barruan daude, lehenengoko mailatik hasita, eta urtero dituzte 120 orduko praktikak, hemendik kanpo. Aurten, Alondegian egon dira, Sociedad Doctor Alonso konpainiarekin, eta baita Donostian, Opus Lirikarekin. Obra desberdinak ikustera ere bidali ditugu, guztira hamabost bat, eta 2. eta 3. mailan kanpoko enpresetara joango dira, praktikak egitera. Ari gara hori dena lotzen Eskenarekin eta beste enpresa eta sortzaileekin. Orain, dokumentazioa eta araudia presta-tzen gabiltza, praktika horiek nola egin behar diren zehazteko.
Eta, atzerrira bidaltzeko asmorik?
-Datorren ikasturterako sartuko da eskolan Erasmus proiektuaren arduraduna. Hasi beharko da mundu mailan beste eskola batzuekin hi-tzarmenak lotzen, gure ikasleek mugikortasuna izan dezaten. Saiatuko gara orain 1ko mailan daudenak aukera hori izan dezaten 3. eta 4. mailan daudenean.
Iaz, Dantzerti abiatu zenean, sektore desberdinetako jendea mesfidati samar agertu zen.
-Normala. Guk ere bagenituen geure zalantzak, ez pentsa. Beraz, kanpotik egin dizkiguten kritikak guztiz ulergarriak dira. Hori bai, proposamen edo irtenbide batekin badatoz, askozaz hobe.
Euskal dantza tradizionala sartu duzue ikasketa plangintzan?
-Ikasketa planean ez zegoen halakorik, baina Hezkuntza sailarekin batera topatu den bidea izan da eskola honen barruan hautagaizko ikasgaien ibilbide bat sortzea, datorren ikasturtean martxan jarriko dena. Gutun bat bidali genien euskal dan-tzen inguruan dabiltzan pertsona jantziei, eta jaso ditugu hainbat proposamen eta irizpide, eta lau ikasgaitan oinarrituko da ibilbide hori eta ikasgai horretan erro tradizionaleko euskal dantza jorratzeko aukera izango da. Seguruenik, ikasle guztiek pasa beharko dute horietako ikasgai batetik, derrigorrez.
Zenbait antzerkilari ere kexu ziren iaz. Zein antzerki modelo eraikiko zen, ofizioaren alde artesanala nola geratuko zen, euskal antzerkiaren ‘imaginarioa’ zertan geldituko zen...
-Aurten nahiko urte zoroa izan da guretzat, baina gutxinaka-gutxinaka sektoreko jendearekin elkartzen ari gara, nahi baino gutxiago eta zita pendiente askorekin. 1ko mailan euskal antzerkiaren eszena jorra-tzeko betebeharra du ikasleak, eta euskal eszenaren zantzu profesionalak nondik datozen, ze garapen izan duen... Hori dena jorratu da. Zortzi euskal konpainia ezagutzera ere joan dira ikasleak. Eta artisau kontzeptu hori bermatuta dago etxean gauden irakasle guztiak profesiotik eta jardunetik gatozelako.
Beraz, modelo bat ezartzen ari zarete.
-Irakaslegoak egiten du modeloa, baina egia da nahiko modelo eklektikoa behar duela izan gureak, erakunde publikoa garenez, bere gauza on eta txarrekin. Gure irakaslegoaren profila zabala den heinean, begirada ere eklektikoa izango da; ez dut uste hori txarra denik.
Liburutegi bat ere atondu duzue.
-Garrantzitsua zen hori niretzat, eta irailean hasi ginen liburutegi baten oinarria sortzen. Eta ikasturte erdian donazio bat jaso genuen, 2.200 alekoa, Bartzelonako Joan Casas irakasle ohiarena. Guretzat izugarria izan da, opari polita. Orain, hori dena erabilgarri egiteko plataforma digital bat eraikitzen ari gara.