Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko irakaslea da Xabier Landabidea (Bilbo, 1981). Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Politika Zientzietan lizentziaduna, komunikabideen jarraipen estua egin du betidanik, eta bere azken ikerketan ere ildo beretik jo du. 2014an, Euskal Gizartearen Egoera ikerketa saria jaso ostean, liburu formatuan kaleratu da orain Euskaldunok eta telebista XX. mende hasieran bere lana. Besteak beste, telebista tradizionalak bizi duen krisia baliatuz, bestelako eduki eta ereduak bultzatu behar direla aldarrikatzen du.

Zer dela eta aukeratu duzu ikergai hau?

Aitona-amonekin telebista ikusten ari nintzen batean ohartu nintzen gauza berari eta oso gauza desberdinei begira ari ginela. Izan ere, telebista ikustearen esperientzia erabat desberdina izan daiteke gauza berari begira egonda ere, eta ideia horretan sakontzea erabaki nuen. Gainera, gure etxeetan aspalditik lekua egin duen aparailua da telebista, zerbait etxekoa baina, aldi berean, krisian dagoena, eraldatzen ari dena. Hori horrela, adin-talde desberdinek telebistarekiko dituzten harremanak aztertzea deliberatu nuen, telebista gaur egun zer ote den eta telebista ikusteak euskaldunon egunerokoan zein esanahi hartzen duen jakiteko.

Telebistaren zer nolako aisia esperien-tzia izaten ari gara aldi honetan?

Esango nuke telebistaren aisiaren ereduen elkarbizitza garai batean gaudela. Telebista egin eta kontsumitzeko modu berriak sortzen ari dira, baina, aldi berean, molde zaharrek oraindik indar handia daukate. Telebista hitza erabiltzen dugu oraindik praktika sozial eta ikus-entzunezko teknologia konkretu bat izendatzeko, baina uste dut hitz hori zahar geratu zaigula ezpainetan.

Izan ere, zer da telebista ikustea egun?

Hori da kontua. Egun, telebista ikustea gauza asko izan daiteke. Kuriosoa da: telebista ikustea zer den galdetuta, zalantza pizten da berehala. Etxean norberak grabatutakoa ikustea telebista da? Smart tv delakoetan interneteko edukiak kontsumi-tzea telebista da? Whatsapp-etik jaso dugun telebistako bideoa telebista da? Ez dago oso argi.

Krisia aipatu duzu, baina telebistak jarraitzen du pisu handia izaten, ezta?

Telebistak pisu sinboliko handia dauka oraindik. Iritzi publikoa sor-tzerakoan ere indar handia dauka. Horrez gain, aisiaren esparrutik, pisu ikaragarria izaten jarraitzen du. Krisian dagoena ez da telebista bera, telebistaren kontzeptzio bat baizik. Geroz eta gehiago telebistaren aurrean ematen dugun denbora konpartitua da beste gailu batzuekin: tablet-ak, mugikorrak, ordenagailuak? Telebistak hor egoten jarrai-tzen du, baina beste pantaila ba-tzuekin konpartitzen dugu orain. Hori da “bigarren pantaila” bezala ezagutzen den fenomenoa. Garai batean, irratiko entzulea entzule zen, zinema ikuslea ikusle eta prentsa irakurlea irakurle. Orain, geroz eta ohikoagoa da irakur-ikus-entzule izatea plataforma anitzetan eta aldi berean, hiper-aktiboagoak bilakatu gara.

Horrek telebista ikuslearen profila aldatzen du?

Bai, eta hor bada beste krisi isil bat: audientzien neurketarena. Lehen errazagoa zen kontsumoa neurtzea. Orain, ordea, zailagoa da pastela nola banatzen den jakitea. Zentzu horretan, telebista momentu deseroso batean dago. Komunikabideen sistema anitzagoa bihurtu da, eta guk, ikusle bezala, beste praktika batzuk hartu eta garatu ditugu. Hala, ikus-entzuleen sailkapen zehatzak egitea geroz eta zailagoa da.

Baina, aldi berean, ikus-entzuleen azterketa funtsezkoa dela diozu. Zergatik?

Gizartea ulertzeko komunikabideekin ditugun harremanak ulertu behar ditugulako. Telebista oso elementu familiarra baina konplexua da aldi berean, soziologikoki gizarteari buruz gauza asko esaten ditu. Hain barneratuta dugun praktika horren atzean gauza asko gordetzen dira. Familia batzuetan telebistak elkarrekin egoteko balio du, baina beste batzuetan elkarrekin ez egoteko ere bai. Ez dut uste telebistak izaera eta funtzio orokor eta bakar bat duenik. Telebista da guk harekin egiten duguna.

Adin desberdinetako 75 ikus-entzulek telebistarekin duten harremana aztertu duzu. Zein belaunaldik du ikusle-esperientzia positiboagoa?

Oro har, nagusienek. 65 urtetik gorakoentzat, orokorrean, telebista zoragarria da teknikoki, garai bateko miresmena diote gailuari. 35 urtetik beherakoen artean telebistaren kon-tsumoa altua da, baina telebista ikusten ematen duten denboraren balioarekiko kritikoagoak dira. Asperdurari aurre egiteko aukera merke moduan edo kuestionatzen ez den eguneroko erritu moduan dauka gazte askok telebista. Gazteenak izan dira telebista gehiegi ikusten dugu edo telebistan ez dago ezer gehien errepikatu dutenak.

Egoera ekonomiko zail honetan, kezka dago ETBk -eta batik bat bere euskarazko kateak- dituen ikusle kopuru txikiengatik. Nola ikusten duzu egoera?

Kritikoa naiz ETBren azken urteotako norabidearekin. Inoiz egin den fotokopiagailurik garestiena sortu dugu. Akats bat da 1.000 pertsona irrati-telebista publiko batean lanean egotea gu baino indartsuago direnek egiten dutena kopiatzen. Saiatu gaitezke Tele5 kopiatzen, baina kate horrek baliabide gehiago ditu eta errazago egingo du. Goazen gure telebista egitera. Telebistak duen poten-tzialtasuna ikaragarria da, baina badirudi ez dakigula zer egin horrekin. Telebista tradizionalak bizi duen krisia galdera berriak planteatu eta telebistaren inguruko gure diskurtso propioa garatzeko aukera bezala hartu beharko genuke, baina abagunea galtzen ari garela iruditzen zait.