BILBO. Zehazki, "Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día (7 miradas y una ciudad)" lana apirilaren 27an eskainiko da, Picasso Museoko auditoriumean, arratsaldeko 18:00etan, eta 28an Albeniz zinema aretoan, arratsaldeko 17:30ean, Estreinaldi Bereziak sailean. "Distantziak" lanari dagokionez, apirilaren 28rako programatu da, Dokumental Berezien barruan; emanaldia Echegaray antzokian izango da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

"Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día (7 miradas y una ciudad)" sortu zuen proiektuak bi helburu zituen: film laburrari balioa ematea eta filmatze lanak egiteko Bilbo leku egoki gisa erakustea. 'Sketch' filmen modu klasikoan egindako ekoizpen lan bitxi honek elkarren artean oso desberdinak diren gaiak eta ezaugarri formalak dituzten zazpi fikzio biltzen ditu -zine musikala, garaikoa eta egungo drama eta komedia, besteak beste-. Horien guztien ezaugarri komuna, Bilbok eta Bizkaiak azken 30 urteetan izan dituzten eraldaketak irudikatzeko nahia da.

Lan bakoitza egiteko, Zinebik hiru zinemagile belaunaldiren ekarpena izan zuen. Horrela, "Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día (7 miradas y una ciudad)" lana osatzen duten film laburrak, Pedro Olearen "Zonbi Eguna", Javier Rebolloren "El amigo imaginario", Enrique Urbizuren "Misterio en el parque de Doña Casilda", Mikel Ruedaren "Caminan", Luis Maríasen "Amatxu Maitea", Imanol Uriberen "Parpadeos" eta Sra. Polaroiskaren "Los ocho pecados capitales" dira.

"DISTANTZIAK"

"Distantziak" lanari dagokionez, Maddi Barber, Cris Ezquerra, Aitor Gametxo eta Jesus Mª Palacios zinemagile gaztek egindako talde filma da. Bakoitzak gaur egun zinea egiteko duen modu pertsonala besteekin batera lantzen duten lau zinemagile gazte dira. Zine erabat pertsonala da, jardunbide dokumentaletan lehen pertsonak duen gero eta subjektibizazio eta presentzia handiagoa agerian utziz, ezarritako diskurtso ofizialaren aurreko erresistentzia gisa.

"Distantziak" ere Zinebiren ekoizpen lana da, gaur egungo ikus-entzunezko sorkuntzaren ikerketa, praxi eta hedapen eragile autonomo gisa finkatuz joan dena eta Bilboko jaialdiaren azken bi edizioetan Zinergentziak zikloaren barruan parte hartu duena.

Zinergentziak zeharkako ekintza gisa egituratu da Zinebiren programazioan, eta bertan jaialdia bera, sorkuntza garaikide horren erakusleiho gisa aritzeaz gain, bultzatzaile eta sustatzaile gisa ere jarduten da.