BILBAO - Shakespeareren lanak euskaraz irakurri nahi duen orok badu non aukeratu. Esaterako, iaz bertan, Juan Garziak itzulitako William Shakespeare: sonetoak. Zeru horren infernuak lana argitaratu zuen Aztarna argitaletxeak, Mikel Laboa Katedraren laguntzaz. “Shakespeare euskaraz arnasberritu da, eta euskara Shakespearez”, esan zuen aurkezpenean Katedraren zuzendari Juan Kruz Igerabidek. Hogei urte eman ditu Juan Garziak idazlearen ondarea itzultzen eta orrazten, guztira 154 soneto landu dituela, emai-tza harrigarria lortuz. Baina euskal egileek aspaldi erakutsi zuten Shakespearekiko lilura. 1924an, Toribio Altzaga euskaratu zuen idazlearen lehen testua. Antzerkigileak Macbeth-en bertsio bat egin zuen, izen luzea jarriz estraineko testuari: Irri-tza, Shakespeare´n Macbethén gayean, iru egintza ta egintza aurrean Toribio Alzaga´k euskeratutako antzerkia. Susa argitaletxeko Armiarma sarean Mikel Elorza kazetariak gogoratzen duen legez, “eskuizkribua, mikrofilmatua, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian ikus daiteke”. Altxor txikia, beraz, guztion eskura.
Ia hogeita hamar urte beranduago, Bingen Ametzagak Hamlet ekarri zuen euskarara. Ekin argitaletxe mitikoak argitaratu zuen liburua, Buenos Airesen, 1952an. Ametzagak irekitako bidea Bedita Larrakoetxeak jarraitu zuen. “Berau dugu William Shakespeareren antzerki-obrak euskarara ekartzen lanik handiena egindakoa”, Elorzak gogoratzen duen moduan. Ametzagak bezala, honek ere erbestetik, Argentinatik. 1957ko Euzko Gogoa-ren azken zenbakian Macbeth plazaratu zuen; 1958ko 3-4 zenbakian, Euzko Gogoa-n beti ere, Lear Errege agertu zen; eta hurrengo urtean, 1959an, Ekatxa. William Shakespeareren antzerki-lan guztiak euskaraz jarri zituen, eta bere lana Kardaberaz Bazkunak eman zuen argitara, 1974 eta 1976 urteetan, bost liburukitan jaso zirela. Bitxia bada ere, Arratiako azpi-euskalkian eginak dira itzulpenok, eta, Mikel Elorzak gogoratzen duen moduan, “ez dira samurrak”.
Aurrerago, 1985ean, Senez izeneko aldizkaria kaleratzen zuen Antzerti erakundearen eskutik Shakespeareren bost antzerki-lan argitaratu ziren: Julio Zesar, Zeuk nahi duzunez, Endrike VIII, Neurriari neurriaz eta Richard II.
poesia Juan Garziak sonetoekin eginiko lan ederra aipatu dugu hasieran, baina aurretiaz ere izan ziren Stratford-on-Avongo autorearen poesia miretsi zuten euskal sortzaileak. Tartean, Gabriel Aresti bera. Honela, 1954an eman zuen argitara Arestik William Shakespeareren 109. sonetoa, Euzko Gogoa-n.
1959an, gure poesiaren beste biltegi esanguratsua izan den Olerti-n Santi Onaindiak sei soneto euskaratu zituen. 1964an, Juan San Martinek ere ekarri zituen gurera, Olerti-n bertan, hiru soneto eta bi poema. Jon Beiztegik, azkenik, Barrena, lau lerroko poematxoa euskaratu zuen eta Olerti-n argitaratu 1969an.
90ko hamarkadan Juan Garziak heldu zion sonetoen kontu honi, eta Alberdania argitaletxearekin eman, 1995ean, Soneto hautatuak izeneko liburuan; handik aurrera pieza horiek landu eta aztertzen eman du denbora Garziak. Emaitza, aurretiaz aipatutako William Shakespeare: sonetoak. Zeru horren infernuak disko-liburu zoragarria.
Beste egile batzuk ere ekarri dute euskarara antzerkigilearen lana. Tartean, Ritxi Lizartza, Xabier Mendiguren edo Luigi Anselmik. - DNA