Mireya Martin Larumberen bizi-tzan arteak ez du etenik, bere lanak ez baitira sorkutza prozesu baten amaiera, bidearen beste pausu bat baizik. “Nire produkzioen artean ez dago mozketa kontzeptualik, sorkuntza prozesua arina baita oso”, azaldu du artista iruindarrak. Horrela, ideiak eta sentipenak oinarritzat hartuta, beste errealitate batzuek forma hartzen dute bere eskuen artean, betiere euskarri ezberdinetan islatuta. Horietako ba-tzuek osatzen dute, hain zuzen ere, egun hauetan Bilboko Marzana Espazioan ikusgai dagoen bilduma. Bihotza eta basoen zarata izenburupean, tamaina handiko mihiseak dastatu ahalko ditu bertaratzen den ikusleak, baina baita animazio-sorkuntza eta eskulturak ere. “Marrazkiak dira guztien oinarria -argitu du egileak-, denak nik eginikoak dira, akuarela edo urre goia bezalako material klasikoak grafito hautsa den material industrialarekin uztartuz”, gehitu du.
Martin Larumberen erakusketek ez daukate helburu bakar edota bereiztuta. Aldi bakoi-tzean erakutsitako lanak ezberdinak izan arren, “helburua berbera” omen da guztietan: ikuslearekiko komunikazio bideak irekitzea. Horretarako, mezu monolitikoa proposatu beharrean, aukera ezberdinak eskaintzen ditu bere lanetan, informazio zati txikien bidez eta inoiz ez oso modu agerikoan. “Ikerketa lan etengabea eta handia dago erakusketa bakoi-tzaren atzean, baina hori lanaren oinarrian geratu behar da”, azpimarratu du. Hori dela-eta, artista irundarrak bere lan egiteko era, konzeptuala baino, “poetiko” moduan definitzen du. “Emakumea naiz, belaunaldi jakin baten parte naiz eta testuinguru zehatz batean bizi naiz. Horren guztiaren adierazpena dira nire lanak”.
Martin Larumberen lanaren oinarriak bizi-tza, gorputza eta natura dira. Jakintza arloak, berriz, margoketa eta animazio esperimentala. Arte Ederrak ikasten zegoela deskubritu zuen azken teknika hori eta geroztik bere proiektu guztietan erabili izan du. “Definizioz, marrazkiak espazioan garatzen dira; beraz, animazio esperimentalak, paperetik haragoko ideiak denbora-lerroan ere islatzeko aukera ematen dit”, nabarmendu du diziplina ani-tzak lantzen dituen artista honek. Bere marrazkietan aldaketak ere lantzen ditu. Horretarako, lerroak erabiltzen ditu, lerro horiek elkarri lotu eta, batzutan, lausotuz. “Erabateko egia ez da existitzen, bizirik egotea bera ziurtasun eza baita, etortzeke dagoen guztia, izango garena”, azaldu du artista nafarrak. Inspirazio iturriak musikan eta literaturan bilatzen ditu batez ere Martin Larumbek, baina baita zineman edota argazkietan ere. “Batzuetan, halere, inspirazioa gutxien uste duzun lekuetan aurki daiteke: beste artista ba-tzuen lanetan, pertsona batzuekin dituzun elkarrizketetan, edo baita partekatutako isilaldietan ere”, gehitu du.
Guggenheim-ekin elkarlanean Bilboko Guggenheim Museoarekin kolaboratu izan du Martin Larumbek. Pariseko Colegio Españolen eta BilbaoArten ere erakutsi izan ditu bere lanak, besteak beste. Oso positiboki baloratu ditu esperientziok, baina, hala ere, egindako artisten egoitzak azpimarratu ditu, batez ere. “Ezinbestekoak dira. Nire lan egiteko modua oso bakartia da eta, batzuetan, ez daukazu zure burutazioak norekin eztabaidatu edo partekatu”, aitortu du. Horren aurrean, egoitzetan ideia eta lan-ildo berriak erraz sortzen direla nabarmendu du. “Parisekoa bereziki ona izan zen, arlo ezberdinetako jende asko elkartu baikinen bertan. Eduki artistiko anitz barneratu nituen horri esker”, gaineratu du. Izan ere, artean, beste arlo gehienetan bezala, etengabeko formakuntza beharrezkoa dela ziurtatu du. “Ikertu eta ikasi gabe ez dago arterik. Formakuntza ere sorkuntza prozesuaren parte da”, gaineratu du.
Etorkizunari begira, artistikoki bere bidearen norantza argi dauka Martin Larumbek. “Eta horretan ari naiz”, aitortu du. Profesionalki, berriz, lan aldetik falta zaion egonkortasuna lortu nahiko luke. Hala ere, jakitun da artearen arloan lan egiten dutenentzat helburu zaila dela, “lanaren egonkortasunik eza gaitz endemikoa baita”, salatu du. Dena dela, baikor eta gogotsu hitz egiten du. “Arteaz bizi ahal izatea handizalea izatea bada, bai, handizalea naiz, horixe baita nire helburua”.