Interpretea, musikagilea eta saxofoi-jotzailea da Mikel Andueza (Lizarra, 1966). “Ororen gainetik, saxofoi-jotzailea”, zehaztu nahi izan du. Horretan sentitzen da gusturen, saxofoia eskuetan duela. Ibilbide profesional zabala eta emankorra du Anduezak, han eta hemen ibili da saxofoiaren jazz doinuak lau haizetara zabaltzen. Iaz plazaratu zuen 5 segundoro / Cada 5 segundos lana, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin batera, eta kritika bikainak jaso ditu etxean nahiz atzerrian. Lan hori biribiltzeko, “ezinbesteko” izan du bost musikariren laguntza: Gonzalo Tejada (kontrabaxua eta baxu elektrikoa), Dani Perez (gitarra), Iñaki Salvador (pianoa eta teklatuak), Chris Kase (tronpeta eta fliskornoa) eta Gonzalo del Val (bateria).
Zure ibilbide propioari dagokionez, lau disko kaleratu dituzu. Hamar urte pasa dira, hala ere, ‘5 segundoro’ eta ‘De Javier a San Javier’ diskoen artean.
Sektorearen krisia etorri zen orduan eta diskoen salmentek beherakada handia izan zuten. Zaila zen gutxieneko baldintza batzuk izatea zerbait txukuna egiteko. Horrez gain, neure buruari galdetzen nion ea zentzurik ote zuen disko bat kaleratzeak, formatu eta kontzeptuaren aldetik. Diskoek ez zutela biziraungo uste nuen, baina okertu egin nintzen. Diskoek beharrezkoak izaten jarraitzen dute, behintzat aurkezpen txartel moduan.
Bitartean, hamaika kolaborazio egin dituzu hemengo eta hango musikariekin.
Hala da. Eskertzekoa da beste batzuek nirekin kolaboratu nahi izatea, atsegin handiz egiten dudan zerbait da. Batik bat, disfrutatzen dut musikari gazteekin kolaboratzen dudanean, haien lehenengo lana edo kaleratzen dutenean, poza ematen dit. Azken finean, agertokian egiten duzun aurkezpena da lehenengo diskoa. Horrela oroitzen dut nik nirea.
Aldaketa handia dago zure lanen artean?
Bai, zeharo desberdinak dira. Bakoitzak bizi-tzako garai bat agerian uzten du, energia, jakinduria eta esperientziaren aldetik. Ez dakit bilakaerarik egon den lan batetik bestera, baina seme-alaba desberdinak bezala ikusten ditut nik.
Zertaz elikatzen da ‘5 segundoro’?
Pieza luzeak eta sendoak dira, idazten hasten naizenean abestiei amaiera ematea kostatzen zait. Jazz musikariok asko inprobisa-tzen dugunez, askotan uste dut abestiek garapen handiagoa behar dutela. Idaztea eta musika konposatzea gustatzen zait niri. Urte hauetan guztietan egindakoak bildu eta gustukoenekin osatu dugu azken diskoa. Lana kaleratzea orrialdea pasatzea izan da nire-tzat: ate bat itxi eta beste bat ireki, helduko diren proiektuetan murgiltzeko. Izan ere, grabatzeak aurrera egitera behartzen nau. Gainera, badu berezitasun bat disko honek eta uste dut entzulea hori sumatzeko gai dela abestietan. Ez da berdina musika egitea hiri handi batean eta publiko espezializatu batentzat edo, gure kasuan gertatzen den bezala, herri txiki batean eta ikuslego zabal batentzat. Desberdin idazten dugu, ikuspuntua aldatzen da eta musika beste era batean planteatzera mugitzen gaitu horrek.
Zer pentsatua ematen du diskoari izenburua ematen dion kantak. ‘Bost segundoro haur bat hil egiten da Afrikan’.
Nire haurrak txikiak zirenean idatzi nuen abesti hori. Sentikor nengoen eta egun batean irakurri nuen bost segundoro haur bat hiltzen dela Afrikan. Izugarria da. Hemen garrantzia handia dute haurrek eta Afrikan haur bat hiltzen da bost segundoro eta ez da ezer gertatzen. Oraindik jarraitzen du horrela izaten. Haur gutxi ditugu hemen eta Afrikan asko; hainbeste, ez dutela inongo baliorik. Orduan, ariketa matematiko bat egin nuen musikarekin, eta errealitate hori isla-tzea nuen xede. Lehen konpasean nota bakarra agertzen da, eta bost segundoro nota berri bat gehitzen da. Abestia hasten denean nota bakoitzak bere garrantzia du; abestia amai-tzerako orduan hainbeste nota daude, ez dutela ia baliorik eta ez dago ezta arreta jar-tzerik ere. Hori gertatzen da haurrekin. Kon-tzertuetan abesti hau jotzen dugunean giro berezia sortzen da, eta jendea konturatzen da.
Beraz, jazzak ere balio du bidegabekeriak azaleratzeko?
Bai, jazz soziala izan daiteke. Gure artean askotan egiten dugun komentarioa da, eta horrelako abestiei etiketa hori jartzen diegu. Era batean edo bestean, horrelako abestiek jendearengan eragina dute eta arazoaren jakitun egiten dira. Jendeari pentsarazten dion jazz musika, hausnarketarako tartea uzten duena. Kontzeptu arraroa da, baina genero berri bat izan daiteke.
Beste pieza batzuetan, aldiz, hemengo musika tradizionalarekin uztartu duzu jazza, ‘Axuri Beltza’-ren moldaketan edo ‘Zortziko para Mauro’-n, esaterako. Hori ere berria da.
Azkenaldian horretan sakontzen ari naiz, jazz-a eta hemengo musika tradizionala lo-tzen, uztartzen. Andaluzian, adibidez, flamenko jazzak arrakasta handia du, eta oso interesgarria da kontzeptu gisa. Hemengo musikarekin horrelako zerbait egitea gustatuko litzaiguke jazz musikarioi. Ariketa hori egiten saiatzen gara: gure lurraldeko musika hartu eta gure alorrera, jazzera, eraman. Horren emaitza da Axuri Beltza kanta
Berrasmatu behar du jazzak?
Bai, etengabe ari gara horretan. Izan ere, jazz-aren esentzia inprobisazioa da, berritasuna eta bilaketarekin batera. Betidanik erreferente izan ditugu eta izanen ditugu Ipar Ameriketako musikariak, maisuak baitira haiek honetan, baina horrela jarraitzeak ez dakit zentzu handirik duen. Gaindiezina da haiek egiten dutena; beraz, jazzaren esentzia gure inguruneari erreparatzea izan beharko litzateke. Bereak dituen funtsezko elementuekin, baina gureari begiratuz, bakoitzak eman ahal dion balio erantsiarekin, alegia. Imitatzaileak izateari utzi behar diogu. Jazzak berezko ahotsa ez badu, kontzeptua bera galtzen da. Imitazioaren muga gainditu, eta ikuspuntu pertsonala behar du.
Hemen gertatzen eta sortzen denak eragina du zure musikan?
New Yorken bizi den saxofoi-jotzaile batek ez du izanen Lizarran bizi den saxofoi-jotzaile batek duen pentsaera. Gure ingurunea desberdina da, eta ezinbestean inguruneak eragina du gure musikan. Eguneroko kontuak, tabernetan entzuten dugun musika, txaranga baten doinuak... guztiak du eragina gugan. Ez du zentzurik inguratzen gaituenari bizkarra ematea musika sortzerako orduan, imitatzaileak baino ez garelako izanen horrela. Eta niri behintzat ez litzaidake gustatuko Lizarrako jazz talde batek Cincinnatiko jazz talde baten antza izatea. Zerbait desberdina, berezkoa, behar dugu izan. Hori lortzen saiatu gara azken lanean. Hau da, gure nortasunaren nolakotasuna agerian uzten.
Bere txokoa lortu du azken urteetan jazz musikak. Nola ikusten duzu egungo egoera?
Gero eta indar gehiago du. Belaunaldi berriak gogoz datoz eta kontserbatorioko irakaslea izanik, gazteak oso ongi ari direla esan dezaket. Jazza ez da inoiz izanen masen fenomeno bat, baina afizionatuen musika da eta horrek sostengu ikaragarria ematen dio. Ez da inoiz izanen gizarteak gehien kontsumi-tzen duen musika, baina ez da inoiz hilko, nik bezalako akolitoak dituelako. Ez gara asko, baina gustatzen zaigunok bete-betean gaude honetan, nekaezinak gara. Praktikan, uste dut oso esker oneko musika dela jazza, eta interpretatzaileontzat oso musika dibertigarria eta librea. Egia da kontzertuen zirkuitua ahul dagoela, baina musikaren kalitatea oso altua da. Hori lortu dugu hezkuntzari esker, izan ere, duela zenbait urte sortu genuen jazz espezializazioa Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan eta Musikenen. Ni gaztea nintzenean pentsaezina zen hori. Jotzeko aretoak dira faltan botatzen dituguna, hori bai. Baina guztiok dakigu zer dagoen honetara dedikatuz gero. Borrokatzen jarraituko dugu.
Gazte hasi zinen musikan. Zure lehenengo instrumentua, hala ere, ez zen saxofoia izan, klarinetea baizik. Bederatzi urte zenituen orduan. Nola gogoratzen dituzu garai horiek?
Aitonak klarinetea zuen eta berak irakatsi zidan. Gerora, Lizarrako Musika Eskolan hasi nintzen, eta behin, entsegu batean, ikaskide batek saxofoi bat utzi zidan. Hartu bezain laster izugarria iruditu zitzaidan, ahots oso sendoa zuela eta oso boteretsua zela pentsatu nuen. Adolphe Sax instrumentu sortzaileak sentitu zuena sentitu nuen nik ere. Klarinete bat hartu zuen hark, metalez egin eta handitu egin zuen. Saxofoia niretzako zela argi izan nuen orduan bertan. Uste dut ahots propioa izateko instrumentu handia dela; are gehiago, pertsonalizatzeko aukera handiena duen musika tresna dela esango nuke. Alda-tzeko ahalmena du, eta hori da gustukoen dudana. Afizioa diot ofizioari. Zortea da hori. Guztiaren gainetik, saxofoi-jotzailea naiz, horrekin disfrutatzen dut gehien. Orain, gainera, ikertzaile moduan ere ari naiz. Hego Euskal Herrian egiten den jazzaren inguruan doktorego-tesia egiten ari naiz.