AIKO Taldeak urteak daramatza bere bizi-poza eta dantza zaletasuna han eta hemen zabaltzen eta kutsatzen. Dantza batez ere harremana dela sinestuta, erromeria askeak antola-tzen dituzte euskal herrietan, parte hartzaileen gozamenerako eta bisitarien harridurarako.
Beraz, proiektu horren beste pauso bat baino ez litzateke aurkeztu berri duten Jotamentala dokumentala, egitasmo handi baten barruan kokatu behar dena. Honela azaldu du asmoa, labur-labur, AIKO Taldeko Patxi Labordak: “Gure aspaldiko ideia da webgune pedagogiko bat egitea, eta horren atal bat baino ez da dokumental hau. Jotamentalan dantza honen izaera eta historia esplikatu nahi dugu, batzuen eta besteen testigantzak bilduz. Aurrerago, eta webgunearen bitartez, hobeto azalduko ditugu jotaren ezaugarriak, pausoak eta doinuak, modu grafiko eta didaktikoan”. Plataforma horretan grabazioak, partiturak, idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak, ariketak, pausoak eta dantza herrikoi honi buruz ekarpena egin dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da. Euskaraz eta gaztelaniaz egindako film dokumentala da Jotamentala, eta 50 minututan jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du, dantza tradizional horren jatorritik hasi, bilakaeratik eta aldaeretatik igaro, eta gaur egungo egoeran eta aurreikusten zaion etorkizunean amai-tzeko. Esan gabe doa filmaren jatorria AIKO Taldeak jotaren aurrean duen debozioan dagoela. Beraiek erabateko dantza bezala definitzen dute jota: “Jatorrian Elizak bekatuzkotzat hartu zuena eta euskal nazionalismoak garbi eta kasto bilakatua, landa inguruko munduari lotua, betidanik hirikoa izan den eta den arren, etengabe berriztatzen dena eta gaur egun erabat indarrean dagoen kultur adierazpena”. AIKO Taldeko kide Sabin Bikandi erabat maiteminduta dago dantza molde honekin, “dituen erritmoengatik, ematen dituen aukerengatik”. “Gure errepertorioko kutunena da, jendeak gehien eskatzen duena”, dio txistulari eta musikagileak. Baina ez dute bakarrik horigatik hautatu: “AIKOren dantza ulertzeko modua adierazten duen dantza motarik egokiena da jota. Harremana da, bikote dan-tza, jolaserako eta inprobisaziorako bidea, eta horrek aukerak biderka-tzen ditu, dantzariarentzat zein musikariarentzat”. AIKO-ko kideez gain, Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzariek eta koreografoek eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako folklorearen ikerlariek eskaintzen dituzte euren testigantzak AIKOren eta Bideografik Ekoizpenak etxearen artean ekoiztutako Jotamentala lanean. Dokumentala otsailaren 12an estreinatuko da, arratsaldeko 19:30ean eta Bilboko EHUko Bizkaia Aretoaren Auditorioan. Sarrera librea izango duela diote antolatzaileek, baina sartzeko gonbidapena beharrezkoa izango da. Gasteizen ere estreinatuko da.
‘bekatuzko’ eta hiritarra AIKO-ko kideek behin eta berriz azpimarratzen dutenez, banaka eta bikoteka egiten den erabateko dantza da jota, “aldi berean iradokitzeko, jolasteko eta gorteatzeko aukera ematen duena”. Eta etengabe eguneratzeko eta berriztatzeko aukera ematen duenez, erabateko indarra eta gaurkotasuna duen kultur adierazpena bilakatu da.
Atzerriko eta bekatuzko dantza izatetik euskal dantza kasto eta garbia izatera pasa zen, abertzaleen bedeinkazio guztiekin. “XIX. mendearen amaieran dantza bekatuzkotzat eta erotikotzat ikusia izan zen, eta XX. mendean bertako dantza kasto eta garbiaren sinbolo bilakatu. Horrela, dokumentalean parte hartzen duten aditu eta ikerlari ugarien ekarpenek jotaren errealitatearen ikuspegi askoz ere zabalagoa, aberatsagoa eta anitzagoa ematen digute”, azaldu dute egitasmoaren babesleek.
Eta atzerritik heldu zitzaigun dan-tza molde berria. Jotamentalan ager-tzen den Iñaki Irigoyen soziologo eta dantza ikertzaileak ez du zalantzarik: “Andaluzia edo Valentziatik etorri zi-tzaigun, eta badakigu duela 200 bat urte euskaldunek dantzatzen zutela; gurean herriak moldatu egin zuen jota. Baina inportanteena ez da nondik etorri zen, baizik eta hori, herriak bere egin zuela jota”. Berak plazetan eta erromerietan ikasi zuen fandango edo jota dantzatzen, baina Irigoyenek dio XVIII. mendean jendeak leku askotan dantzatzen zuela: “Basaurin, Abandon, toki askotan dantzatzen zen, panderoa lagun. Orain plazetan ez du ia inork dantzatzen, eta gu berriro hasi gara erromeriak antolatzen, ohiturari eusteko. Eta, dantza hedatu nahi badugu, lengoaia erraz bat asmatu behar dugu dantzarako, txapelketatan ikusten denaren guztiz kontrakoa”. Beti Jai-Alai taldeko zuzendari Jon Pertika ere Iriondoren lerrokoa da. Gainera, Bilboko dantza maisuak jota hiritarra dela defendatzen du: “Normala denez, garai batean hiriburu handietatik sartzen ziren dan-tza berriak, eta gero herrietara zabaldu. Bilbon aspalditik egin izan da jota, eta nik neuk ere ikusi dut jendea dantzatzen, Casillan. Orduan bai, dantzari gehienak Arratiako langileak ziren. Gogoratzen dut ondo Txilibrinen eskutik ikasi genuela, berak dantzatzeko zuen abilezia eta modu diferente eta eder horrekin. Orain, ikusten ditut telebistan ematen dituzten txapelketak eta iruditzen zait guztiek dantzatzen dutela berdin. Gehiago gustatzen zait erromeriak ematen duen askatasuna, bakoitzak bere ekarpena egin dezan”.
Bistakoa denez, testigantzak biltzeko orduan AIKOk ahalegin berezia egin du, euren esperientzia eta ibilbidea kontuan izanda, jotari buruz zer esan handia duten ahots garrantzitsuak elkartzeko. “Dantza herrikoiaren erretratu aberats eta inpresionista horretan, bakoitzak, folklorearen adierazpen horren dimentsio anitzeko ikuspegia aberasten duen ikuspuntua ematen du”, adierazi dute egileek.
Horrezaz gain, filmak, Iberiar penintsulako eta Hego Ameriketako lurralde askotako folklorean eta tradizioetan agertzen den dantza herrikoi honen kulturartekotasuna azpimarratzen du. “Jotaren ibilbideak norberaren kultura bestearen ikuspegitik berrikustera eta forma aldetik dituen adierazpen ugariak aztertzera behartzen gaitu. Euskal Herrian, adibidez, jatorriz zuen gorteatzeko funtzioaren lekua euskal nazionalismoak eman zion funtzio sinbolikoak hartu zuen, eta, aldi berean, estiloa ere aldatu egin zuen, balletetik gertu zeuden formak jasotzeko”, azaldu dute AIKOkideek. Azken hamarkadatan, baina, balioa eman zaio jatorrizko estiloari: bikotearekin egiten den jolasa, musikaren eta erritmoaren garran-tzia, inprobisazioa, eta baita pausoan eta lurrean egiten den dantzaren teknika tradizionala ere.
Adituen iritziarekin batera, Jotamentala lanak balio estetiko handia duten sekuentziak eta irudiak eskaintzen ditu, “musikaren eta mugimenduaren bitartez hitzak gainditzen dituzten kontzeptuak eta sentimenduak transmitituz”. Laburbilduz, batez ere komunikazio ariketa gisa ulertzen den dantzaren ideia ematen du film berriak. Baionako, Hernaniko, Donostiako, Bilboko, Durangoko, Areatzako eta Zeanuriko hainbat lekutan filmatu den Jotamentalan nabarmentzekoa da artxibategietan aurkitutako material baliotsua erakusten duela, argazkiak eta filmak, Kutxaren artxibategian, Gipuzkoako Artxibategi Orokorrean edo Bilboko Euskal Museoan jasotakoak, besteak beste.