Síguenos en redes sociales:

Sonic trikuaren mende laurdena

Bideo-jokozale guztiek ezagutzen dute Segaren maskota ezaguna: sekulako abiaduran korrika egiten duen triku urdina, Eggman doktoreak bere robotekin egin nahi dituen plan maltzurrak zapuzten dituena. Bideo-jokoen mundu mailako ikur honek aurten bete ditu 25 urte

Sonic trikuaren mende laurdena

Segak 1991an sortu zuen Sonic. Maskota hau sortzearen helburua garai horietan Nintendok bideo-jokoetan zuen monopolioarekin amaitzea zen, eta, neurri batean, lortu zuten: Sonic trikua Mario bezain ezaguna bilakatu baitzen mundu mailan. Triku honen lehenengo jokoa Sonic the Hedgehog plataforma jokoa izan zen, Mega Drive kontsolarako kaleratua. Joko honen arrakastaren ondoren beste hainbat etorriko ziren jarraian: Sonic 2, Sonic 3, Sonic & Knuckles eta Sonic CD, besteak beste.

Zoritxarrez, arrakastak ez zuen asko iraun. Segak arazo handiak eduki zituen bere maskota hiru dimentsiotara moldatzeko. Sonic 3D Blast jokoak (Mega Drive) kritika txarrak jaso zituen eta, hori dela-eta, Saturn kontsolarako ez zen inoiz trikuaren jokorik kaleratu. Zorionez, Dreamcast kontsolarako kalitatezko lehenengo 3D jokoa iritsi zen: Sonic Adventure. Erabiltzaile eta prentsaren aldetik kritika onak jaso ondoren, trikuak bideo-jokoetan zuen tokia berreskuratu zuen. Joko honek jarraipen bat ere eduki zuen: Sonic Adventure 2. Nahiz eta joko hauen kalitatea altua izan, trikuaren diseinu berria ez zen denon gustukoa izan.

Dreamcast kontsolaren salmenta txarren eta Segaren arazo ekonomikoen ondorioz, enpresa honek kontsolen merkatua alde batera utzi behar izan zuen eta konpetentziako kontsoletarako bideo-jokoak egiten hasi zen. Hor ditugu Sonic Heroes eta Shadow the Hedgehog, baina joko hauek jasotako kritika onak ez ziren asko izan.

Gainbehera berriz ere bazetorrela ikusita, 15. urteurrena ospatzeko berrabiaratzea bat prestatu zuen Segak. Joko berri honen izena Sonic the Hedgehog izan zen, lehenengo jokoaren izen berdinari kolpez. Jokoan grafiko errealistak erabili zituzten, baita trikuaren diseinu berri bat ere. Zoritxarrez, jokoa ez zen garaiz amaituta egon urteurrenaren ospakizunerako, eta ondorioz bukatu gabe kaleratu zen. Espero bezala, kritika latzak jaso zituen.

Egindako kaltea konpontzeko asmoz, Sega trikuaren aurreko jokoetako gauza onak berreskuratzen saiatu zen hurrengo jokorako. Sonic Unleashed jokoa 3D eta 2Den arteko nahasketa bat dugu, eta berriz ere trikuaren diseinu berri bat dakar. Joko honek ez zituen kritika gogorrak jaso, baina oraindik akats ba-tzuk zituen. Behin akats hauek konponduta, bi maisulanekin gozatu ahal izan genuen: Sonic Colours jokoa, batetik; eta 20. urteurrena ospatzeko Sonic Generations, bestetik.

Zoritxarrez, ondoren kaleraturiko jokoak ez dira onak izan. Sonic Lost World jokoak kritika makalak jaso zituen, eta Sonic Boom jokoak, berriz, oso txarrak. Aurten, 25. urteurrena ospatzeko, joko bat dago bidean, baina oraindik ez dakigu ezer honi buruz. Merezi duen urteurrena ospatzeko joko duin bat izango ote den ala berriro ere joko txar baten aurrean egongo ote garen Aste Santuaren aurretik jakingo dugu.